Iritzia: Uztailak 7, sarritan

Tania Arriaga Azkarate

Irribarretsu eta, ingelesez esaten duten moduan, txiruliruak tripan ditudala Txantrean lo egin ondoren, oso goiz esnatu naiz. Txupinazoaren egunean ateratzen ez naizenez, gisa horretako ekintza heroikoak erraz egin ditzaket. 7a nire egun handia da. Oraindik ohartu ez denari, Bakozaleen zeruan dagoelako edo, gaur San Ferminen eguna dela esan beharko zaio.

Alai, zuriz jantzi naiz, eta gerriko, zapi eta muleta gorriak hartu ditut. Kafetxo azkarra edan ondoren, Frodo gure txakur pinttoari paseoa eman diogu. Ondoren, patioan behar den moduan utzi eta Alde Zaharrera oinez igo nahi dugun arren, pentsatu dugu billabesa hartzea dela egokiena. Nabilenez gero herrenka, hasperenka, eseri beharko dut noizbehinka, ezta? Bosgarren autobus-linea hartu, eta Iruñe zahar ederrean gaude Maite eta biok.

Pozik baina poliki, muletek erritmoa markatzen baitute, San Lorentzo karrikako betiko jatetxerako bidea hartu dugu. Han, urteko hamarretako berezi eta hunkigarrienean itxoiten digute. Udaletxeko langileek presaka garbitu dituzte gaueko bakanaleko aztarnak. Hala ere, autobusetik atera bezain laster, atzo goizean parranda hasi zuten txorigaldu kantariak hurbildu zaizkigu muleta mikrofono gisa erabili nahian. Kentzen badidate eroriko naizela esan diet, eta erreberentzia batekin aurrera segitzen utzi gaituzte. Gaztelu plaza betea dago: atzoko parranderoak, gaurko kiliki-zaleak, biharko gautxoriak, kuxkuxeroak…

Kontentu Sarasate pasealekura abiatzerakoan amatxi-aitatxi kuadrilla eta haien iloba orraztu eta lisatu andana ikusi dugu. Ondoren, horren ongi orraztua ez dagoen neska talde batekin barrez lehertzear egon gara, Baleztenarren etxearen azpian jota bati erraiak urratzen ari zaizkiolako. Raimundo Lanasek burua altxatuko balu… haiekin batuko litzatekeela eginen nuke! Kantatzeko gogoa sentitu dut nik ere, eta “Cuando yo me muera, tengo ya dispuesto, y en el testamento quemandenterrar, quemandenterrar” melodia itsaskorra txistu egiteari ekin diot; San Nikolasen, izeba Montse, nire moduan maingu, eta osaba To-ñorekin topo egin arte. Manga del Mar Menorrera joateko dena prest duten arren, azken bueltatxoa eman nahi dutela aitortu digute, kilo erdiko lau txurro jateko agindu eta gero. Zuzkidura energetikoa odolean, San Lorentzo arte gelditzen zaizkigun 50 metroak ziztu bizian eginen ditugu: San Miguel karrikatik San Frantzisko plazara, eta Alimentación Mendigorria dendan, BERRIA egunkaria eta, harekin, Nafarroako Hitza erosi dugu.

Orain idazten ari naizen kontakizun hau irakurtzen hasi naiz. Esan dizuedanaren ehuneko ehuna bete da. Hau da hau gaitasun totala! Momentua profitatuko dut, eta Paris 365 jatetxean nor topatu nahi dudan idatzi: Nafarroako Hitza eskuan dutela, Ama, aita, Koldo-Luis, Ana G-F, Isabelita, Biki, Aitziber, Maika, Kristina, Ken, Kris, Anjel, Lur, Karlos B, Stefan Zweig, Arrate, Virginia Woof, Miren, KD Lang, Arantxa, Witney Huston, Celine Dion eta Salamankako kartzelatik ihes egin duelako gure izeba Josune ikusi nahi ditut. Pd. Sarri, Sarri, Sarri, Sarri, Sarri, Sarriiiiii!