Muskildak aurkitu du itzultzeko bidea

Muskildak aurkitu du itzultzeko bidea

Edurne Elizondo

Zorionak, badugu zer ospatu!”. Muskildak hamaika tokitako bisitariak hartzen ditu, egunero; inguruko herrietatik ailegatu direnen ahotik jaso ditu Ione Villanuevak zorion mezurik gehienak, halere. “Gurea ere bada Muskilda”, erran dio Ezkarozeko herritar batek. “Ezkarozetik eta Itzaltzutik etortzen dira erromerian, baina Muskilda, berez, Otsagabiko herriarena da”, zehaztu du Villanuevak.

Muskilda bere sentitzeko arrazoiak ez ditu faltan Villanuevak. “Hemen jaio nintzen, eta hemen bizi izan naiz, 18 urte bete arte”. 60 ditu egun. Etxea badu Otsagabian, baina egunero egiten du Muskildarako bidea. Baseliza eta ondoko etxea zaintzen ditu. “Ama izan zen azken serora; azaroan hil zen, 98 urterekin. Aita Muskildako ermitazaina izan zen; ama ezagutu, eta ezkondu egin ziren. Hemen gelditu ziren, baseliza zaintzen. Nebak eta biok etxe izan dugu txoko hau”.

Horregatik, Iruñeko Artzapezpikutzak baseliza, ondoko etxea eta inguruko lurrak bere izenean erregistratu zituela jakin zuenean, zimikoa sentitu zuen Villanuevak bihotzean. Eta orain, epaileak ondare hori Otsagabiko herriarena dela ebatzi eta gero, lasaitua hartu du, berriz ere. “Kendu zigutena itzuli digutela sentitu dut”. Artzapezpikutzak badu helegitea aurkezteko aukera; hilaren 28a izanen du urrats hori egiteko azken eguna. Bizilagunen zorion mezuak, halere, kontent hartu ditu Villanuevak. Zer ospatu baduela argi du.

XII. mendekoa da Muskildako baseliza. Iruñeko Artzapezpikutzak 1999. urteko azaroan erregistratu zuen bere izenean. 1998. urtean Espainiako Gobernuak Hipoteka Legean egindako aldaketa baliatu zuen horretarako. 1946. urteko legea moldatu zuen PPko Jose Maria Aznarren gobernuak 1998an, hain zuzen ere. 1946ko legeari esker, hamaika toki immatrikulatu zituen Elizak, eta 1998an moldatu eta gero, gurtzarako lekuak ere bere izenean jartzen hasi zen. Otsagabian, 2007. urtean jakin zuten Elizak beretzat hartu zuela Muskildako baseliza. “Prentsan irakurri genuen ondarearekin gertatzen ari zena; orduan ohartu ginen herrian jazotakoaz”, gogoratu du Juan Miguel Tohane Otsagabiko alkateak.

2007an, Ondarearen Defentsarako Plataformak egindako lanari esker hasi ziren herritarrak errealitateaz jabetzen. Immatrikulazioen berri eman zuten elkarteko kideek, eta jada hamar urte bete dituen bidea hasi zuten: Elizak bere izenean erregistratutako guztia ezagutzea hartu dute xede, bai eta hori guztia herritarrei itzultzea ere. “Epe luzerako borroka da gurea”, erran du Ondarearen Defentsarako Plataformako kide eta bultzatzaile Jose Mari Esparzak. Ontzat jo du Otsagabiko Udalaren aldeko sententzia, baina argi utzi du elkarteak “konponbide orokor bat” bilatzen duela, Elizak bere esku hartutako ondare guztia itzul dezan.

“Auzolan juridikoa”

Otsagabiko Udalak 2012. urtean erabaki zuen epaitegietara jotzea Muskilda berreskuratzeko. “Saiatu ginen Artzapezpikutzako arduradunekin negoziatzen; hainbat bilera egin zituen udalak haiekin, baina ez zen arazoa konpontzeko modurik izan”, azaldu du alkateak.

2014ko irailean egin zuten epaiketa, azkenean, Agoizko auzitegian. Otsagabiko Udalaren abokatu Ana Clara Villanuevak, bertzeak bertze, zuzenbidearen historialari Roldan Jimenok egindako txostena baliatu zuen Muskilda herritarrena dela erakusteko. “Oso harro nago egindako lanaz; epaileak kontuan hartu du, sententziak agerian utzi duenez”, erran du Jimenok.

Jimenok, halere, Muskilda Otsagabiko herritarrena dela erakusteko egindako “auzolan juridikoa” nabarmendu du. Izan ere, lagun izan ditu Peio Monteano historialaria, Otsagabiko Udaleko idazkari izandako Carlos Hernandez eta Ione Villanueva bera. Muskildako zaintzaileak urte luzez artxiboetan egindako lanaren emaitza jaso du Roldanek bere txostena osatzeko. “Bizitza osoa eman dut toki hau zaintzen, eta gustuko izan dut beti Muskildari buruzko informazioa bilatzea; aurkitu ditudan agiri guztiek agerian utzi dute baseliza otsagabiarrena dela, eta Elizak inoiz ez duela bere funtzionamenduan esku hartu”, azaldu du Villanuevak.

