Euskararen mugak

Lohizune Amatria

Inoiz zalantzan jarri ez dudan erabaki bati buruz galdetu zidaten aurrekoan. Euskaraz egin ditut ikasketak, horrek nire formakuntza prozesuan edota ezagutza mailan gabeziarik eragingo ote zuen ezbaian jarri gabe. Guraso batek bota zidan galdera; alaba D ereduan du: “Damutzen al zara ikasketak euskaraz egiteaz?”. Harritu ninduen galderak. “Ez. Zergatik damutu behar dut?”, esan nion. D ereduan ikasteak euskara ez diren beste hizkuntzak ez menperatzea ote dakarren galdetzen zion bere buruari. “Sumatu al duzu gaztelaniaz egin edo idaztean gabeziarik?”.

Ingelesez irakasten duten eskolaren batera seme-alaba eramaten duen gurasoak, segur aski, ez lidake galdera botako. Baina, euskararen kasuan, zenbatetan entzun ditugu halakoak? Gaztelania bultzatu eta babesten duen gizarte batean gara, gaztelania nahitaez ikasi behar dugu. “Ikasketak euskaraz egitea inoiz hartu dudan erabakirik onena izan da”, argi esan nion. Hizkuntzek berez ez dute mugarik, ezartzen dizkiegunak bakarrik.

Ez da ausazkoa izan gertaera hori orain gutxi gertatzea. Pil-pilean baitaukagu euskararen ofizialtasunaren inguruko gaia. Edo auzia, gaia baino gehiago. Poztekoa da Nafarroako Gobernua sostengatzen duten lau alderdi politikoek 43 udalerri eremu ez-euskaldunetik atera eta eremu mistoan sartzeko proposamena tramitatu izana. Baina Euskararen Legeak ezartzen duen zonifikazioaren mugak mugitzea baino ez du ekarriko horrek, helburuak marra erdibitzaile horiek ezabatzea izan beharko bailuke.

Hizkuntza eskubideak aldarrikatzeagatik, mozal legea ezarri zaie, gainera, Euskal Herrian Euskaraz taldeko hiru kideri. Izan ere, tamalez, oraindik ere bada euskararen aurkako borrokan jarraitzen duenik. Gizartearen baitan ditugu mugatze gehienak. Eremu misto edota euskaldunean sartu nahi duten udalerrien alboan, eremu ez-euskaldunean egon nahi duen Zizur zendeako udalaren kasua dugu. Betikoan dabil UPN, biztanleriaren nahiei kasurik egin gabe. Bertako biztanleentzat eskubide gutxiago nahi ditu, liskarra bizirik mantendu, normaltasuna zaildu, galduko dutena galduta ere, herritarrak erreminta politiko gisa erabili. Euskararen legeak ez luke herria banatu behar.

Gaiarekiko jarrerarik itxi eta atzerakoienetako bat irudikatzen du Zizur zendeako UPNren adibideak. Sinetsita nago hizkuntza berri bat ezagutzeak aberastu egiten gaituela, are gehiago hizkuntza hori bertakoa izanik. Euskararen hizkuntza eskubideen defentsa ez da beste hizkuntzekiko kontrako borroka. Argi izan beharko genuke hori denek. Ez ikusi nahi horrek muga gehiago baino ez baitu ekarriko.

Hasieran aipatutako galderaren atzean ere bada euskarari ezarritako hesi bat. Hain agerikoak ez direnak ere eraikitzen ditugulako, beldurrarekin, lotsarekin. Ikusezinak dira askotan; baina ezartzen dizkigutenekin egiten dugun gisan, identifikatu eta borrokatu beharko ditugu. Kanpoko eta barrukoak, denak eraitsi beharko ditugu normaltasuna, ofizialtasuna eta hizkuntza eskubideen bermea erdiesteko.