Protesta, plazaren erdigunera

Protesta, plazaren erdigunera

Edurne Elizondo

Hau da momentua”. Horixe erran du Baztango alkate Joseba Otondok: oraingoa Aroztegiko proiektuari buruzko UGEP udalerriz gaindiko eragina duen plana bertan behera uzteko unea dela, hain zuzen ere. “Hilaren 5ean bete ziren bi urte UGEP hori onartu zutenetik; lanak oraindik hasi ez dituztenez, eragileok aukera dugu Nafarroako Gobernuari eskatzeko plan hori berrikus dezala; eta nik, Baztango Batzar Nagusiko lehendakari gisa, hori eginen dut”.

Luxuzko 228 etxebizitza, lau izarreko hotel bat, spa gune bat eta bederatzi zuloko golf zelai bat eraiki nahi ditu Aroztegiko proiektuak, Lekarozen. Egitasmo horri kanpaldi bat eginez erantzunen diote gaur hasi eta igandera bitarte Baztango herritarrek. Argi dute haiek ere UGEPa onartu zutenetik denbora joan dela, eta lanak berehala hasi nahiko ote dituzten beldur dira. Horregatik, proiektuaren aurka direla berresteko, Elizondoko plazara eramanen du bere protesta Aroztegiko Komantxeak taldeak.

Duela hilabete inguru sortu zen talde hori, gaztetxean. “Bilera egin genuen hainbat gaztek eta ez hain gaztek, eta taldea osatzea erabaki genuen”, azaldu du Estebe Apezetxe kideak. “Asmoa da, proiektuak aurrerantzean egin ditzakeen urratsei begira, zehaztea zer-nolako borroka moldeak erabili nahi ditugun, eta noraino heltzeko prest garen”, erantsi du Apezetxek.

Kanpaldia gaur hasiko da, 18:00 aldera, Elizondoko plazan. Eztabaida saioak egin, eta taldeak antolatuko dituzte. Bihar, berriz, parodia bat eginen dute, goizez: Negozio kolpearen prozesioa antolatu dute. “Enpresariek, turistek, golf jokalariek eta apaizen batek ere parte hartuko dute”, azaldu du Apezetxek. Bazkaldu eta gero, 16:00 aldera, protesta herriko karriketara eramateko kalejira eginen dute; eta ilunabarreko poteoa amaitu eta gero, berriz, kontzertuak izanen dira.

Igande goizean Aroztegiko eremua ezagutzeko aukera izanen dute parte hartzaileek, ibilaldia eginen baitute Elizondotik Lekarozera. Han jasoko dituzte proiektuari buruzko azalpenak, eta, bazkaldu eta gero, Elizondora itzuli, eta amaitu eginen dute kanpaldia.

“Nahi ez dugun proiektu horren aurka protesta egiteko modu bat izanen da ekinaldi hau; Aroztegiko proiektuaren aurka garela berresteko modu bat”, nabarmendu du Apezetxek. Zehaztu du Aroztegiko Komantxeak ez direla Aroztegia…eta gero zer? plataformaren barnean, baina harremana badutela, eta helburuetan bat egiten dutela argi utzi du, halere.

Otondok babesa agertu dio gaur hasiko den kanpaldiari. Baztango alkateak Palacio de Aroztegia SL enpresaren egitasmoaren aurka lanean segitzeko beharra nabarmendu du, gainera. Izan ere, prozedura administratiboa ez da eten. Iazko azaroan, proiektuaren urbanizazio txostena baimendu zuen Nafarroako Gobernuak. “Baztango Udalak eta Baztango Batzar Nagusiek alegazioak aurkeztu zituzten, baina autoritarismoa eta entzungor egitea izan da erantzun bakarra”, erran du Otondok.

Baztandarrek erabaki

Alkateak gogoratu du Baztanen handia dela Aroztegiko proiektuak izan duen oposizioa, eta testuinguru horretan kokatu du gaur hasiko den kanpaldia ere. Mahai gainean jarri ditu, halaber, Lekarozen lehendabizi eta Baztango herri guztietan gero egindako galdeketak, eta Baztango Batzar Nagusietan, bertzeak bertze, Aroztegiko proiektuaren aurkako jarrera erakusteko hartutako erabakiak. “Herritarren hitza errespetatu beharko lukete”, salatu du.

Lekarozen egin nahi duten egitasmoari buruz erabakitzea Baztango Udalari dagokiola nabarmendu du Otondok, hain zuzen. “Gobernuak baliatu beharko luke orain dugun aukera UGEPa Baztango Udalaren esku uzteko, baztandarrek erabaki ahal izateko; auzi honi konponbide demokratikoa emateko modua izanen litzateke hori”, erran du. Lanak hasi ez dituztenez, kalte-ordaina ez dutela pagatu beharko erantsi du Baztango alkateak.

Baztango erakundeen autonomia eta gaitasuna nabarmendu nahi izan ditu Otondok, halaber. “Bailarari buruz zentzuz erabaki ahal izateko heldutasuna badugula erakutsi dugu; gobernuak ahalmen hori kentzen badigu, zertarako nahi ditugu gure erakundeak?”, galdetu du.

Erakunde horietan pil-pilean izan da Aroztegiko egitasmoaren auzia, azken urteotan. UPNren aurreko gobernuak onartu zuen hirigintza proiektu hori UGEP gisa tramitatzea, eta egungoak urrats hori berrestea erabaki zuen, 2015. urteko abenduaren 30ean. Urteko azken bileran, hain zuzen ere. Otondok gogora ekarri nahi izan du, halere, enpresak bere egitasmoa lehendabizikoz aurkeztu zuenean Nafarroako Gobernuak, UPN buru zuela, ezezkoa eman ziola udalerriz gaindiko eragina duen plan gisa tramitatzeko aukerari. Epaileek ere atzera bota zuten hasierako proiektu hura, baina sustatzaileek, moldatu, eta berriz aurkeztu zuten.

Oztopoak gainditzea lortu du azken horrek, orain arte. Herritarrek, halere, ez dute amore eman, eta egungo Baztan erabat itxuraldatuko lukeen proiektuaren aurka egin dute, hamaika aldiz. Iazko galdeketan parte hartu zutenen %83k egin zuten proiektuaren kontra. Parte hartzea, halere, ez zen handia izan; %27koa, alegia. Kontsulta ez zen iazko ekinaldi bakarra izan, dena den; manifestazioa ere egin zuten, Elizondon. “1.500 pertsona atera ziren proiektuaren aurka protesta egitera”, gogoratu du Otondok.

Herriko karriketara eramanen dute Aroztegiaren aurkako aldarria, berriz ere, gaur hasi eta igandera bitarte. Plazaren erdigunean jarriko dute Aroztegiko proiektuaren auzia; bai eta eztabaidaren erdigunean ere. Gobernuak “zentzuz jokatzeko” duen aukera baliatu beharko lukeela berretsi du Otondok. Zain da.