Iritzia: Indar bat dabil hemen

Lur Albizu Etxetxipia

Ez dakit zehazki noiz hasi zen dena. Gogoan dut feminista izatea ez nuela zalantzan jartzen, baina aparteko garrantzirik ere ez niola ematen. Hala zen (nintzen?), eta kito. Baina uste dut Gasteizko ostegun batean hasi zela dena. Ostegunen batean edo astelehen, astearte, asteazken batean, eguneko edozein ordutan hitzak ardoz bustitzen genituen iluntze eta gau horietakoren batean. Edo nire lehenengo GUETen jaialdian. Feminismoa pentsatzen baino gehiago, sentitzen hasi nintzela esanen nuke.

Hortik aurrera hasi zen beste sentsazio bat: mundu berri zoragarri bat ari nintzen deskubritzen. Liburuak, lagunak, helburuak, kideak, taldeak, proiektuak, hitzak, dantza, dokumentalak, ametsak. Horrekin batera heldu ziren beste hainbat hitz eta errealitate nire bizitzara: zapalkuntza(k); batzuetan errealitatea betaurreko moreekin ikustean sentitzen ditugun amorrua, frustrazioak, minak, haserreak. Eta elkartasuna, hausnarketak, konexioak, begiradak, dantza gehiago, amets berriak, batzarrak, DJak, zalantzak, barreak, oihuak, musuak, babeslekuak, negarrak, eztabaidak, beste kide batzuk, beste lagun batzuk… elkarlana. Aniztasuna. Lana. Borroka.

Emakume Langileen Nazioarteko Egunak, sexu aniztasunaren eguna, emakumeon kontrako indarkeriaren aurkako egunak, GUETen jaialdiak, Emakumeen Mundu Martxa, topaketak, Feministok Prest, jaietako egun moreak, gauetako manifestazioak… Momentuak, egunak eta asteak eman dizkit.

Bidelagun asko eman dizkit feminismoak. Seguru nago oraindik berri asko ditudala ezagutzeko. Bide hau edertzen lagundu didaten pertsona eta kolektibo asko aipatu beharko nituzke, baina, egutegia begiratuta, bihar Berriozarren egonen direnak aipatu nahi ditut. Bilgune Feminista, zuen lan guztiagatik: isilean eta zarataka, eder, itsusi, haserre, pozik, maltzur, zintzo, ero, gazi, gozo, gorputz eta buru, ezkutuan eta azalean, barrurantz eta kalean. Emakume*, feminista, abertzale. Nahasketa hori guztia hain eder eta erraz(ago) egiteagatik.

15 urteak ospatzen ari da Bilgune Feminista. Biharko egitarau betean ez da ezer faltako: mahai ingurua, bazkaria, tailerrak, kale okupazioa, ekitaldia, kontzertuak eta festa… Trantsizio feminista eta boteretzea, nekazaritza, proiekzioak, sorkuntza, identitateen arteko jolasa, iruditegia, autodefentsa, prekaritatea… Eztabaidatzeko eta ikasteko, trukerako, bide berriak irekitzeko eguna izanen da biharkoa. Feminismoa, nire ustez, zerbait bada, komunitatea da. Oso komunitate askotarikoa; mugimendua. Kolektiboak hartzen duen pisuak eta indarrak egiten gaituzte gu; osatu naute ni behintzat. Konbentzituta nago oso pertsona diferentea nintzatekeela feminista ez banintz, prozesuan ez banengo, nire gorputzaren parte sentituko ez banu.

Euskal Herria feminismotik eraikiko dugu, eta eraikitzen ari gara, boteretzea ardatz hartuta. Borrokan eta lanean jarraituko dugu.

Indar bat gara gu. Indar batzuk gara gu! Urte askotarako, Bilgune Feminista.