Jose Mari Apezetxea margolaria hil da

Jose Mari Apezetxea margolari baztandarra hil da. Erratzuko bere etxean zendu zen larunbatean, eta atzo egin zuten haren aldeko hileta elizkizuna. 90 urte zituen. Baztango eta inguruko pintore anitzen irakasle izan zen Apezetxea. Ana Mari Marin eta Tomas Sobrino margolariek “lur jota” hartu dute lagunaren heriotzaren berri, eta Apezetxearen eragina nabarmendu dute. Apezetxeak Cezanne izan zuen eragin nagusi, eta halaxe azaldu zuen Berria egunkariko Igandea gehigarrian 2008ko uztailean egindako elkarrizketan. Ondokoa da elkarrizketa horren testua:

Jose Mari Apezetxea

«Denak heldu gara toki beretik, eta toki hori da Cezanne»

Erratzuko (Nafarroa) bere etxeko beheko solairuan du margotzeko gela Jose Mari Apezetxeak. Gela handi eta argitsua. Naturan jasotakoa ideiak eta zertzeladak pintura bilakatzen ditu bertan. Baztango margolarien artean bera da nagusietako bat; bertze hamaikaren irakasle.

Edurne Elizondo

Irribarrea du aurpegian beti Jose Mari Apezetxeak (Erratzu, 1927). Eroso sentitzen da naturaren erdian, mendian, basoan, karrikan margotzen. Tomas Sobrino margolaria izaten du pintatzeko txangoetan lagun. Adinak hainbat bide moztu dizkiolako jada. Gidatzekoa, batetik. Bertzeen hitzak lehendabiziko aldian entzutekoa, bertzetik. Baina Baztango natura eta paisaiak bere pintzelekin harrapatzeko gaitasunak bere horretan jarraitzen du Apezetxearengan. Ez du margolari sena galdu. Ezta naturan bere koloreekin harrapatu nahi duen ideia ikusteko trebezia ere. Hori baita, bere ustez, margolariaren funtsa. Ikusten jakitea. Margotzeko baliatzen duen gelan, bere margolanek egiten diote so pintoreari paretetatik. Haien aurrean, pinturaz mintzatu zaigu Apezetxea. Erratzuko margolaria. Baztango paisaien pintorea.

Margo ikastaroa egiten duzu urtero, Tomas Sobrinorekin batera. Prest duzue aurtengoa?

Bai, aurten ere eginen dugu. Abuztuan. Astean hiru egunez. Duela hamar urte gutienik hasi ginen. Edo gehiago. Hori egiteko ideia Elizondoko Arizkunenea kultur etxean sortu zen. Bertako arduraduna gurekin solastu zen, egiten ahal zela zerbait, eta udalak hartu zuen bere gain egitasmoa. Eta horretan ari gara.

Nolako ikastaroa da?

Kanpora joaten gara margotzera. Hautatzen ditugu lau toki, ikastaroak dituen hamabi egun horietan joateko. Nik uste dut formula ona dela, jendea ez da aspertzen.

Arrakasta izaten du ikastaroak?

Bai, bai. Kanpotar anitz etortzen dira. Hemengoak ez horrenbertze. Baztangoak guti. Bidasoakoak badira, eta gehienak Iruñetik eta inguruko herri kozkorretatik etortzen dira. Adin guztietakoak. Eta gehiago emazteak gizonak baino. Gogo handiagoa jartzen dute, gainera.

Nolakoa da irakasle lana?

Irakasleak lortu behar duen gauza nagusia da ikasleek ikustea. Margotzen ari denak ikusi egin behar du zertan ari den; sentitu egin behar du. Sentitzen duenean, gainerakoa etortzen da bakarrik. Ofizio kontuak aritu ahala ikasiko ditu. Baina guk indarra horretan jartzen dugu. Ikusten irakasten diegu.

Ikusten irakatsi; ez da erraza izanen.

Ez da, ez. Kontua da ikasleei argi uztea gauzak sentitu egin behar dituztela. Hiru egunez toki berera joaten bazara, gauza bera ikusten duzu beti. Baina ez da gauza bera. Argia dela, kolorea, zure umorea. Nonbaiten gelditzen zarenean hura margotzeko asmoarekin, zerbaitegatik da. Zerbait sentitu duzulako. Aurkitu duzu bilatzen ari zinena. Baina egun batean sentitu duzuna akaso ez duzu hurrengoan berdin jasoko. Toki berera lau aldiz joan, eta lau aldiz ikusiko dut diferente. Sekula ez dut ikusiko berdin. Horregatik, gaur atera, margotzen hasi, eta buruan ongi gordetzen dut ikusten eta sentitzen ari naizena. Etxean bukatzeko.

