“Autobuseko erabiltzaileak uste du ez duela betebeharrik”

“Autobuseko erabiltzaileak uste du ez duela betebeharrik”

Joxerra Senar

Bakarrik eta babes gabe. Hala sentitzen dira billabesetako gidari asko. Aurten, bederatzi eraso fisiko jasan dituzte. Horrez gain, egunkarien lerroburuetara iristen ez badira ere, ohikoak dira tentsio uneak eta liskarrak. “Gaur zer gertatuko ote zait?”. Maiz, pentsamendu horrekin hasten dute lanaldia. Maite Beorlegi (Iruñea, 1962)langileen batzordeko ELAko ordezkariak hamalau urte daramatza autobusa gidatzen. Gizartearen kontzientziazioa aldarrikatu du, eta inplikazio handiagoa eskatu die enpresari eta Iruñerriko Mankomunitateari.

Langileak nola zaudete?

Apur bat gure onetik aterata gaude. Gaueko zerbitzuan lan egiten dutenek aspaldi daramate horrela, eta lanera joate hutsak estresa eragiten die. Hala ere, gaur egun, denoi eragiten digu. Sanferminak hasi baino hamabost egun lehenago, adibidez, langile guztiak urduri gaude, ohikoa baino estres handiagoarekin. Gainera, azken erasoak goizez gertatu dira.

Zein izan da erasorik larriena?

Sanfermin hauetan, gidari bati erasoaren ondorioz puntuak eman behar izan zizkioten, eta abenduan Barañainen autobusa abian zegoela gidaria jo zuten. Hark ere puntuak behar izan zituen. Beste askotan, odolik ez da isuri, baina lankide ugarik gaixo agiria hartu behar izan dute luxazioak, gihar uzkurdurak, estresak eraginda.

Ekainean, ELAko Carlos Villain gidariari egin zioten eraso. Zer gertatu zen?

Igande arratsaldez, mozkor zegoen pertsona bat sartu zen. Semaforo batean geldirik zegoela, atea irekitzeko eskatu zion. Erantzun zion ezin zuela, arriskutsua zelako. Mozkor zegoela ikusirik, jaitsi eta etorbide bat gurutzatzen has zitekeen gainera. Hurrengo geltokian irtetean, garagardo lata bat jaurti zion burura, eta buru ondotik igaro zitzaion. Bultzaka hasi ziren, jendeari laguntzeko eskatu zion, baina inork ez zion lagundu.

Jendeak ezjakintasuna al du ordenantzei buruz?

Hori da oinarrizko arazoetako bat. Hiri garraioa zerbitzu publiko bat da, eta erabiltzaileak uste du ez duela inongo betebeharrik. Autobusetan kartel batzuk egon arren, inork ez die jaramonik egiten. Autobus batean izan beharreko jokabidea ez da ezagutzen. Eta arrandiaz jokatzen da gidariekin. Gu autobuseko autoritatea gara. Zerbait esaten badugu, bete egin behar da, baina erabiltzaileek modu txarrean erantzun ohi digute.

Jarrera orokorra da?

Bai. Zenbaitek ulertzen dute onerako esaten duzula, baina gehienek uste dute ozpinduta gaudela. Jendeak ez digu laguntzen. Zerbait gertatuz gero, inork ez du lekukotasuna eman nahi. Norbait biolento jartzen bada, mundu guztiak beste aldera begiratzen du.

Kontzientziazioa kanpaina beharrezko ikusten duzue?

Bai, herritarrak jakinaren gainean egon daitezen. Hasieran, kamerak jarri ziren. Batetik, kamerak atzera egitera eraman dezake erasotzailea, eta, kasua epaiketara joanez gero, froga bat ere baduzu. Sindikatu batzuk nabarmendu dute pantailak jarri behar direla. Ados gaude horrekin, baina uste dugu lehenago kontzientziazioa egin behar dela, eraginkorragoa delako.

Gidariak babesteko pantailak zalantzak eragin ditu. Zergatik?

Irteteko ate bakarra genuke, pantailarena, eta erasotzaileak irteera moztu dezake edo gainetik edozer gauza bota dezake. Klaustrofobia eragiten du, eta gidatzerakoan ere ez omen dira erosoak.

Enpresak zer jarrera du?

Batzuetan ez digute ezta deitu ere egiten jakiteko nola gauden. Deituz gero, aseguru etxeari gertatutakoaren berri emateko da. Utzikeria dago, bakoitza bere kasa doa. Nabaritu dugu enpresa ez dela pertsonalki inplikatzen.

Eta mankomunitateak?

Nabaritu dugu Aritz Aiesa lehendakariak pertsonalki interesa agertu duela. Beste gauza bat da erakundea; mugitzerako, asko kostatzen da. Ordenantza berria kaleratzear dira. Isun gogorragoak ezarriko dituzte. Hala ere, beste arazo bat dago. Arauak aspalditik ditugu, baina betearazi egin behar dira. Aspalditik inspektoreak ez dira autobusean sartzen, ez dute ordenantza betearazten, billeteak eskatzen… Erabiltzailearen sentsazioa da ez dagoela enpresa edo mankomunitatearen presentziarik. Gaueko zerbitzuetan hasi zen arazoa:udal guztiek nahi dute zerbitzu gauekoa izatea, baina gero ez diote jendeari enbarazu egin nahi. Dena egiten uzten da, eta gerora jendeak ikusten du Polizia ez dela inplikatzen.

Azken asteetan, elkarretaratzeak egin dituzue. Zer gehiago egin dezakezue?

Enpresari eta mankomunitateari inplikazio handiagoa eskatzen diogu. Gidari bati erasotzen dioten hurrengoan, lanuzteak egingo ditugu. Ikusiko dugu nola. Jendeari inplikazioa eskatzeko modua da. Autobusa zergatik ez den iristen galdetzen dutenean, jakingo dute erasoengatik dela.

Atzean badira arazo gehiago?

Bai. Duela hogei urte ezarritako erritmoekin jarraitzen dugu. Trafiko gehiago dago, hiria eraldatu da, baina duela hogei urte bezala funtzionatzen dugu. Enpresa ez da egokitu. Gidatzeko epeak ordukoak dira. Zerbitzuaren lehiaketaren deialdia egin zenean, aurkeztu ziren enpresak kexu ziren gutxieneko prezioa txikiegia zelako, eta, hala ere, %12 murriztu zuen eskainitako prezioa enpresa irabazleak. Zeren truke? Mantentze gastuak murriztu dira, langile kopurua ere bai, autobus ugari lauzpabost urteren buruan oso hondatuta daude. Azkenean, enpresak dirua irabazi nahi badu, nonbaitetik murriztu behar du.