Han hondarra eta hemen kazkabarra

Han hondarra eta hemen kazkabarra

Edurne Elizondo

Muztioa nahi duela erran du. Ez daki zer den, inoiz ez baitu hartu, orain arte. Baina gustura edan du. Igerilekua maite du gehien, nabarmendu duenez. Kontent dela erantsi du, eta karrikara joan da, bizikleta hartuta, lagunekin jolastera. Said Mohamed Salek sahararra da, 10 urte ditu, eta lehendabiziko aldiz etorri da Nafarroara, uda pasatzera. 12 urteko Walda anaia ere herrialdean da, eta, haiekin batera, 11 urteko Brahim Alisalem. Denera, 115 gaztetxo saharar etorri dira aurten Nafarroara, udan, ANAS elkartearen bidez.

Harrera familia dira Itxaso eta Amaia Antoñana ahizpak. Roberto del Cura bikotekide du azken horrek, eta beren etxean hartu dute Brahim Alisalem, Berriozarren. 2013. urtetik badute haren familiarekin harremana. Etxe dituzten kanpalekuak ere ezagutzen dituzte, hainbat aldiz joan baitira. Itxaso Antoñana izan zen bidaia egiten lehena, 2010. urtean. 16 urte bertzerik ez zuen, orduan. Ahizparekin egin zuen bide bera, gero, bertze hainbat aldiz. “Lehendabizikoz abenduan egon ginen; orduan, gogorra izan zen honat itzuli eta Eguberriak bizitzea, besta horiek duten kontsumo guztiarekin”, gogoratu du Itxaso Antoñanak.

Aste Santuan ere joan izan dira Antoñana ahizpak kanpalekuetara, eta orduan ezagutu zuten, biek nabarmendu dutenez, basamortuko egunerokoa bere gordinean. “Beroa ikaragarria da; ez dago deus egiterik; ez dute deus, eta kanpoko laguntzaren menpe dira; gure egunerokoarekin alderatuta, kolpea latza da”, aitortu du Amaia Antoñanak. Haurren aurtengo bidaian gertatutakoak balio du kanpalekuen eta Nafarroaren artean dagoen aldea irudikatzeko: hondar ekaitz batek agurtu zituen haurrak; eta kazkabarrak egin zien, hemen, ongi-etorria.

Ez dute deus, baina dena partekatzeko prest dira. “Guk ere familia dugu han”, nabarmendu dute Antoñana ahizpek. Udan haurrak hartzea familia harreman hori lantzen jarraitzeko aukera bat da haientzat. Izaskun Villanuevak ere horixe sentitzen du. Familia osatzen ari direla. “Aita egon izan da kanpalekuetan; aurten itzultzeko asmoa du, eta neba harekin joanen da; ni ere bai, aukera badut”, azaldu du. Said Mohamed Salek etxean du Villanuevak.

Haur sahararrak abuztu bukaera bitarte egonen dira Nafarroan; denera, bi hilabete. Kanpalekuetako errealitatea gertutik ezagutu eta gero, Antoñana ahizpek argi dute udan handik ateratzeko aukera izatea “gauza handia” dela haurrontzat. “Familiek ere eskertzen dute”. Nafarroako Parlamentuak laguntza eman dio ANAS elkarteari, azken urteotan. Ekainaren 30ean, erakunde horren egoitzan egin zieten harrera, hain zuzen, haurrei eta beren harrera familiei. Berriozarren, udalak ere laguntzen duela nabarmendu dute Antoñana ahizpek eta Villanuevak. Harrera familia gabe gelditu diren hainbat haur udalak utzitako etxebizitza batean dira, adibidez, hainbat begiralek lagunduta.

Said eta Walda Mohamed Salek anaien ama ere begirale lanetan ari da egunotan, Jakan (Aragoi, Espainia). “Harekin asko hitz egiteko aukera izan dugu; familientzat ez da erraza beren seme-alabak ezagutzen ez dituzten pertsonen esku uztea; lasaitua hartzen dute gurekin hitz egiteko eta gu ezagutzeko aukera dutenean”, azaldu du Villanuevak.

Uda, gainera, oinarrizko mediku azterketa egiteko baliatzen dute haur sahararrek. “Pediatrarengana joateko aukera dute, gizarte segurantzaren bidez; bestalde, hainbat dentistak eta optikok ere parte hartzen dute proiektuan, eta doan egiten dituzte azterketak”, azaldu du Itxaso Antoñanak.

Oztopoen gainetik

Helburu nagusia, halere, haurrek disfrutatzea dela argi dute harrera familiek. Basamortuko eta kanpalekuetako errealitatea, tarte batez, behintzat, atzean uzteko aukera izan dezatela. Eguneroko martxa ez da beti erraza, baina merezi duela zalantzarik ez du Amaia Antoñanak: “Lehen egunak zailak dira, baina pixkanaka-pixkanaka ohitzen dira, eta kontent dira”.

Hizkuntza, hasieran, oztopo bilakatzen dela aitortu dute harrera familiek. Kanpalekuetan gaztelaniaz egiten ikasten dute haurrek, baina denak ez dira berdin moldatzen. “Waldak, adibidez, Saidek baino hobeki egiten du; kontua da Said ez dela ikasten ahalegintzen, eta anaia erabiltzen du itzultzaile gisa”, erran du Villanuevak. Horregatik, nork bere harrera familia du. “Egun osoa ematen dute elkarrekin, baina nork bere etxean egiten du lo”. Hizkuntzaren mugak erraz gainditzen dituzte haurrek, dena den. “Badakite nahi dutena nola azaldu”, nabarmendu du Villanuevak.

Ez dute hitz egiteko gogo handirik, baina pozik direla berretsi dute haur sahararrek. Nahiago dute elkarrekin jolastu. Aurrean ez direnean, Amaia Antoñanak aitortu du harrituta dagoela Brahim Alisalemek jaten duen fruta kopuruarekin. “Izugarri gustatzen zaio!”. Villanuevak erantsi du Said Mohamed Salekek ere biziki gustuko duela fruta. “Beti dago jateko prest!”. “Kanpalekuetan ez dutena gustura jaten dute”, erantsi du Itxaso Antoñanak. Kanpalekuetan gogorra da egunerokoa; uda amaitzen denean, halere, haur sahararrak kontent itzultzen dira. “Haurrok ez daude bakarrik; kontent itzultzen dira familiarengana”, nabarmendu du Itxaso Antoñanak. Oraindik badute igerilekuaz gozatzeko denbora. Hilabete, hondarrera itzuli arte.