Kezka billabesekin

Kezka billabesekin

Kattalin Barber

Martxoaren 9an jaso zuen Iñaki Ibarrola TCC enpresako mekanikari ohiak kaleratze gutuna. Agiriak dionez, enpresarekin konfrontazioak izateagatik eta gaixoaldi baten ondorioz egun bat beranduago lanera joategatik kaleratu dute. Baina Ibarrolak argi du beste zerbait dagoela kaleratzearen atzean. Langile ohiak behin baino gehiagotan zalantzan jarri ditu Iruñerriko autobus publikoen konpontze eta mantentze lanak, eta “gehiegi hitz egiteagatik” kaleratu dutela uste du. LABek langilea berriz hartzea exijitu dio enpresari.

Iruñerriko garraio publikoaren ardura du TCC enpresa pribatuak. Konpainia horrek 2012. urtean hartu zuen garraio publikoaren kontzesioa, 2019ra arte. “Ni ez naiz isilik gelditu, nire lana behar bezala egin nahi dudalako eta nire profesionaltasuna defendatu nahi dudalako”, dio Ibarrolak. Azkenaldian, gainera, autobus publikoetan “gorabeherak” izan direla jakinarazi du. “Orain dela gutxi, Zizurren billabesa bat irauli zen, motorrak lehertu dira, apurtutako gurpilen bat… Denetarik izan dugu”. Argi du Ibarrolak zein den egoera: “Dirurik eta aurrekonturik ez dagoenez, pieza kaskarragoak jarri behar ditugu autobus publikoetan, eta konponketak ez dira behar bezala egiten”.

Ibarrolak aski ongi ezagutzen du zein den Iruñerriko Mankomunitatearen autobusen egoera. “Autobusek jasotzen duten mantentze lana ez da nahikoa, eta horrek ondorioak eta kalteak dakartza”. Orain dela urte batzuk, greba mugagabea hasi zuten TCCko langileek beste lan hitzarmen bat lortzeko eta soldatetan murrizketa gehiagorik ez egiteko. “Egoera ikusirik, enpresaren erantzun bakarra soldatak murriztea eta bidaiariek ordaindu beharreko kopurua igotzea izan zen. Oraingoan, beste alderdi bati eraso egin diote”, azaldu du Ibarrolak.

Carlos Elizalde TCC enpresako marketin eta komunikazio arduradunak azaldu duenez, kaleratzea “diziplina arrazoiengatik” izan da, eta ez du eman xehetasun gehiagorik. Haatik, ziurtatu du TCC enpresako ibilgailu guztiek kalitate kontrol “egokiak eta etengabekoak” pasatzen dituztela. “Gainera, azken urte eta erdian, enpresak autobus flota berritu du %20an. Matxurak murriztea lortu dugu, eta kalitate eta segurtasun neurriak hobetzea”, adierazi du.

“Kaleratze bidegabea”

Ibarrolak berak eta LAB sindikatuak ez dituzte ulertzen kaleratzearen arrazoiak, eta, alde guztietatik, “kaleratze bidegabea” izan dela diote. Izaskun Juarez LABeko garraio arduradunak dio kaleratzearen arrazoiek ez dutela funtsik. “Kontu bat da langilea bat ez etortzea enpresak hartutako erabakiekin eta enpresaren filosofiarekin, baina enpresak agintzen duen bezala aritu da langilea”. Adierazi dutenez, TCC enpresan inoiz ez da egon diziplina arrazoiengatik kaleratzerik. “Zeintzuk dira arrazoiak? Langile batek zalantzan jarri dituela autobusen mantentze lanak eta konponketa moduak?”. Ibarrolak eta Juarezek salatu dute enpresak gastuak merkatzen dituela segurtasun neurrietan murriztuz, eta hori “onartezintzat” jo dute.

Iruñerriko Mankomunitatea ere egoeraren arduraduntzat jo du Ibarrolak. “Denon diruarekin ordaintzen dio erakunde horrek TCC enpresari; mankomunitateari dagokio kontuak eskatzea eta autobusen mantentze lanen segimendua egitea”.

Iruñerriko Mankomunitatearekin bildu dira TCCko langile batzordea eta enpresa bera. Ibarrolak ere asmoa agertu du beraiekin batzartzeko. “Oraingoz ez da aldaketarik egon; enpresak langileari kalte-ordaina eman nahi dio, baina guk berriz hartzea nahi dugu”, azaldu du Juarezek. Enpresari eskatu diote, gainera, beharrezko neurriak har ditzala, eta behar den dirua gasta dezala autobusak konpontzeko. Zerbitzu publikoa den heinean, “eredugarri” izan behar duelako.

Duela sei urte hasi zen Ibarrola TCCn lanean, eta orain arte ez du inolako hutsik izan. “Bat-batean hau gertatu zait”. Jazotakoa lau haizeetara zabaldu nahi dute, eta mobilizazioak iragarri dituzte. Hilaren 17an, Lleida eta Bartzelonara eginen dute bidaia, han baitu Moventis taldeko TCCk egoitza nagusia. “Langilea berriz hartu arte ez gara geldituko”, dio Juarezek.

2019ra arte du TCC enpresak Iruñerriko garraio publikoaren ardura, eta orduan autobusen egoera “ezin kaskarroagoa” izanen dela uste du LABek. “Murrizketak egin ditu enpresak, dirua poltsikoan sartzeko”. Berdin mintzatu da Ibarrola: “TCCk irabazi behar zuena irabazi du, eta ez du gehiago gastatuko. 2019an, flota zahar bat utziko du; ia erabili ezinen diren autobusak”.