Ehun urteko bidea egin du margolanak

Ehun urteko bidea egin du margolanak

Edurne Elizondo

Ehun urte joan eta gero, islatzen duen unea inguratzen zuen isiltasun bera dario Javier Ziga margolariaren Biatiko bat Baztanen izenburuko lanari. Gaixo dagoena apaizaren zain da Elbeteko Askoa etxean; elizakoak ematera joan da apaiza; beltzez jantzitako hiru emakumek egin diote harrera. Mezalagunak eskuan duen txilinaren hotsak baino ez du hitz egiten. Bertze guztiak isilik dira. Zigak (Iruñea, 1877-1960) 1916. urtean margotu zuen koadroa, Elizondon. Herriko bizilagunak erabili zituen modelo gisa. Obra Madrilen aurkeztu zuen lehendabiziko aldiz, 1917ko maiatzaren 28an egindako Espainiako Arte Ederretako Erakusketan. Mende bat bete du Zigaren biatikoak, eta, hori ospatzeko, hainbat ekitaldi antolatu ditu Nafarroako Museoak, han baita orain Zigaren lana.

Ziga fundazioko presidente Pello Fernandezek “maisulantzat” jo du margolariaren Biatiko bat Baztanen. Koadroa ongi ezagutu nahi duenak izanen du aukera, Nafarroako Museoak bisita gidatuak antolatu baititu: ekainaren 4an eginen dute lehendabizikoa, gaztelaniaz; 12:30ean hasiko da. Ekainaren 11n, berriz, ordu berean, euskaraz eginen dute. Fernandez bera ariko da gidari lanetan. Hitzaldi bat hartuko du museoak, halaber, ekainaren 7an, 19:30ean: Iñaki Urrizelki ariko da, 1917ko Madrilgo arte ederretako erakusketari buruzkoak azaltzen.

Oihartzun handia izan zuen 1917ko Madrilgo erakusketak; 404 margolan erakutsi zituzten, eta egileen artean ziren lehen mailako artistak: Sorolla, Muñoz Degrain, Anglada Camarasa eta abar. Javier Zigak bi lan eraman zituen: Biatiko bat Baztanen lanarekin batera, On Frantzisko Xabier Arbizukoa Gorrizen erretratua aurkeztu zuen erakusketan. “Parisen arrakasta lortu eta gero joan zen Ziga Madrilera; orduan hasi zuen heldutasunaren etapa”, azaldu du Fernandezek.

Ziga fundazioko presidenteak ongi ezagutzen du margolariaren lana. Batetik, “bikaintzat” jo du artistak erakutsitako trebezia teknikoa; bertzetik, koadroak jorratzen duen gaiari buruz, Fernandezek nabarmendu du Zigak ederki islatu zuela “erlijio emozioa”. Hala eta guztiz ere, 1917ko erakusketatik esku hutsik atera zen Ziga; hau da, saririk gabe. Lehendabizikoa Valentin Zubiaurrek jaso zuen, Bertsolariak izenburuko lanarekin; hirugarren, berriz, bertze nafar bat sailkatu zen, Gustavo de Maeztu, alegia, Lur iberikoa izenburuko margolanarekin. “Halakoetan irabazteko, izen handia behar zenuen Madrilen, eta azpiegitura artistikoak ongi kontrolatu”, azaldu du Fernandezek.

“Merke” erosi zuten

Madrilen aurkeztu eta gero, bertze hainbat erakusketatan zintzilikatu zuten Zigaren Biatiko bat Baztanen lana: 1978an, Nafarroako Museoan margolariaren omenez egindako erakusketan; 1986an, Bartzelonan Nafarroako artisten inguruan egindakoan; eta 2014an, Aranda de Dueron (Espainia), arte sakratuari buruzko erakusketan.

Ehun urte bete dituen Zigaren lana Nafarroako Diputazioak erosi zuen. “Merke” erosi zutela erran du Fernandezek, hain zuzen ere. Azaldu duenez, Florencio Ansoleagak diputazioari oinordetzan utzitako diruarekin erosi zuten. 5.000 pezeta utzi zituen Ansoleagak. “Monumentu historiko eta artistikoen batzordeak Eduardo Carceller ordezkariaren esku utzi zuen negoziazioen ardura; Zigaren maisu zen”, gogoratu du Fernandezek. 2.000 pezetako prezioa ezarri zuen Zigak, hasieran; 1917ko erakusketan lana saldu ez zenez, negoziazioak martxan jarri zituzten, berriz ere, handik itzuli zenean; azkenean, 1.625 pezetaren truke erosi zuen diputazioak. Zigak, gainera, bertze koadro bat margotzeko eta diputazioari emateko konpromisoa hartu zuen. “Antza, koadro hori ez zuen egin. Ordaindutako prezioak erakusten du, halere, erakundeak ahalegina egin zuela ahalik eta gutxien ordaintzeko; ez zioten aitortu zuen balio ekonomikoa”, erran du fundazioko buruak.

Fernandezek, hain zuzen ere, Zigak egindako lanen eta bidearen garrantzia nabarmendu du. Haren lana hobeki ezagutzeko aukera balia dezatela eskatu die herritarrei. “Artearen gorena gogora dakar lan honek”, erran du. Orain, duela ehun urte bezala.