“Kalea astintzea dagokigu, erakundeei presioa egiteko”

“Kalea astintzea dagokigu, erakundeei presioa egiteko”

Edurne Elizondo

Gure Esku Dago ekinaldiak duela lau urte hasi zuen bidea. Etxarri Aranatzen egin zuten lehendabiziko galdeketa, erabakitzeko eskubideari buruz, eta, igandean, berriz, Mendialdeko, Bortzirietako eta Sakanako bertze 24 udalerritan eginen dituzte. “Mugarri bat da hau Nafarroan”, erran du Gure Esku Dago ekinaldiaren herrialdeko koordinatzaile Jon Zirizak (Barañain, 1986).

24 udalerritan eginen dute galdeketa igandean. Dena prest?

Halakoetan, azken unera arte ez da dena prest izaten; baina izanen da. Herri guztietan ari dira lan ederra egiten.

Kontent zarete herriotako erantzunarekin?

Bai. Gisa honetako ekinaldietan herri osoaren inplikazioa behar izaten da. Sekulako erantzuna jaso du galdeketak herri guztietan. Horren isla dira egindako sinadura bilketetan lortutako emaitzak. Jende anitzek egin du bat.

Igandean ere jende anitzek parte hartuko duela espero duzue?

Subjektiboa da erratea parte hartze handi bat zer den edo zer ez. Guretzat, inportanteena datu kualitatiboak dira; guk nabarmendu nahi dugu galdeketa egitea jada gauza handia dela. Jasotako sinadurak kontuan hartuta, erroldaren %40k ere eman du sinadura hainbat herritan.

Nafarroan egin zen lehen galdeketa, Etxarri Aranatzen. Ekinaldiak erranahi berezia du herrialdean?

Nafarroan, Foru Hobekuntzaren testutik hasita, gure estatus politikoa edo gure marko juridikoa inoiz ez dugu bozkatu nafarrok. Hemen jarri zen Gure Esku Dago ekinaldiaren hazia, Etxarri Aranatzen egindako galdeketarekin; gero, Bakaikun egin zuten, eta orain bertze hamaika herrik izanen dute aukera, hilaren 18an. Nire ustez, hau nolabaiteko mugarria da Nafarroan, hagitz berezia da, eta duen garrantzia eman behar zaio.

Etxarri Aranatzen hasi, eta 24 udalerritan eginen dute orain.

Bai. 24 udalerri dira, baina herri gehiago: 30-40. Populazioa kontuan hartuta, 40.000 nafar inguruk izanen dute aukera bozkatzeko. Batzuentzat akaso bai, baina guretzat ez da txantxa; ekinaldi serioa da.

Zer erranen zenieke txantxatzat hartzen dutenei?

Nik uste dut ekinaldi hau kontuan hartzen ez dutenek finean beldurra diotela ezagutzen ez duten horri. Ezin dira galdeketak gutxietsi, ekinaldiak hartu duen tamaina kontuan hartuta. Hagitz garrantzitsua da, herri anitz direlako; baina bakarra balitz ere, hagitz garrantzitsua litzateke, balio kualitatibo handikoa delako galdeketa egiteko aukera izatea. Halako ekinaldiekin beti irabazten da zerbait. Herritarrak prestatzeko urrats bat da, etor daitekeen galdeketa loteslerako. Denok irabazten dugu.

Prestatu, nola?

Nik uste dut argi izan behar dugula ahaldunduta lortuko dugula erabakitzea. Gure etorkizun politikoa ez da erabakitzen lau urtean behin; harago doa. Erabaki nahi dugula errateko sendotasuna badugu, erakundeek nahi edo ez. Herritarrok dugu azken hitza.

Lau urteko bidean, Euskal Herrian 142 herrik egin dute galdeketa, eta 147.000 herritarrek parte hartu dute. Zer deritzozu?

Duela lau urte hasi zen dinamika hau, Irunen iragarri genuenean giza katea eginen genuela 2014ko ekainaren 8an, Durango eta Iruñea lotzeko. 50.000 pertsonak parte hartuko zutela uste genuen, eta kopuru hori hirukoiztu egin genuen: 150.000 pertsona izan ziren giza katean. Oraingoz, 147.000 herritarrek eman dute botoa, baina gora eginen du kopuru horrek. Garaipentzat jo dezakegu? hau ez da garaipen kontua, finean. Guk gure bidea egin behar dugu, eta prozesuan konturatzen ari gara jende anitz mugitzen ari garela.

Duela lau urteko egoerarekin alderatuta, testuinguru politikoa aldatu egin da Nafarroan. Eragin dizue?

Nafarroan sekulako aldaketa izan da erakundeetan, eta kontuan hartzeko modukoa da, noski. Nafarroan, halere, nik sentitzen dut lasaitu egin direla aldaketaren alde bozkatu zuten horiek, eta kaleko giroa, nolabait erranda, apaldu egin da. Ez dut erranen ona edo txarra den, baina argi izan behar dugu irribarrez bete behar dugula kalea. Erran behar diegu erakundeetan diren horiei garaia dela gauzak aldatzeko, eta herritarroi hitza emateko.

Karrikako presioari eustea garrantzitsua dela uste duzu?

Hala da. Kaleko tentsio polit horri eustea ezinbertzekoa da, gauzak aldatzeko. Ezin ditugu gure nahiak bertzeen esku utzi, ezin dugu gure etorkizuna inoren esku utzi. Guri dagokigu gauzak aldatzea, herritarroi. Guri dagokigu lortzea herri zoriontsu bat izatea, herri libre batean.

Kataluniako eredua zein neurritan izan da ispilu bat zuentzat?

Argi dago Kataluniari eta egin duten bideari so egin diogula; halere, guk argi utzi nahi dugu Gure Esku Dago ekinaldia ez dela baiezkoaren edo ezezkoaren alde; guk nahi dugu edonor sentitzea dinamikaren parte, eta inor ez sentitzea bakarrik ikus-entzule. Noski, Kataluniak edo Eskoziak egin duten bidea hor dago, eta so egin behar diogu, herritarrei galdetu dietelako. Eta hori da guk nahi duguna. Nork bere hitza errateko aukera izatea. Herritarroi galdetzea nahi dugu, ez bertzerik. Azken finean, hori bezain gauza sinplea da. Erakundeei dagokie erreferendum lotesle bat egitea; guri dagokigu, berriz, kalea astintzea, modu baretsu eta irrifartsu batean, erakunde horiei presioa egiteko.

Zer erranen zenieke galdeketa eginen duten herrietako biztanleei?

Ni Barañaingoa naiz, eta oraindik ez dut izan bozkatzeko aukera. Aukera hori duenari baliatzeko eskatuko nioke nik; baiezkoa edo ezezkoa ematera joan daitezela, baina parte har dezatela. Ezin ditugu inoren esku utzi gure askatasuna eta gure erabakia. Igandekoen ondotik, udazkenean izanen dira galdeketa gehiago.