Ideia eta sentimendua buruan hartu, beraz?

Horixe. Ongi gorde. Ez bada ateratzen, beti duzu itzultzeko aukera. Baina bertze zerbait aterako da.

Edozeini ezin izanen zaio ikusten irakatsi, ezta?

Anitzek aisialdia betetzeko afiziotzat dute pintura. Horiei utzi behar zaie beren bidea egiten. Bada, halaber, ongi margotu, baina deus ikusten ez duenik. Irakatsi behar zaio, baina, akaso, ez du inoiz lortuko. Baztan-Bidasoa alde honetan, atera dira zenbait onak. Eta gehienak, emakumeak. Sentimendu handiagoa paratzen dute.

1927. urtean jaio zinen. Orduan ez zen zurearen gisako ikastarorik izanen. Nola hasi zinen zu margotzen?

Beti aritzen nintzen. Eskolan ere, liburu guztiak zikintzen nituen margoekin. Iruñera joan nintzen gero ikastera, seminariora. Oporretan etortzen nintzen herrira, eta Javier Ziga margolaria nire osabaren etxera etortzen zen Baztanera, Elizondora, uda pasatzera. Bizikleta hartu, eta harengana joaten nintzen, margotzera. Egunero. Pare bat ordu edo hiru egoten nintzen. 1940an hasi nintzen Zigarekin, eta 1946a bitarte-edo egon nintzen harekin; beti hilabete bat, udan. Geroztik, nire kontu. Orain jende anitz bada margotzen, baina orduan ez zen inor. Eta behar da norbaitekin bat egin. Solasteko. Soldaduskan banuen lagun bat, eta harekin ere ibiltzen nintzen margotzen.

Zer irakatsi zizun Zigak?

Hura klasikoa zen. Hura joana zen Parisera, baina joan, eta handik gutxira, gerra hasi zen. Parisen aldatu zen bere pintura, gauza goxoagoak egiten hasi zen. Baina honat itzuli, eta berriz pintura klasikoaren eta akademikoaren bidetik jarraitu zuen. Baina niri lagundu zidan. Ofizioa hartzen irakatsi zidan.

Orduan inor ez zela diozu; orain Baztanen jende anitz aritzen da margotzen.

Hemen bakarrik ez. Toki guztietan bada jende anitz. Suertatu da hainbat margolarik egiten dugula erakusketa udan, sei, zazpi edo zortzi margolarik, Baztanen. Tabernekin gertatzen den gauza bera gertatzen da margolariokin. Paratzen baduzu taberna bat zoko batean, bakar-bakarrik, inor ez zaizu etorriko. Sei, zazpi edo zortzi paratzen badituzu segidan, joanen da jendea. Jendea egun pasa etortzen da batetik bertzera ibiltzeko. Horrek egiten du dena.

Baztanek ez du deus berezirik, beraz, zure ustez?

Bueno, egia da Baztan-Bidasoako margolariok beti izan dugula fama puska bat. Eskolaz anitz mintzatu dira. Nik uste dut eskolarik ez dela hemen. Eskola erraten dudanean nik erran nahi dut modu bat. Pintatzeko modu bat. Eta halakorik ez dela uste dut. Baztan-Bidasoako margolarion ezaugarria da naturan bertan margotzen dugula. Ibaia ere bada gure arteko lotura, hemen Baztan eta gero Bidasoa deitzen dena. Hori bai. Ahal duguna naturan bertan egiten dugu, ez dena etxean. Horretan lehendabizi hasi ziren Regoyos, Vazquez Diaz eta bertze zenbait. Ez ziren hemengoak. Baina hemen aritzen ziren. Haiekin aritzen zirenek egin zuten bide bera gero, Montes Iturriozek, Mentxu Galek. Eta gero bertze anitzek. Baina badira hamaika modu pintatzeko. Ez dugu batek bertzearekin ja ikustekorik. Vazquez Diazek eta Montes Iturriozek izan dute, akaso, eragin handiagoa. Baina, azken finean, denak heldu gara toki beretik, eta toki hori da Cezanne.

Margotzeko hamaika modu; eta zurea zein da?

