Iritzia: Metro eta erdi

Jon Barberena

Bizitzak heriotzari zor dio duen balioa. Hauskorra eta galkorra izateak ematen dio balio hori. Bizitza bizitzea dugu bizibide, beharra eta nahia. Bizi beharra dago herioak eskaintzen digun denbora tartea, eta, badaezpada, urruntasunetik begiratzen diogu azken egunari. Ahal bada, bide luzea burutu nahi dugu, zahartzarora iritsiz baina zahartzaroaren ondoriorik sufritu gabe. Psikosi estetikoa eta kronikoa da gurea. Ispiluaren aitzinean itxuroso, itxurakeriaz eta itsu, baina ahal dela itsusi ez.

Zahartzarora ailegatzea dugu helburu orduan. Bidez bide bidea egin. Baina, sarri, heriotzarekiko dugun distantzia ez da urtetan edo hilabetetan neurtzen. Metrotan neurtzen da. Guk uste dugun baino hurbilago egon daiteke herioren atzapar beltza. Metro eta erdian egon baitaiteke bizitza eta heriotzarekiko muga. Metro eta erdian familia baten haustura. Metro eta erdian sarraski neurgaitza.

Lau egunetik behin txirrindulari bat hiltzen omen da Espainiako errepideetan, eta azkenaldian, Euskal Herrian ere, asfaltoa bezain ilunak diren berriak ditugu entzungai. Ahula da txirrindularia gurpil, txapa eta bozina soinuak nagusi diren oihanean. Ahula, kamioi eta todoterrenoen handitasunean. Ahula, Montmeloko zirkuituan bezala etzaten diren motozaleen aitzinean.

Maillot estu baten barnean familia ugaria duen ama baten kemena, azterketa garaian dagoen gazte baten ilusioa edo etorkizuneko Marino Lejarreta edo Joane Somarriba anonimoak sar daitezke.

Ondokoaren itzala ere salatuko genukeen gizarte bekaitz honetan, errua banatzeko joera dugu horrelakoetan. Txirrindulariak izan daitezke istripuaren eragile nagusiak zenbait kasutan. Profesionalek darabilten bizikleta erosteak ez die ahalmenik ematen haien gisa ibiltzeko. Ez naiz kalitateari buruz ari, begi bistakoa den gisara. Arriskuak hartzeko orduan edo maniobratzeko orduan, argi izan behar dute errepidea kamioi, auto eta motorrekin partekatu beharreko espazioa dela. Hala ere, nik zalantzarik ez dut, istripu malapartatu horien errudun nagusiak autoak dira. Presaka bizi gara, eta presaren presaz traba dira txirrindulariak errepideetan. Segurtasun distantzia errespetatzeak edo abiadura mantsotzeak denbora kentzen dio eguneroko bizitza sinkronizatua duen autogidariari. Zenbait segundo galduko ditu gidariak; bizitza osoa txirrindulariak.

Errepidean horrelako istripurik berriro gerta ez dadin, txirrindulariaren ahultasuna ulertu eta errespetuz errepidea partekatzea izan daiteke bidea. Heziketa planetan txirrindulariendako Bide Hezkuntza sartu beharko genuke, eta adinekoak eta gazteak errepidea errespetuz partekatzeko eskubideaz kontzientziatu behar ditugu.

Ez dakit arriskua edo beldurra zer nagusitzen den kaskoa buruan paratu duen gorputz iharrean, baina gidariok txirrindulariak aitzinatzerakoan, errepideko erdiko marra zapal dezagun inongo beldurrik gabe. Inongo arriskurik hartu gabe. Bizitza eta heriotza bereizten duen marra zapaltzea baino errentagarriago izanen da. Zalantzarik ez izan.