Kantari, soro artean

Kattalin Barber

Latinezko Per Agrum esapideak soroetan esan nahi du, eta hori da 7 eta 16 urte arteko 180 umek abestuko dutena izen bereko kantata sinfoniko koralean. Nafarroatik igarotzen den Donejakue bidea islatu nahi dute kantuz, lurraldeko kolore guztiak azaleratuz, Orreagatik Vianaraino. Bihar, 20:00etan izanen da estreinaldia Iruñeko Baluarte auditoriumean. Josu Elberdin konpositorearen obra da Per Agrum, eta lortutako diru guztia Medicus Mundi elkarteak jasoko du.

Kongoko Errepublikan, Nikaraguan eta Iruñean bertan dituzten hiru proiektu sustatzen jarraitzeko antolatu dute kantata, hain zuzen ere. 67 abesbatzatako 4.500 ahotsen biltokia da Nafarroako Abesbatzen Elkartea, eta horietatik 700 inguru haurrak dira. Oraingo honetan, Paz de Ziganda ikastolako, Noaingo musika eskolako, Tafallako Antso Errege eskolako eta Zaragozako (Aragoi, Espainia) Amici Musicae eskolako abesbatzetako 180 haurrek bat egin dute kantata sinfoniko korala aurrera eramateko.

“Izugarria da 180 haurrek oholtza gainean duten energia eta ilusioa”, azaldu du Carlos Gorritxo Nafarroako Abesbatzen Elkarteko lehendakariak. Orain dela bi urte hasi ziren obra lantzen; proiektu “kolaboratibo eta pedagogiko” gisa definitu du Per Agrum Gorritxok. Erromesa ibilaldira bultzatzen duen hasierako irrikaz mintzatuko dira kontzertuan, bai eta bide onetik joateko eta babestuta sentitzeko egiten dituen eskariez ere. Pirinioetatik hegoaldera egiten du bidaia erromesak, eta paisaiarekin duen harremana ere deskribatzen du kantatak. Lau abesbatzetako haurrek Nafarroako Ganbera Abesbatza lagun izanen dute bihar.

Esan bezala, Orreagan hasiko dute haurrek Donejakue bidea, eta haien ahotsen bidez islatuko dute bertako erromesek sentitzen duena. Gutxika-gutxika, Nafarroa zeharkatuko du erromesak, Zubiri, Iruñea, Gares eta Vianara heltzeraino: “Nafarroako kolore guztiak kontuan hartu ditugu; Nafarroa bat dagoelako, baina, era berean, Nafarroa asko daudelako”, dio Josu Elberdin konpositoreak. Adierazi duenez, oso musika “adierazgarria, sentikorra eta kolore askotakoa” da ondu dutena. Horregatik, besteak beste, XVI. mendeko Erromes kantua, Argi baten bila eta Basoz baso abestuko dute gazteek.

Hamar pieza ditu kantatak; horietako bi sinfonikoak dira, eta gainerakoak sinfoniko koralak. Euskaraz eta gaztelaniaz abestuko dute haurrek, eta bi hizkuntzak batera tartekatuko dituzte ere pieza berean. “Bide bat da obra, eta bide bat egiteko nahitik sortu da. Nafarroako bidaia amaitzean, erromesa konturatuko da bidaiak aldatu duela, bizitza ikusteko modu berri bat garatu duela, baina bidea ez dela oraindik amaitu”, jakinarazi du Gorritxok.

Orain dela bi urte, Magnificat ikuskizuna aurkeztu zuen Nafarroako Abesbatzen Elkarteak. Orduan ere haurren abesbatzekin egin zuen lan erakunde horrek, eta ikuskizun hartan parte hartu zuten taldeetako hiru ariko dira bihar ere Baluarten. “Elkar ezagutzeak erraztu ditu entseguak”, dio Gorritxok. Dena prest dute bihar Baluarte jauregiko aretoa Donejakue bide bihurtzeko ordu batez. “Erronka bat izan da haurrentzat, eta izugarri ongi egiten ari dira”.

Per Agrum obraren estreinaldia bihar bada ere, aurrerantzean kontzertu gehiago eskaini nahi dituzte. Oraingoz, Zaragozan hitzartu dute hurrengo emanaldia, baina espero dute Nafarroako hainbat txoko ere bisitatzea haurrekin.

Bidearen atmosfera

Gorritxok azaldu du Nafarroako Ganbera Abesbatza “gakoa” izan dela Donejakue bidearen atmosfera girotzeko: “Haiei esker lortu dugu haurren abesbatzek bat egitea oholtza gainean, eta ukitu berezi bat ematea: ikusleak sentituko du Orreagatik pasatzen garela, edota beroa egiten duela eta Garesen gaudela”. Pozik azaldu dira Gorritxo eta Elberdin umeen erantzunarekin, bai eta kontzertuak duen izaera solidarioarekin ere: “Abesbatzen elkarteak jasotzen duena nafar gizartera itzultzen da gero, modu batera edo bestera. Oraingoan, elkartasun taldeen lana sostengatuz”.

Hurrenez hurren, lehen mailako osasun arreta zerbitzua zabaldu nahi du Medicus Mundik Kinshasan, Kongoko ingururik txiroenetakoa baita; ingurumen osasunaren inguruko proiektu bat sustatu nahi dute Nikaraguan, bestalde, hondakinak hobeto kudeatzeko. Nafarroan ere badute proiekturik: Urtxintxa eta Saioa elkarteek gazteentzat antolatutako aisialdiko hezitzaileen ikastaroan parte hartzen jarraitzeko baliatuko du dirua Medicus Mundik.

Irudia: Nafarroako Abesbatzen Elkartea