“Guztiona da orkestra, denek sentitu behar dute hurbil”

“Guztiona da orkestra, denek sentitu behar dute hurbil”

Kattalin Barber

Konpositorea, irakaslea eta Nafarroako Orkestra Sinfonikoko zuzendarikidea da Jesus Etxeberria (Erriberri, 1963). Bi urte daramatza orkestra zuzentzen; helburutzat hartu ditu musika klasikoa Nafarroa osora hedatzea eta herrialdeko konpositoreen berri ematea.

Lesakan eta Altsasun egon berri da Nafarroako Orkestra Sinfonikoa. Zer moduz?

Publiko guztientzat errepertorio klasiko zabaleko kontzertua eman dugu bi herrietan. Musika guztiona eta guztiontzat dela sinetsita, orkestrak Nafarroako herrietan emanaldiak eskaintzen ditu, musika klasikoa gizarteratzeko eta zabaltzeko asmoz. Plazera izan zen Lesakan eta Altsasun jotzea, eta jendearen erantzuna bikaina izan zen. Txalo zaparrada beroak jaso genituen.

Esan izan duzu Nafarroa osora eraman nahi duzula orkestra. Hori da kontzertuon xedea?

Erriberrikoa naiz. Nire herrira behin bakarrik etorri da orkestra, orain dela 25 urte; nik eraman nuen. Egoera hau ez da bakarra. Azken urteotan konturatu gara orkestrak Iruñean bakarrik jotzen duela, eta hori aldatu nahi dugu. Nafar guztiona da orkestra, ez soilik irundarrena. Hortaz, nafarrontzat izan behar du, eta nafarrek hurbil sentitu behar dute orkestra. Horixe da nire lana. Ezin dugu toki guztietan jo, baina bai eskualde bakoitzeko herri handienetan. Azken urteetan, orkestra hainbat herritan egon da lehen aldiz: Tafallan, Corellan, Altsasun, Lesakan, Erriberrin… Bide horretan jarraitu behar dugu.

Herri gehiagotan izanen zarete denboraldia amaitu arte?

Bai, ekainaren 16an Erriberrin emanen dugu kontzertua, eta horrekin denboraldiari amaiera emanen diogu. Tuteran ere egonen gara urri aldera. Gainera, tokian tokiko erakunde kulturalek gurekin bat egin dezaten saiatzen gara. Tuteran, adibidez, Gaztanbide abesbatzak gurekin abestuko du. Erriberrin, berriz, Jesus Garcia Leoz herriko konpositoreari omenaldia eginen diogu. Horrelako kontzertuak dagoeneko egin ditugu Elizondon, Irunberrin eta Tafallan. Aberasgarriak dira oso.

Orkestra gizarteratu nahi duzue. Lortzen ari zarete?

Lanean ari gara. Gainera, orkestrak, funtzio kulturala izateaz gain, funtzio pedagogikoa ere izan behar du. Entzuleei azaldu behar zaie zer den orkestra bat, zer den sinfonia bat, eta errepertorio klasikoa eta ez klasikoa ezagutarazi. Orkestraren egiteko nagusietako bat musika klasikoa zabaltzea da. Kontzertu gehienetan, joko diren piezen inguruko azalpen laburra eman ohi dut, interpretatu aurretik. Garrantzitsua da, eta nik uste dut publikoak eskertzen duela.

Nafarroako Orkestra Sinfonikoaren bidez ere hemengo konpositoreak sustatzen saiatzen zarete?

Bai, hori da esku artean dudan beste lanetako bat. Izan ere, Nafarroako konpositoreak urte luzez ahaztuta egon dira, eta balioa eman behar diegu. Orkestra ez bada gai gure musikagileak ahanzturatik ateratzeko, nork eginen du? Ez du beste inork eginen. Argi dago, gainera, konpositorerik gabe ez dagoela orkestrarik. Gurean maila handiko konpositoreak ditugu: Eslava, Gorriti, Gaztanbide, Aldabe… Hemengo idazle eta konpositoreen obrak interpretatu behar ditu orkestrak.

2015-2016ko denboraldiaz geroztik zara Nafarroako Orkestrako zuzendarikidea, baina aspalditik ezagutzen duzu orkestra. Nola ikusten duzu haren bilakaera?

1988an eman nuen nire lehen kontzertua orkestrarekin, eta ordutik 200 bat kontzertu zuzendu ditut. Kontzertu gehien eman dituen zuzendaria naizela uste dut. 15 urte atzerrian egon naiz beste orkestra batzuk zuzentzen, baina itzuli nintzenetik oso gustura nago Nafarroako Orkestra Sinfonikoan. Zeharo aldatu dira garaiak. Ezagutu nuenenean, orkestra amateurra zen, musikariek ez zuten ezer kobratzen, eta gauez egiten zituzten entseguak. Orain, egoera irauli da, orkestra egonkorra da, musikari profesionalak daude, eta oso ongi jotzen dute.

Nolakoa da harremana Nafarroako beste erakunde musikalekin?

Harremana dugu, baina ez beharko genukeena. Iruñeko Orfeoiarekin askotan aritzen gara, baina kalitatezko beste batzurekin egon behar du ere orkestrak: Iruñeko Ganbera Abesbatzarekin, Nafarroako abesbatzekin, Nafarroako bakarlariekin… Lan handia dugu egiteko!

Zure ustez, zer-nolako dimentsioa eman behar zaio Nafarroako Orkestra Sinfonikoari?

Nafarroan aritzea garrantzitsua da, baina baita hemendik kanpo joatea ere. Bidaia horiek ahotsa ematen diote orkestrari, eta horrela ezagutzen gaituzte. Hemen eta hemendik kanpo, Nafarroako konpositoreak sustatzea ezinbestekoa da. Hemendik gutxira, adibidez, Errenteriako Musikaste jaialdira goaz, eta, hango kontzertuan, hiru nafarren musika interpretatu behar dugu.

Azken urteak ez dira errazak izan, eta egoera ekonomikoak erabat baldintzatu du zuen ibilbidea. Nolakoa da giroa gaur egun?

Baikorra naiz, eta uste dut ongi ari garela. Kudeatzaile berria dugu, eta elkarren ondoan ari gara lanean. Ideiak argi ditu, eta baliabideak optimizatu ditu. Urte gutxiren buruan egoera guztiz egonkorra izanen dela ziur naiz. Egia da mugatuta gaudela, aurreko kudeaketa ez zelako onena izan, baina uste dut bide onean goazela. Musikarien artean ere hobera egin du giroak.