Biziz adindu ahal izateko

Biziz adindu ahal izateko

Edurne Elizondo

Goiz ailegatu da, ez baitu tokirik gabe gelditu nahi. Adituek errateko dutena entzuteko irrikan da. Gaiak, halere, sekreturik ez du Maria Petra Mikeleiz Landarentzat: zahartzeari buruz gogoeta egiteko antolatu dute jardunaldia Ezkarozen, eta Espartzako Mikeleizek 103 urte ditu. “Hagitz ongi” dela nabarmendu du, eta bistakoa da. Poliki baina sendo ibiltzen da, eta burua argi du. Hagitz argi. Gakoa zein den azaldu du, aurpegian irribarre zabala jantzita: “Bizitzeko gogoa izatea da kontua, bertzerik ez”. Biziz adindu, urteak denbora huts izan ez daitezen.

Zaraitzuko eta Nabaskozeko osasun etxeak eta oinarrizko gizarte zerbitzuak antolatu dute jardunaldia. Eskualdean hango zaharrekin egiten ari diren lanaren berri eman nahi dute, eta, aldi berean, tokiko entitateen eta Nafarroako Gobernuaren babesa jaso, zaharren bizi kalitatea hobetzeko programak eskaintzen jarraitu ahal izateko. Ez hori bakarrik: orain arte ariketa fisikoa egiteko antolatu dituzten programen eskutik urrats bat aurrera egin nahi dute, eta memoria eta arlo psikologikoa ere landu, bertzeak bertze. Nafarroako Gobernuak zahartze aktibo eta osasungarri baten aldeko estrategia onartu du, hain zuzen ere, eta 2022. urterako autonomia eta ahalduntzea bultzatzeko zehaztutako helburuekin bat egin dute Zaraitzukoen eta Nabaskozekoen asmoek.

“Zahartzeari buruz dugun ikuspegi kulturala aldatzeko ordua da; hasi gara urratsak egiten, baina lan handia dugu egiteko, oraindik ere. Argi izan behar dugu zahartzea konkista bat dela; konkista indibiduala da, eta, aldi berean, soziala, gizarte gisa herritarrak gehiago eta hobeki bizitzeko tresnak jarri ditugulako mahai gainean”. Ines Francesenak dira hitzak, Nafarroako Pertsonen Garapenerako eta Autonomiarako Agentziako zuzendari kudeatzailearenak. Zahartzeak ez duela kezkatzen nabarmendu du: “Ez gaitu beldurtzen urteak betetzeak; osasun txarrez eta menpeko izanda urteak betetzeak beldurtzen gaitu”.

Francesekin batera, Nafarroako Ospitale Guneko medikuntza fisikoko eta errehabilitazioko espezialista Enrique Sainz de Murietak parte hartu du Ezkarozeko jardunaldian, bertzeak bertze. Bi adituok aktibo izateak duen garrantzia nabarmendu dute, zahartze prozesuak ezinbertzean eraginen dituen ondorioak ahalik eta gehien arintzeko. Francesek nabarmendu du zahartze prozesua faktore genetikoek zehazten dutela, %90ean; gainerakoak hagitz garrantzitsuak direla erantsi du, halere, eta, iritzi horrekin bat egin du Sainz de Murietak ere: agerian utzi du bizitza estiloak, tabako edo alkohol kontsumoak eta gisako jarrerek anitz baldintzatzen ahal dutela bizitzaren azken txanpa. “Nola bizi, halaxe zahartzen gara”, erran du Francesek.

Ikasi eta irakatsi

“Zahartzea ez da gaixotasun bat”, gaineratu du Nafarroako Pertsonen Garapenerako eta Autonomiarako Agentziako zuzendari kudeatzaileak, eta, ondorioz, zahartzarorako botikarik ez dela nabarmendu du. Behar direnak baino gehiago hartzeko joeraz eta arriskuaz ohartarazi du, hain zuzen ere.

