“Dugun zor historikoa kitatzeko balio du gure museoak”

“Dugun zor historikoa kitatzeko balio du gure museoak”

Kattalin Barber

Zugarramurdin XVI. eta XVII. mendeetan izandako sorgin ehizaren historiaren lekuko da hamar urte bete berri dituen museoa. Memoria historikoa iraunaraztea eta sorginkeriarekin lotutako aferak ezagutaraztea dira, besteak beste, helburuak. Ainara Abete (Elizondo, 1978) hango gida da.

Nolakoak izan dira hamar urte hauek?

Balorazioa ona da. Museoan dugun sentimendua da hamar urte hauetan beti aitzinera egin dugula. Hasiera, ohi den moduan, ez zen batere erraza izan, hutsetik abiatu ginelako, baina gutxika-gutxika gure funtzionamendua zehaztu dugu, eta, zenbait ekitaldi antolatuz, jendea erakartzen saiatu gara. Esan dezakegu hazi garela.

Urte hauetako data gogoangarriren bat duzu buruan?

2010. urtea berezia izan zen. Logroñoko Fede Autoaren 4. mendeurrena ospatu genuen, eta ekitaldi asko izan genituen: filmen lehiaketa, hitzaldiak…. Zugarramurdikoak Logroñora joan ziren, eta haiek hona etorri ziren. Bi herriak senidetu ziren, iragana gaindituz. Gure herriaren memorian oso garrantzitsua izan zen urte hori. Gustav Henningsen idazlea ere etorri zen; harena da El abogado de las brujas liburua. Mikel Azurmendi idazlea ere etorri izan da.

Museo bitxienen artean ere aukeratu dute Zugarramurdikoa. Zergatik da bitxia Sorginen Museoa?

Aurtengo Aste Santuan izan zen. Hundredrooms atari turistikoaren arabera, bederatzi berezienen artean ageri da gure museoa. Guk espero ez ditugun gauzak dira hauek, baina ongi etorriak dira. Publizitatea da guretzat. Zugarramurdik beti izan du turismoa, eta jende asko etorri da sorginen leizea ikustera. Kontua da oraindik ikusten dugula bisitari batzuek sorginen ideia desitxuratu bat dutela. Pentsatzen dute lau atso zirela eta erratz baten gainean hegan egiten zutela. Izan ere, hori izan zen inkisidoreen ikuspuntua. Inkisidoreak hona etorri ziren sorgin maltzur horien bila, baina jende normala harrapatu zuten. Hortaz, dugun zor historikoa kitatzeko balio du museoak. Sorgin ehizaren ondoren, sorginen beldurra egon zen; solastatzeko beldurra zuen jendeak, eta kondairak ez ziren kontatzen. Museoarekin, erakusten dugu gure historia dela, eta jakinarazi behar dugula, gure arbasoekin zor historiko hori kitatzeko.

Zugarramurdin gertatutakoa ez ahazten ere laguntzen du museoak?

Hori da helburuetako bat. Jende normala ziren harrapatu zituztenak, jakintsuak, bere ohitura, sinesmen, erritual eta ezagutzak zituztenak. Bidegabe jokatu zuten. Hortaz, gure arbasoen irudi txar hori ezabatzea eta memoria historikoa iraunaraztea da gure helburua. Bestela, nolabait, inkisidoreek irabaziko lukete, eta ez dugu hori gertatzen utzi behar.

Herriak nola sentitzen du museoa?

Museoa Jesus Agerre alkate ohiaren ametsa izan zen. 2000. urtean udalak baserri hau, ospitalea zena, erosi zuen, eta museoa eraikitzeko obrak egin zituen. Zugarramurdik bere sentitu du museoa sortu zenetik, eta asko lagundu dute. Gainera, museoa izateaz gain, kultur etxe gisa funtzionatzen du. Herritarrak aske sentitzen dira beren gauzak antolatzeko. Adibidez, bilerak egiteko, filmak ikusteko, txotxongiloen topaketa prestatzeko…. Oso garrantzitsua da horrelako herri batean gune hau izatea; gainontzeko herriek ez dute, eta pribilegio bat da.

Sonatua izan zen Alex de la Iglesiaren Las brujas de Zugarramurdi filma, baina istorioak ez du zerikusirik bertan gertatu zenarekin. Eragina izan zuen?

Beti esaten dugu, baina objektu hegalari ezezagun bat Zugarramurdin lurreratu izan balitz bezala gogoratzen dugu. Dena zen filmerako, eta zugarramurdiar guztiek parte hartu zuten, modu batean edo bestean. Bagenekien Alex de la Iglesiaren ideia ez zela Zugarramurdiko benetako historia filmatzea, baizik eta bere ikuspuntua ematea. Ez gaude ados zabaldu zen sorginen irudiarekin, eta, horregatik, gure lana filmaren ondotik izan da benetako sorgin ehizaren historia jakinaraztea bisitariei. Bestalde, ordainezina den publizitate bat ekarri du filmak.

Oraindik jendea etortzen da filma dela eta?

Estreinatu zenean ez genuen askorik nabaritu, baina 2015. urtetik bai. Lehendik etortzen ez zen Espainiako jendea etortzen da orain gurera. Iaz, eta aurten ere, Nafarroako Gobernuak proposatuta, Aktore egun batez programa aurrera eramanen dugu. Filmeko akelarrearen eszena eginen dugu bisitariekin; grabatu, eta gero haiei bidaliko diegu bideotxoa. Lau saio egonen dira.

Zugarramurdiko leizeetara joaten den jende gehienak bisitatzen du museoa?

Ez. Leizeetara joaten direnen laurdenak etortzen dira, gutxi gorabehera. Baina oso ongi dago, eta kontent gaude kopuruarekin. Iaz, adibidez, 120.205 pertsona sartu ziren leizeetara, eta museora, berriz, 31.853 pertsona etorri ziren. Nabarmentzekoa da hamar urte hauetan 247.000 bisitari pasatu direla museotik.

Aurten ere mitologia gela berria estreinatu duzue. Zeintzuk dira berrikuntzak?

Haurrentzako zerbait aproposa egin nahi genuen, eta mitologiari garrantzia eman. Hori dela eta, teknologia berriekin bi ukipen pantaila dituen mahai handi bat jarri dugu; Ainara Azpiazu irudigile hernaniarrak diseinatutako izaki mitologikoei buruz gehiago jakiteko balio du, eta, bestalde, izaki horiek mapan kokatzeko. Uste dugu erakargarriago dela eta haurrek gehiago ulertuko dutela.