Iritzia: Bero itogarria

Lohizune Amatria

Diotenez, iritsi da uda. Asteazkenekoa izan omen zen urteko egunik luzeena, baita gaurik motzena ere, beraz. Askorentzat, dena den, gaurkoa izango da urtaro aldaketaren eguna. Sanjoan bezpera izango duzue askok buruan, gaurik motzenean egiten diren parranda luzeak edota itzaltzen ez diren suak. Ikusten duzuenez, adierazpen erlijiosoa erabili dut eguna izendatzeko. Sortzez, ordea, udako solstizioaren inguruko ospakizunek herritarren eta naturaren arteko loturarekin dute erlazioa.

Zoritxarrez, ez da hau elizak lapurtu digun bakarra. Udako kontuekin jarraituko dugu. Iritsi da uda, beroa; itogarria den arren, ontzat jotzen dugun eguraldia. Neguko arropa armairuaren atzeko aldera eraman dugu; eta begi bistan, berriz, oihal gutxiagorekin egindako horiek jarri ditugu. Halako bat soinean, atera naiz kalera, ingurura begiratu, eta zein txuri nagoen ohartu naiz. Zentzurik izan beharko ez luketen hainbat galdera sortu zaizkit orduan: “Zergatik dago jendea beltzaran eta ni ez?”, “Zenbat balioko du solariumak?”, “Mereziko al du?”…

Ingurura begiratu dut berriro, eta bat-batean pertsona denak ni baino argalagoak iruditu zaizkit, politagoak, hobe jantziak. Neure burua zapaldu baino egiten ez duten hainbat esaldi pasa zaizkit berriro burutik. Zoritxarrez, bizi garen gizarte honetan, muga gehiegi jartzen dizkiogu geure buruari. Maiz gu ere bagara askatasunean bizi ahal izateko oztopo. Eta konturatu naiz hori dela sistema heteropatriarkal eta kapitalistak nahi duena: nor bere buruarekin gustura ez egotea; modu horretan errazagoa izango baita sistemarentzat botereari eustea.

Ingurura ez begiratzea erabaki dut, beraz. Baina gero ohartu naiz hori ez dela bidea. Ingurura begiratu behar dugu, inguratzen gaituen aniztasun guztia eta geure burua ere ongi ezagutu. Ikusi, ezagutu eta errespetatu. Horrekin, baina, badakigu ez dela nahikoa izango; eremu eta alor askoz ere gehiago hartzen dute-eta sistema honek askatasunari jartzen dizkion mugek.

Hala, penagarriak diren gertakizunak ikusten ditugu askotan. Zenbait arropa dendatan ez dute XL neurriko jantzirik saltzen. Zenbakiek definitzen gaituztela esan digute, moda eta kosmetika industriek inposatutako edertasunaren arauen barne baino ez garela maitatuak izango. Baina zer da edertasuna? Zergatik ezarri behar ditu beste inork norberaren edertasunaren irizpideak?

Aurrekoan esaldi polit bat irakurri nion Faktoria Lilako kide Irantzu Varelari: “Edertasuna ez da gaitasun bat, edertasuna ezaugarri bat bakarrik da”. Hori kontuan izanik, beraz, ez diogu zertan ezarritako eredu horri erantzun. Nire iritziz, denak gara ederrak; nire irizpideak kontuan izanik, barrutik zein kanpotik neure burua eder ikusten eta sentitzen saiatzen naiz. Ez da beti erraza. Horiek zapalkuntzaren alor batzuk baino ez dira. Beroa egiten duela baliatuz, burura etorri zaizkidanak. Beraz, gaurko egunarekin, nahi dugun hori izateko deia egin nahi dut; ingurukoei eta norberari mugarik ezarri gabe bizi behar dugu. Egin dezagun gaur gauean piztutako suaren gainetik horregatik jauzi.