Iritzia: Gaztetxeez

Saioa Alkaiza

Akorduan du Anek lehenengo batzar hori, bilerara sartu eta eztulka hasi zenekoa, eta geratu ezinik egon zena, ia itolarriz eta lotsaz gorritu arte; baina, batez ere, gogoan du lehen aldi hori, borobilean eseri eta ezinegon guztiak gaindituta, bertaratu zelako. Grabatuta dauka hitza hartu zuen lehendabiziko batzarra, lau hilabete eta erdi pasa zirela, eta inauterietako festetarako dekorazio ardura bere gain hartu zuela. Dar-dar egin zioten belaunburuek, gainontzekoek haren hitzak goxo jaso zituzten arte.

Xabatek gogoan du bera sartu zenerako jada husteko arriskuan zegoela gaztetxea, zaharrenak aztoratuta zeudela, “ez dira pasatuko” esaten zutela ordu erdiro, eta hark ez zekiela oso ongi neurria nola hartu, ezta zein doinutan hitz egin ere bera hor zegoela ohar zitezen. “Ez dira pasatuko” horiek, ordea, lehenengo aldiz, egiatan gauzak aldatzeko gaitasuna eta ahalmena zeukala sinetsarazi zioten.

Eneritzek bizikletak konpontzen ikasi zuen gaztetxean; Jokinek kapitalismoa suntsi daitekeela, eraitsi; elkar laguntza sareak existitzen direla, Amaiak; baratze bat asfalto artean haz daitekeela Mirenek; ekonomia buruz behera jar daitekeela, Ametsek; zineforumek alegiazko mundu bat marraz dezaketela, Alexek; Nahiak, serigrafia batek edozein publizitate hesik baino mezu indartsuagoa zabal lezakeela; elkartasuna begirada huts batez eraikitzen dela, Arnaitzek; Julenek, errealitatea egunero egiten dugun hori dela.

Beñatek lehendabiziko aldiz eman zuen muxu, punk kontzertu zaratatsuegi batek soinu banda jartzen zion bitartean; barrenak zintzurrean sentitu zituen Junek, sirena hotsak entzun zituenean, hutsaraztearen bezperan, eta sekula ez bezala tinkatu zituen gorputzeko muskulu guztiak, horrenbeste, ezen, une batez, sinetsi egin baitzuen gera zitzakeela ere; ilusioa zer den dastatu zuen Urek diskoan baino ezagutzen ez zuen talde hori oholtzara igo zenean; eta Maiderrek bere burua deskubritu zuen, ordura arte logika izendatu zuen hori otzan eta lasai mantentzeko tresna bat baino ez dela ikusterakoan.

Gizon bat azaldu zen behin: orubearen jabea omen. Begirada trajea bezain grisa zuen. Eta asmoa, bihotza bezain beltza. Eta mintzatu zen jabetzaz eta eskubideez, eta gaztetxeko kideek ikusten zuten espekulazioaz eta aberastasunaz ari zela, baina beste hitz batzuekin. Aipatzen zituen lokala eta okupak, berez aitatu nahi zituen arren pribatutasuna eta zibismoa. Nagusia zein zen galdetu zuenean, berriz, han jaberik ez zela esan zioten gaztetxeko kideek, nahiz eta trajedunaren buru karratuan basamortuan hazitako balea baten gisakoa zen hori.

Behin, gaztetxeko kideak bota zituzten denentzako eraikitako lokaletik: mundu bat izan zen hustu zutena; mundua aldatzeko barne unibertso asko hustu zituzten. Nolanahi ere, sekula berdina izanen ez zen zerbait aldatua zegoen jada bertatik pasatu ziren guztien barrenetan, atzera-bueltarik ez zuen zerbait, hain justu. Eta inork hustu ezinen zuena.