Ariketa fisikoa da botikarik onena, Sainz de Murietarentzat. “Beti da garrantzitsua ariketa fisikoak egitea; gure gaitasun funtzionalek behera egiten dutenean, ordea, ezinbertzekoa da”, nabarmendu du medikuak.

Aktibo izateak bertze esparru anitz ukitzen dituela zehaztu du Ines Francesek, hala ere: “Zahartzeak ez du erran nahi gure bizitzaren kontrola galtzea; gu gara protagonista. Gauza bat da laguntza eskatu behar izatea, eta bertze gauza bat da, berriz, zure bizitzari buruz erabaki ahal ez izatea. Zahartzeak ekartzen dituen aldaketetara egokitzea da kontua”. Moldatzeko prozesu hori errazagoa da gorputza eta adimena landuz. “Garrantzitsua da ikasten jarraitzea; garrantzitsua, halaber, dakigun hori irakastea”.

Sainz de Murietak eta Francesek azaldutako bidetik egin nahi du aurrera Nafarroako Gobernuak onartutako estrategiak. Asmoa da, finean, zahartzaroan eragitea, bizi kalitateak hobera egiteko. “Gehiago bizi nahi dugu, bai eta hobeki ere. Eta estrategiaren xedea hori da, mendekotasunari aurre egin ahal izateko neurriak mahai gainean jartzea”. Francesek azaldu du 11 milioi euroko diru saila izanen duela gobernuak zahartzeari buruz prestatutako estrategiaren barruko gaitasun funtzionalak hobetzeko planak.

2016an, hiru haur

Gizartea zahartzen ari da. Joera hori are nabarmenagoa da Zaraitzun. Eskualdeko medikua da Alfonso Ventura, eta mahai gainean jarri ditu hainbat datu: “1.126 erabiltzaile ditugu osasun etxean; 0-18 urte bitartekoak dira 123 (%11); 65 urte baino gehiago dituzte 388 erabiltzailek (%35), eta 90 baino gehiago, berriz, 34k (%3)”. Iaz, hiru haur baino ez ziren jaio eskualdean.

65 urte baino gehiago dituztenen tartean da Celestino. Makila etxean utzi du jardunaldira joateko, Eutsi enpresako arduradunek prestatutako programan ari denetik ez baitu behar. “Beti pentsatu dut zaharrok zama bat ginela; zama bat etxean, zama bat zahar etxean”. Ideia edo sentsazio horren aurka egiten dute lan Eutsiko kideek, hain zuzen ere. “Zaharrek osatzen dute eskualdeko talderik zabalena; haiek ematen diete bizia gure herriei; haiei esker ez dira hil”, nabarmendu du Eutsiko Gonzalo Zelaik. Venturak bat egin du, eta Otsagabiko zahar etxea eskualdeko “enpresa nagusia” dela erantsi du. “Lanpostuak sortzen” laguntzen duela jakiteak poztu du Celestino. Langile gehienak, gainera, emakumeak dira.

Zelairekin batera, Natalia Palacios aritu da Eutsiren programak garatzen Zaraitzun, azken hiru urteotan. Osasun etxetik, Pilar Montero erizaina aritu da haiekin elkarlanean, zentro horretatik bideratu baitituzte erabiltzaileak ariketa fisikoa egiteko programetara. “65 urte baino gehiago dituzten pertsonak altxor bat dira gure eskualdean, eta zaindu behar dugu altxor hori; ongi zaindu, gainera”, erran du. Hiru talde osatu dituzte: 65 urte baino gehiagokoekin bat; 80 urte baino gehiagokoekin bigarrena; eta zahar etxeko kideekin hirugarrena. Guztietan emaitzak “hagitz onak” izan direla nabarmendu du Palaciosek, eta hobera egin dutela, nabarmen, parte hartu duten zaharren gaitasun fisikoek.

Halako emaitzak lagun, Eutsiko kideek eta Pilar Monterok argi dute ordua dela zahartzearen auziari bertze modu batera eusteko. Eta bide horretan urratsak egin nahi dituzte, orain arte egindako lanari segida eman ahal izateko.

