Iritzia: Ziega horietara

Lur Albizu Etxetxipia

Bazkalorduan iritsi zen berria. Pixka bat beranduago pentsatu nuen zein gaitasun izan dugun eta dugun orain ere berri txarrak jaso eta gorputzak eztanda ez egiteko. Nola ikasi dugun hainbeste muntaia, kartzela-eskaera, errepide amaigabe, zigor, fiskal, epaile, Entzutegi Nazional, tortura, isolamenduren aurrean aurrera jarraitzen. Eta nola ikasi dugun negar egiten gutxien espero dugun momentu eta egoeretan; lekuz, denboraz kanpo beharbada. Sentimendu-ekaitzak nola kudeatu ere ahaztu egiten zaigu herri honetan; ez ditugu eztanda gutxi bizi izan.

Surrealismoaren mugak pasatzea ez da batere erraza Euskal Herrian, eta Nafarroan baditugu gure surrealismo propioak ere. Baina honek marka guztiak gainditu ditu, marka guztiak gainditzen ari da Altsasu. Kolpeak bata bestearen atzetik jaso izan ditugu azken hilabete hauetan. Eta luzeak izan dira. Luzeak izan dira, batez ere motzak izanen zirela uste genuelako, edo uste nuelako, behintzat.

Uste nuen ez zintuztetela bahituko, ez zintuztetela eramanen, ez zirela ausartuko. Uste nuen ez zintuztetela Auzitegi Nazional deitutako epaitegi frankistan epaituko. Uste nuen herri oso baten indar itzela ikusita, ez zirela hain urrun joanen. Beharbada askatuko zintuztetela, beharbada Nafarroara ekarri, beharbada… bata bestearen atzetik. Eta bat-batean zortzi hilabete dira eraman zintuztetenetik.

Zortzi hilabete. Erraz esaten da. Eta erraz esaten da, baina ausartu dira 50 urte baino gehiagoko kartzela-eskaerak egiten. Ez naiz konparazioetan sartuko, norberak egin ditzala nahi dituen kalkuluak, adibideak ez zaizkio faltako. Zenbakiek asko esaten dute. Hamaika gazteren bizitza dago jokoan, goitik behera. Harridurarako gaitasuna galdu egin dugu herri honetan. Gehiegi izan dira. Beharbada honakoa da, hala ere, min handienetakoa eragin diguna. Ez da objektiboa; denborak gauza asko lausotzen ditu, txikiago egiten ditu, ezdeusago bihurtzen ditu, gure memorian zirrikitu sinbolikoago bilakatzen ditu.

Gaur kalera aterako gara berriro zuen askatasuna exijitzera, oraingoan Iruñean, sanferminetako azken egunean; zuekin partekatu behar genituen festetan. Amorrua partekatu dugu guk hemen, injustiziaren kontrako oihuak, begiradak, elkartasuna, borroka, maitasuna. Altsasura bueltatu behar zaretela oihukatuko dugu, eta muntaia polizialari erantzuten jarraituko dugula. Altsasu duintasunaren hiriburua dela, eta Iruñeak ere badakiela zer den hori. Gurekin nahi zaituztegula. Badakigula horrelako tamainako muntaia baten lehenengo biktimak zaretela, baina askoz gehiago etor daitezkeela ondoren ere, eta ezin dugu onartu.

Izan daitezela zuek gabeko azken sanferminak. 2018an hemen nahi zaituztegu, aske, entzierroan korrika, Herri Sanferminetan txanda egiten, festan, libre. Entzun dadila zuen aldeko oihua ziega bakoitzetik. Iruñetik Navalcarnerora. Iruñetik Aranjuezera. Iruñetik Estremerara. Iruñetik Altsasura. Etxean izan arte, Altsasuko hamaikak, aske.

Maite zaituztegu.