“Zelaian aritzea jarraitzeko behar nuen pizgarria izan da”

“Zelaian aritzea jarraitzeko behar nuen pizgarria izan da”

Kattalin Barber

Etorkizun oparoa izan dezake Irati Zurbano arkulariak (Elia, 1997). Helburu du Eslovenian uztailaren 22an hasiko den Europako Junior Txapelketan parte hartzea, eta dirua biltzeko kanpaina abiatu du bidaia ordaintzeko.

Zergatik hasi duzu kanpaina?

Bi modu daude Europako Junior Txapelketara joateko. Gutxieneko puntu kopurua lortzen baduzu, Espainiako Federazioak dena ordaintzen dizu, eta ez baduzu hori lortzen, ordainketa partekatua dago. Hau da, federazioak izen ematea ordaintzen du, eta kirolariak gainerako gastu guztiak: egonaldia, hegazkina…. Aurten, pentsatzen nuen ordainketa osoa jasoko nuela emaitza onak lortzen ari nintzelako. Frantziako txapelketan, ordea, ustekabea izan nuen. Arkuaren zati bat apurtuta nuen, eta ez nintzen konturatu. Denboraldiaren erdian gertatu zitzaidan, eta ez nituen lortu espero nituen puntuak. 290 egin behar nituen, eta 286 lortu nituen. Gastuak ordaintzeko laguntza ezinbestekoa dut.

Nola amaitu zenuen txapelketa?

Txapelketan, zinta jarri nion arkuari eusteko, eta bukatu ahal izan nuen, baina potentzia galdu nuen. Geziak ez ziren berdin ateratzen. Arku berria iritsi den arte, Madrilgo lagun batek utzi zidan bere materiala, baina ez da gauza bera. Orain, arku berriarekin ari naiz, baina egokitzapen prozesua ere izan dut. Oso pertsonalak dira arkuak, eta denbora behar da ongi menperatzeko eta zure egiteko. Uste dut emaitza ona lor dezakedala Europako Txapelketan.

Zergatik da zuretzat garrantzitsua txapelketa honetan parte hartzea?

Junior mailako azken urtean nago. Nazioarteko estalpeko bi openetan dominak lortu ditut, baina Europako Txapelketan domina lortzea gustatuko litzaidake. Europako hamar arkulari onenen artean nagoela uste dut, eta, joan den urtean Munduko Txapelketan parte hartu nuenean, konturatu nintzen gai nintzela. Nire azken aukera da, heldu den urtean senior mailan egonen naizelako, eta han esperientzia handiko jendea dagoelako.

Zelaian aritzen zara; beste modalitaterik probatu dituzu?

Joan den urtera arte, olinpiar modalitatea egiten nuen, eta, egun ere, jarraitzen dut egiten. Izan ere, modalitate ohikoena da, eta zelaian ongi aritzeko oinarri hori behar duzu. Nik dudan arkuarekin, bakarrik bi modalitate horietan aritu naiteke. Zelaian aritzea aldaketa handia izan da niretzat, indarra eman dit kirol honetan jarraitzeko. Hamar urte neraman gauza bera egiten, eta urte gogorrak ere izan dira lana eta ikasketak uztartu behar izan ditudalako. Pizgarri berria behar nuen, eta zelaiak eman dit. Mendian egoten naiz, mugitzen naiz, leku zoragarriak ikusten ditut…

Kirol hau egiteko zer ezaugarri edo trebezia behar dira?

Ez da ezer behar, edozein pertsonak egin dezake. Baina, nire ustez, bada kirol bat beste kirol batzuetan lekurik ez dutenak edo egokitu ez direnak hartzen dituena. Oso berezia da. Nik kirol asko probatu nituen, eta, azkenean, hau hautatu nuen. Beharrezkoa dena da gogo handia izatea eta orduak ematea. Zelaiko modalitatean, adibidez, 24 diana daude ibilbidean, batzuk badakizu non dauden, eta besteak, ordea, ez. Hortaz, kalkulatu behar duzu zein distantziatara bota behar duzun gezia. Niri, oraindik ere, buruko trebezia handiagoa eskatzen dit modalitate honek.

Badirudi ere kontzentrazio handia beharrezkoa dela, ezta?

Oso kirol mentala da. Kontzentrazioa lantzen laguntzen du, eta zen puntua ere badu. Mundutik at geratzen zara geziak botatzen dituzunean. Zure barruan zaude, eta sentsazio asko dituzu. Hori niretzat oso garrantzitsua da, eta horregatik gustatzen zait kirol hau.

Nolakoa da kirol honen egoera Nafarroan?

Hobera egin du. Kirol nahiko ezezaguna izan da duela gutxi arte, eta jende gutxi animatzen zen egitera. Lehen ez zegoen harrobirik, eta orain ume asko daude. Azpiegiturak ere hobeak dira. Oro har, Nafarroan gizon gehiago daude kirol honetan, baina hori aldatzen saiatzen gara. Adibidez, guztiok mistoan lehiatzen gara. Zelaiko modalitatean aritzeko Lakarri klubean badugu eremu bat, eta badago Tuteran beste toki bat, baina oraingoz behin-behinekoa da. Gurea finkoa da.

Nola ikusten duzu zure ibilbidea hasi zinenetik?

Gauza asko gertatu zaizkit eta ikaragarria izan da. Eutsi diodala izan daiteke ezaugarririk nabarmenena. Ez naiz Madrilgo goi mailako kirolgunean dagoen kirolaria, baina horra joateko aukera izan dut, eta baita Espainiako selekzioarekin lehiatzekoa ere. Maila onari eutsi diot urteotan guztietan, pozik nago.

Zure helburua da hurrengo urteetan horrela jarraitzea?

Bai, baina senior mailara ere egokitu beharko dut, oso maila altuko kirolariak daudelako. Nazioarteko txapelketa gehiagotan egotea ere nahi nuke, baina zaila da. Kirol honetan ez dago inor profesionala. Badaude entrenatzaile profesionalak, baina ez kirolariak. Espainiaz ari naiz; Frantzian, Korean, Italian edo AEBetan kirolari profesionalak daude. Bestalde, egiten ari naizen modalitatea ez da olinpikoa, eta bestea baino gehiago gustatzen zait. Munduko Senior Txapelketan aritzea izanen litzateke nire ametsa, Olinpiar Jokoetan aritzea baino gehiago.