“Hainbat diziplina jorratu eta batu nahi ditugu: ariketa fisikoarekin batera, gizarte lana eta psikologia ere landu nahi ditugu”, azaldu du Zelaik. Urritik aurrera jarri nahi dituzte Eutsiko kideek martxan beren tailer berriak. Asmoa da eskualdeko jende gaztea inplikatzea proiektuan, zaharrentzako zerbitzuak eskaintzen dituzten bitartean, gazte horiek Zaraitzun lanean gelditzeko aukera izan dezaten.

Oraingoz, arlo ekonomikoa da Eutsiko kideek beren proiektua martxan jartzeko duten oztopo nagusia. “Gurea landa eremuetarako eredu bilaka daitekeen esperientzia bat izan daiteke, eta uste dugu gobernuak bat egin beharko lukeela”, nabarmendu du Palaciosek. Zaraitzuko erakundeek ere bat egin beharko luketela erantsi du Venturak. “Eraginkor izateko, segida izan behar dute halako proiektuek; ezin dira egon urte batetik bertzerako aldaketen menpe”, ohartarazi du Zaraitzuko medikuak.

Zaraitzuren gisako landa eremuetan nabarmenagoa da populazioaren zahartzea. Herrialdean ere, oro har, gora egin du auzi horren inguruko kezkak, datuak argigarriak baitira. Egun, Nafarroan, 65 urte baino gehiago dituzten 42.000 herritar badira, baina kopuru horrek gora eginen du datozen 20 urteotan, eta bi hamarkada barru, hain zuzen ere, 70.000 izanen dira. Egun, populazioaren %19k du 65 urte baino gehiago; %25ek izanen dituzte, hogei urte barru.

Testuinguru horretan, zahartzeari buruzko estrategiaren aurkezpenean, eskualdeen arteko orekari eusteko eta herritarrak etxean artatzeko zerbitzuak indartzeko konpromisoa hartu zuen Nafarroako Gobernuko presidente Uxue Barkosek, bertzeak bertze.

Ezkarozen ideia horrekin egin du bat Nafarroako Gobernuko Osasun Komunitarioa Sustatzeko Zerbitzuko buru Koldo Cambrak. Ezinbertzekotzat jo du gertatzen ari diren aldaketa demografikoetara egokitzea. Argi du aktibo izaten jarraitzen duen populazio helduak baliabide eta gaitasun gehiago izanen dituela zahartzeak ekartzen dituen aldaketei aurre egiteko. Ondorioz, herritarren osasuna eta ongizatea bultzatzeko beharra nabarmendu du. “Politika aktiboak jarri behar ditugu martxan gero eta zaharragoa den gizarte batek dituen erronkei aurre egin ahal izateko”.

Nafarroako Gobernuko kideek begi onez ikusi dituzte Zaraitzuko eta Nabaskozeko osasun etxetik eta oinarrizko gizarte zerbitzutik proposatu dituzten politikak, hain zuzen ere. Erabiltzaileek ere ontzat eman dute orain arte egindako lana. Horren adierazgarri da jardunaldian Zaraitzuko Etxeko areto nagusia lepo bete izana. Gonzalo Zelaik argi du zaharrentzako programekin gaitasun fisikoak baino anitzez ere gehiago lantzen dutela. “Eragiten ari gara pertsona horien egunerokoan; etxetik ateratzen dira bat egiteko; taldea indartzen dugu, eta gure lanak, gainera, mesede egiten ahal dio eskualdeko ekonomiari”.

Maria Petra Mikeleizek ez du parte hartu Eutsiko kideek prestatutako programetan. “Orain ez, baina egin izan dut kirola nik ere”, zehaztu du. Arretaz entzun ditu, ia hiru orduz, jardunaldian parte hartu duten adituen hitzaldiak. “Interesgarriak izan dira”. Francesek errandakoaren haritik, ikasten jarraitzeko gogorik ez du faltan Mikeleizek. Eta 103 urte bete eta gero, zer irakatsi ere badu. Anitz, gainera.