Bidasoko heriotzak argitzeko

Bidasoko heriotzak argitzeko

Edurne Elizondo

Historialariak “ia detektibe” bilakatu behar izan du. Horixe aitortu du Fernando Mikelarenak (Bera, 1962), Muertes oscuras; contrabandistas, redes de evasión y asesinatos políticos en el País del Bidasoa, 1936 (Heriotza ilunak; kontrabandistak, ihes sareak eta hilketa politikoak Bidasoaren lurraldean, 1936) izenburuko bere azken liburuaren aurkezpenean (Pamiela, 2017). Aurrekoan (Sin piedad, Pamiela, 2015) jorratutako auziari eutsi dio Mikelarenak bere lan berrian ere, baina Bidasoaren lurraldean kokatuta. Horrek dena aldatu du, historialariak nabarmendu duenez. “Kontrabandisten lurraldea da Bidasoarena, eta horrek bitxi bilakatzen du hango ekosistema”. Mikelarenak ikertutako heriotz ilunen artean da Gazteluko Sagardia Goñi familiako kideena.

Kontrabandoaren eta haren inguruko sareen testuinguruak estali egin zituen, neurri handi batean, 1936ko garbiketa politikoak Bidasoaren lurraldean eragindako heriotzak. “Politikarekin zer ikustekorik ez zuten ohiko krimentzat jo zituzten, anitzetan”, azaldu du historialariak. Heriotza ilun bihurtu zituzten, alde batean eta bertzean interesak zituen kontrabandoaren jarduera babesteko, hain zuzen ere. “Animaliekin egiten zuten kontrabandoa, batez ere, 1936a baino lehen: kolpea gertatu baino lehen, armekin ere egin zuten lan; gero, ihes sareak sortu zituzten”, azaldu du Mikelarenak.

Zabalak ziren kontrabandoarekin lotutako sare haiek, historialariak nabarmendu duenez. “Errealitateak fikzioak baino harago jo zuen, kasu anitzetan”, erantsi du, kontrabandisten jarduerek eta haren ingurukoek eskualdean izan zuten eragina agerian utzi duenean. Jarduera horiek sortutako giro berezi hartan, halere, 1936ko altxamendu militarrarekin hasitako garbiketa politikoak utzi zuen bere arrastoa Bidasoaren lurraldean ere. “Ezkerreko kideen eta nazionalisten aurkako errepresioa gertatu zen; egia da eskualdean gutxi zirela, baina garbiketa politikoa sufritu zuten”. Mikelarenak Doneztebeko espetxean zazpi hilabetez egondako zazpi ezkertiarrak ekarri ditu gogora, adibidez; bai eta Bertizaranan UGTko hainbat kidek jasandako errepresioa ere, bertzeak bertze.

Sin piedad liburuan Nafarroa osora zabaldu zen garbiketa politiko horren erantzuleen, laguntzaileen eta gauzatzaileen berri eman zuen Mikelarenak. Liburu horrekin batera hasi zen orain argitaratu duena osatzen. “Oraingo liburuaren hitzaurre gisa hasi nintzen idazten Sin piedad, nire hasierako asmoa gure eskualdean gertatu zenaren berri ematea baitzen”.

Sin piedad lana osatu, eta irakurleen esku jarri zuen Mikelarenak, azkenean, liburu berria bukatu baino lehen. Bidasoaren lurraldeari buruzkoak eman ditu orain, Muertes oscuras lanaren bidez. Datuak aurkitzea baino zailagoa izan da haien atzean, aurkitutako testigantzen eta gertaeren kontakizunen atzean ezkutatzen zena agerian jartzea. “Denak gezurretan ari zirela konturatu nintzen”, nabarmendu du historialari beratarrak.

Ihes sareak

1936ko gerraren testuinguruan, hiru ihes sarek egiten zuten lan, errepublikanoak hemendik kanpora ateratzeko. EAJk bultzatu zuen haietako bat, baina, bertzeak bezala, Bidasoaren lurraldeko basoetan beti aritutako kontrabandisten sareekin bazuten harremana. Ez zen lan berria, finean, haientzat. “Lehen Mundu Gerran milaka asto bidali zituzten Frantziara”, gogoratu du Mikelarenak.

Sareon lana ez zen 1936ko gerraren ondotik bukatu, gainera. “CIA agentziaren 1947. urteko txosten batean jasota dago Elizondoko norbait alemanak pasatzen aritzen zela”, azaldu du Mikelarenak.

Bidasoaren lurraldeko testuinguru eta giro berezi horretan gertatutako Sagardia Goñi familiako kideen hilketak badu toki nabarmena historialariaren azken liburuan. Hark egindako ikerketa lanak agerian utzi du Gazteluko krimenak ere 1936ko garbiketa politikoaren ondorio izan zirela. “Hilketa politikoak izan ziren”, erran du, argi eta garbi.

1936ko abuztuan gertatu ziren Gazteluko hilketak: Juana Josefa Goñi Sagardia eta haren seme-alabetako sei hil zituzten; herritik atera, eta, hil eta gero, Legarrea izeneko osinera bota zituzten haien gorpuak. Iaz, iraila eta urria bitartean, familiako kideon gorpuzkiak atera zituzten Aranzadiko kideek, Paco Etxeberria auzi medikuaren eta Lourdes Herrasti antropologoaren zuzendaritzapean. Ordura arte zurrumurru bat baino ez zena baieztatu ahal izan zuten, azkenean, hilketak gertatu eta 80 urte geroago, hain zuzen ere.

Mikelarenak bazter utzi ditu Gazteluko krimenari buruz orain arte mahai gainean jarritako hainbat hipotesi, eta nabarmendu du Juana Josefa Goñiren senar Pedro Sagardiak ezkerrarekin zuen harremanak eragin zuela. Hilketari buruz idatzitako bere liburuan, hagitz bertzelako elementuak aipatu zituen Jose Mari Esparza historialariak, hain zuzen ere, krimen horren atzean zegoena azaltzeko: Juana Josefa Goñi ez zela mezara joaten, euskaldunon jainkoak gurtzen zituela, eta sorgintzat zutela, alegia.

Mikelarenak berretsi du garbiketa politikoaren testuinguruan jarri behar dela Gaztelun gertatu zena: Pedro Sagardia ezkerrarekin lotu du; are gehiago, ezkertiar aktibotzat jo du, “espioitzat zutelako”.

Ia 500 orriko liburua osatu du Mikelarenak Gazteluko eta Bidasoaren lurraldean gertatutako bertze hainbat krimenari buruz. Eskualdeko testuinguru bereziak “bereziki zail” bilakatu du historialariaren lana, egileak onartu duenez. Bidasoaren lurralde horretako berezitasunak ezinbertzean kontuan hartu behar direla ohartarazi du, ordukoak hobeki ulertzeko. Heriotza ilunak, behingoz, argitzeko.