Matxismoaren aurkako aldarria

Matxismoaren aurkako aldarria

Kattalin Barber

Laguntza eta babesa eskaini nahi diet nirea bezalako egoeran diren pertsonei, indarkeria bazter utzi ahal izateko; ahal delako, eta behar delako”. Indarkeria matxista jasan duen emakume baten testigantza da Nidos desnudos (Habia biluziak) dokumentalaren hari gidari nagusia. Virginia Senosiainek eta Juan Luis Napalek egin dute, eta fikzioa, errealitatea, adituen elkarrizketak eta kaleko jendearen iritziak baliatu dituzte obrari forma emateko.

“Lan honen bidez, adierazi nahi dugu gizartearen gehiengo osoa indarkeria matxistaren aurka egon arren, egunero pairatzen jarraitzen dugula. Errealitate hori behingoz hutsean uzteko ordua dugu”, adierazi du Senosiainek. Aurreratu duenez, dokumentala “gogorra eta gordina” izan arren, “modu positiboan” amaitzen da. “Genero indarkeria jasan izan duen emakumeak esaten duena esanen dut nik ere: putzu horretatik atera daitekeela, eta are garrantzitsuagoa dena, atera egin behar da”.

Dokumentala osatu ahal izateko, 88 pertsona elkarrizketatu dituzte, genero, adin eta jatorri desberdinekoak. “Helburua, hortaz, guztiok borroka komun bat dugula adieraztea izan da: indarkeria matxista desagerraraztea”, gaineratu du Napalek. Horrez gain, genero indarkeriaren inguruan sentsibilizazioa eta hausnarketa sustatzeko ere egin dute dokumentala. “Gizarte osoaren parte hartzea behar dugu gaitz horri aurre egin ahal izateko”, esan du Senosiainek.

Besteak beste, dokumentalean parte hartu dute Aritz Romeo Iruñeko Udaleko Hiritar Segurtasuneko zinegotziak, Amaia Alcala Iruñeko Udaltzaingoaren Indarkeria saileko zuzendariak, Maria Ortega genero indarkerian espezializatutako abokatuak eta Iruñeko Emakumeendako Udal Arreta zerbitzuko langileek.

Senosiainek eta Napalek haien hondar aletxoa jarri nahi izan dute, eta, zuzendari lana egiteaz gain, dokumentaleko aktore ere badira. Aktorea da Senosiain, baina lehenengo aldia izan da Napalentzat. Erasotzaile baten larruan jartzea zaila eta gogorra gertatu zaio. “Irudi latzak grabatu ditugu, gordinak”. Hala ere, leuntasunarekin eta sentiberatasunarekin landu dute gaia dokumental osoan.

Fikzioaz eta elkarrizketez gain, indarkeriaren inguruko performance bat ere ageri da dokumentalean, dantzan oinarritutakoa. Carmen Larrez eta Txusmi Pellicer aritu dira dantzari: “Dokumentalaren alderdi artistikoa da, eta oso iradokitzailea da; horrelako zerbait sartu nahi genuen”.

Orain, dokumentala lau haizeetara zabaltzea da asmoa. Hilaren 7an estreinatu zuten Leitzan, eta biak kontent azaldu dira izan duen harrerarekin. Oraindik ez dituzte data zehatzak, baina Nafarroako hainbat udalek interesa agertu dutela jakinarazi dute egileek. Horrez gain, Iruñeko Golem zinemetan estreinaldia egiteko asmoa dute sanferminak baino lehen. “Mundu guztiak ateak ireki dizkigu, eta zinez eskertzekoa da”.

Sanferminetan ere jarri dute arreta dokumentalean, eta iazko eraso sexistei gizarteak kalean eman zien erantzuna erreferentziatzat hartu dute. “Gaitzespen sozial izugarria egon zen, eta hori zerbait ongi egiten ari garen seinale da. Orain dela hamar urte horrelako erantzuna ezinezkoa zen, baina egindako lanaren fruituak jasotzen ari gara”, dio Napalek. Urratsez urrats, aurrerapausoak ematen ari direla ziur dira. “Bere onetik aterata dago gizartearen parte bat, eta belaunaldi gazteen balioetan jarri behar dugu arreta”, dio Senosiainek.

Aspaldiko asmoa

Aspalditik zuten buruan Napalek eta Senosiainek genero indarkeriaren inguruko lanen bat egiteko ideia. Antzerki ikuskizun bat egiteko aukera aztertu zuten hasieran, baita eta lip dub bat ere. “Azkenean, ordea, lanari ekin, eta dokumentala atera zaigu”, azaldu dute egileek. Ikus-entzunezko lehen lan handia izan da bientzat, eta lan eskerga izan dute azken hilabeteetan. Halere, esku artean dituzte proiektu gehiago, eta dagoeneko ari dira lantzen hurrengoa: 36ko gerra emakumearen ikuspuntutik aztertu nahi dute, film labur baten bidez. “Gehiegi landu ez den gaia dela uste dugu, eta merezi du”, dio Napalek.

Orain, indarkeria matxistari buruzko lana dute lehentasun. Gaztelaniaz dago bakarrik, oraingoz, baina euskaraz eta katalanez ere emanen dute. Asmoa da, gainera, bertsio bakoitzak “identitate bat” izatea: “Elementu komunak izanen dira, baina elkarrizketa berriak eginen ditugu, euskaraz eta katalanez aritzen diren adituekin”. Euskal Herrian eta Katalunian grabatu dituzte irudi guztiak.