XVII. mendekoak ekarri ditu Muskildako zaintzaileak gogora. Orduan, orain bezala, baseliza bereganatu nahi izan zuen Elizak. “Ez zuen lortu; XVII. mendekoak dira baselizan egindako moldaketa nagusiak, eta herritarrek erretaulan, ateetan eta abarretan zehaztu zuten lanak Otsagabiak egin zituela”.

Harrotasunez mintzo da Villanueva Muskildari buruz. Oroitu da haurtzaroko negu gogorrekin. “Anitzetan gelditzen ginen eskolara joan gabe”. Izan ere, oinez egiten zuten baseliza ondoko etxetik Otsagabiko ikastetxerako bidea. Kilometro eta erdi eskasekoa da, baina elurrak zailtzen zuen paseoa. “Azkenean, herrikoa zen hezkuntzako ikuskatzaile bati esker, Iruñera joateko beka jaso genuen nebak eta biok, eta han izan ginen batxilergora arte”.

Villanuevak Muskildara itzultzea erabaki zuen gero. “Eta ez naiz damutzen; mundu osoko jendea ezagutu dut hemen; hau bezalako unibertsitaterik ez da”. Duela 40 urte inguru errepidea egin zuten herritik Muskildaraino. Hala eta guztiz ere, baseliza ondoko etxean gelditzea nahiago izaten du Villanuevak anitzetan. Han du bere txokoa; han du bere benetako etxea.

Artzapezpikutzak helegitea aurkeztuko duela uste du Villanuevak. Jimenok ere bai. Hala ere, Agoizko epailearen sententzia “oso sendoa” dela uste du historialariak, eta zaila izanen dela ebazpen horretan jasotakoei buelta ematea. Jimenok nabarmendu du Muskilda otsagabiarrena dela argi uzten dutela gordetako agiriek. “Botere laikotik eta Elizatik baselizara egindako bisiten inguruko agirietan Muskilda herriarena dela zehazten da; XIX. mendean, halaber, Muskilda mendia eta hango baseliza Otsagabiarenak direla jaso zuten”. Herriaren aldeko oraingo sententziak “bide bat” zabaltzeko balioko duela espero du historialariak. Immatrikulazioen auzia herriz herri aztertu beharreko gaia dela erantsi du, halere, tokian tokiko errealitatea aldatzen delako.

Ia 1.100 eraikin

Otsagabiko Udalaren aldeko sententziak orain arteko jurisprudentzia aldatzeko balioko duela espero du Jose Mari Esparzak ere. Berretsi du, halere, herriz herriko konponbideak bilatzea ez dela Ondarearen Defentsarako Plataformaren lehentasuna. Txalotu du otsagabiarren eta auzitara jo duten bertzeen ahalegina, baina argi du auziak ixteko konponbide orokorra behar duela.

Nafarroan, 1998tik 2007ra, ia 1.100 eraikin erregistratu ditu Elizak bere izenean. Nafarroako Parlamentuak emandako datuak dira horiek, Ondarearen Defentsarako Plataformak eskatuta. “Bizkaian, Gipuzkoan eta Araban beste 525 bereganatu ditu Elizak; beste daturik ez da”, azaldu du Esparzak. Erantsi du Espainiako Gobernuak konpromisoa hartu duela immatrikulatutako eraikin guztien zerrenda ezagutarazteko. Beteko duela espero du.

Orain arte legean gertatu diren aldaketen eskutik egindako urratsak jarri ditu Esparzak mahai gainean. “1998an, PPk aldatu zuen 1946ko legea; eta alderdi berak aldatu behar izan du 1998koa ere, onartezina zelako”, azaldu du.

Azken aldaketa horren eskutik Elizak jada ez duela “nahi duena” egiteko modurik nabarmendu du Esparzak. Baina ez du hori nahikotzat jo. Salatu du, gainera, “PSOEren jarreraren erruz” ez dela lortu immatrikulazioei bidea eman dien legea konstituzioaren aurkakotzat jotzea. “Horrek nolabaiteko amnistia izan du ondorio; galdu dugu Elizak orain arte bereganatutakoa kolpe batez berreskuratzeko aukera”.

Lanean jarraitzeko bertzelako bideak badirela argi du Ezparzak, hala ere. Elizaren “hipokrisiaren” adierazgarri den jokabide bat aipatu du, adibidez: “Eraikinak bereganatzen ditu; alokatzen ahal ditu, hipotekatu edo saldu; baina konpontzeko lanak erakunde publikoek egin behar dituzte”. Udalak egoera kaskarrean diren eraikinen inguruan esku hartzen hasten badira, Elizak “arazo handi bat” izan dezakeela uste du Esparzak.

Lanean jarraitzeko konpromisoa berretsi du plataformak. Iaz, Recuperando koordinakundea sortu zuen gisako hamaika elkarterekin batera. Elizari hartutakoa itzultzeko eskatzen jarraituko dute. Elkarrekin, eta ozen. Muskildan bezala, herrialde osoan.