Nafarroako idazleen loraldia

Kattalin Barber

Etenik gabeko emaria du Nafarroako literaturak gaur egun. Inoiz baino idazle eta lan gehiago daude herrialdean, eta horren adibide da sortu berri den Nafarroako Idazleen Elkartea. Aurkezpen gisara, eta Liburuaren Eguna ospatzeko, elkarteak Norantz doa literatura Nafarroan? mahai ingurua antolatu zuen joan den astean. Nafarroako literaturaren indarguneak eta ahuleziak hizpide izan zituzten, eta mahai baten bueltan bat egin zuten hainbat idazlek, liburuzainek, editorek, liburu saltzailek eta kazetarik.

Hizlari guztiek bat egin zuten auzi batean: elkarlana ezinbestekoa dela nabarmendu zuten, Nafarroako literaturari bidea eman nahi bazaio. “Liburuei eusten diegunak gara, talde bat gara, eta gure artean koordinatzea ezinbestekoa da”, adierazi zuen Nieves Garcia Nafarroako editoreen elkarteko kideak.

Literaturaren erronkak, indarguneak, saiakera, poesia eta narrazioetan lantzen diren gaurkotasun gaiak landu zituzten, besteak beste. Jesus Barcos kazetariaren gidaritzapean, liburu saltzaileen ordezkari den Patxo Abarzuzak, Nafarroako editoreen taldeko Nieves Garciak, Mikel Zuza idazle eta liburuzainak eta Fatima Frutos Nafarroako Idazleen Elkarteko lehendakariak parte hartu zuten mahai inguruan.

Garai onak dira literaturarentzat. Hainbat adituk diote literatura bazter fenomenoa izanen dela etorkizunean, baina alde batera utzi zuten hipotesi hori hizlariek. Nafarroako orain arteko errealitateak bestelako egoera uzten du agerian: idazle asko daude, eta kalitate handikoak, gainera. Horrela mintzo zen Frutos, eta baikor agertu zen gaur egungo egoerarekin. “Loratzen ari den literatura da Nafarroakoa: literatur genero guztiak lantzen dituzten idazleak ditugu, askotarikoak, eta maila handikoak”, ziurtatu zuen. Literaturaren “osasun onaren” seinale ere izan da sortu berri duten elkartea, eta etorkizuna bermatzeko literatura “zaindu” behar dela uste du. “Bat egin behar dugu idazleok, eta prestigioa eman liburuei eta literaturari; horretarako sortu gara, Nafarroako hitzei indarra emateko”.

Adierazi zuenez, gaur egungo belaunaldiek aurreko belaunaldiak izan dituzte iturri, eta Javier Mina, Carlos Bassas eta Miguel Izu idazleak jarri zituen adibide gisa. Arlo ekonomikoan ere aurrerapausoak eman direla erran zuen, eta Nafarroak jarduera ekonomikoen gaineko zergan idazleentzako berezko epigrafe bat sortu duela gaineratu zuen.

Literaturaren arloan jarduten direnen eskubideak defendatu nahi ditu Nafarroako Idazleen Elkarteak. Frutosek azaldu zuen moduan, Nafarroan euskaraz eta gazteleraz eginiko literatura sustatu eta hedatzea da elkartearen helburua, egile nafarrei bultzada emateaz gain. “Kolektibo zaurgarriei gure literatura helaraztea ere bada gure helburua; literatura eskuragarria eta hurbilekoa izatea”.

Mikel Zuza idazle eta liburuzainak egunero ikusten du bere lanean zer-nolako liburuak hartzen dituzten. Genero beltzaren arrakasta nabarmendu zuen: “Nafarroako idazle askok heldu diote eleberri beltzari, eta harrera ona dute. Beste generoei gehiago ari zaie kostatzen: ipuinek ez dute lortzen ia arrakastarik, eta eleberri historikoek beti pizten dute interesa”. Frutosek bezala, idazleen boom-a gertatu dela iritzi dio: “Aberasgarria da oso, baina testuinguru honetan idazleari balioa ematea eta irakurlea erakartzea dira lehentasunak”. Bide horretan, Nafarroako idazleak gehiago sustatu behar direla eta egoera hobetzeko instituzioen bultzada beharrezkoa dela ohartarazi zuen.

Teknologia

Teknologia berriak, liburu elektronikoak eta ohiko liburuak hizpide izan zituen Nieves Garcia Nafarroako editoreen taldeko kideak. Enpresa teknologikoak “indar handiz” ari dira sartzen liburugintzaren esparruan, baina bata bestearekin bizitzeko aukerak badituztela nabarmendu zuen. Kontent azaldu zen urteetako gainbeheraren ostean gero eta liburu gehiago saltzen direlako. Zuzarekin bat egin zuen Garciak, eta sortzaileei behar duten balioa ematea da, haren aburuz, falta dena: “Errespetua zor diogu idazleari”. Sektorearen barruan “harreman hurbilak” izatea oso garrantzitsua dela esan zuen: “Liburu saltzaile batek liburuan sinistea lortzen baduzu, arrakasta ia ziurtatua duzu”.

Azken horiek ere izan zuten ordezkaritza Kondestablearen jauregian antolatutako mahai inguruan. Patxo Abarzuzak liburu denden egoera eta sektorearen “argi-ilunak” izan zituen ahotan. “Posible da literatura egotea liburu fisikorik gabe, liburu dendarik gabe, argitaletxerik gabe eta liburutegirik gabe. Baina liburua da literaturaren euskarria, eta nik ezin dut etorkizuna ikusi libururik gabe”. Liburua betidanik “krisi endemiko” batean dagoela adierazi zuen, eta egungo krisia eta digitalizazioa aipatu zituen arrisku gisa. “Doako liburuek gainbehera ekarriko dute. Liburu dendek galduko dute, argitaletxeek ez dute editatuko, eta idazleek, beste aukerarik ezean, Interneten jarri beharko dituzte haien lanak”. Horrez gain, eskoletan eta liburutegietan liburuak erosteko aurrekontu publikoa “eskasa” dela iritzi zion.

Hala ere, kezkaz harago baikor agertu zen Nafarroako idazleei buruz hitz egitean. “Inoiz ez da izan Nafarroan horrelako egoera mesedegarri eta onuragarririk idazleen aldetik. Sostengu handia dute idazleek, eta talde bateratua dago”.