Ni saiatzen naiz sinplifikatzen. Nire historia guztia dago Cezannerengan. Cezanne gaur egun da… erran daiteke egiten den margoaren erdia egiten dela Cezanne dela medio. Hark ireki zuen atea, eta ate horretatik pasatu gara anitz. Cezanne da margolari bat aski txarra zena hasieran, baina puskaka-puskaka, bere gogo guztiarekin, ailegatu zen azken mutur horretara. Berak egin zuena baino gehiago da zer utzi zuen bertzeek egiteko.

Cezanneren bide horretan zaude zu?

Bai. Beti hor. Alde batera edo bertzera jo dezakezu, baina bidea hori da. Hori ageri da.

Egunero margotzen duzu?

Bai, bai. Egunotan ez, bestak izan direlako. Baina bertzela bai. Nahi izaten dut bakarrik egon. Baina ja ez dut autoa gidatzen, eta Tomas Sobrinorekin joaten naiz. Ikastaroa harekin egiten dut ere. Berak egiten du lan gogorrena, gainera. Kanpora joaten garenean, ideia hartu, lau zertzelada, eta etxera bukatzera. Baina guti gara, gaur egun, kanpora joaten garenak margotzera. Naturara.

Argazkia dute anitzek abiapuntu.

Argazkia niretzat da etsaia. Ez zait gustatzen. Argazkia da gauza bat, eta pintura da bertze bat. Argazkiak egiten ahal du tranpa. Ni konturatzen naiz margotzeko badirela hamaika modu, gaur egun, eta denak aprobetxatzen dituztela. Baina nire bidea ez da hori.

Etxean zer erran zizuten margotzen hasi zinenean?

Gauza handirik ez. Andreak beti erraten dit egiten dudan guztia ona dela.

Eta gurasoek zer erraten zizuten?

Deus guti. Seminariotik atera eta honat itzuli nintzen, herrira. Hogei urte nituenean atera nintzen, eta banuen ideia margotzen jarraitzeko kanpoan, Madrilen edo Parisen. Baina etxean lana bazen. Aitak lan handia zuen. Gerra denbora zen. Eta gelditu nintzen. Denda genuen, oihalak saltzeko denda. Hor aritzen nintzen, eta inguruko baserrietan laguntzen.

Pena duzu kanpora joan ez izana?

Ez dakit. Gelditu nintzen, eta kito. Margotzen jarraitu nuen. Eta orduan, gainera, margorik ez zen saltzen. Ziga ona zen erretratuak egiten, eta saltzen zizkien pinturak aberatsei. Garai hartan jende anitz joan zen kanpora, Venezuelara eta. Haiei egiten zizkien koadroak. Baina hemen ez zen saltzen. Soldaduskan ezagutu nuen lagunarekin erakusketa egin nuen behin, 1954an edo, Iruñean. Margotzeko materiala saltzen zuen denda bateko areto batean jarri genuen, Zapateria karrikan. Azken egunean, koadro bat saldu genuen, 200 pezetaren truke!

Etxera itzuli, baina margotzen segitu zenuen.

Bai. Serio 1970ean edo hasi nintzen. Ordura arte, jendeak eskatzen zizkidan gauzak egiten nituen. Batek bere baserria margotzea nahi zuela. Edo kanpoan zen senitartekoari bidaltzeko bere bordarena bertze batek. Behin, etxe bat margotzera joan, eta korrika etorri zitzaidan etxeko emakumearen alaba. Esperatzeko, amak loreekin apaindu nahi zituela leihoak. Nik lasai egoteko erran nion, loreak egon gabe ere, margotuko nizkiola. Pazientzia galtzen nuen hainbatetan. Nik leihoak marra batekin egin nahi nituen, baina jendeak eskatzen zizkidan koadroetan xehetasun osoz egin behar nituen.

1970ean edo serio hasi zinen, zuk diozun bezala. Eta zure atzetik bertze hamaika etorri dira.

Bai. Hasieran bakarrik, baina gero etorri ziren bertze zenbait gazte nirekin aritzera. Tomas Sobrino eta bertze zenbait.

Zu zara hemengoen patriarka, nolabait. Eskola sortu duzula uste duzu?

Ez dakit hala izan den. Niregana hurbiltzen ziren bertzerik ez zelako. Gaur egungo gazteek ez dute hainbertze beharrik. Baina eskola? ez dakit… eskola badenik ere ez dut argi.

Ikastaroan, udan, ikasle fidelak badituzue. Urtetik urtera berriz etortzen direnak.

Bai, eta gainera ikastaroak egin du talde bat. Ikastaroaz gain, hilabetero egiten dute bat zenbait margolarik. Beti hirugarren asteburuan. Elkarrekin egoten dira margotzen. Edo joaten dira nonbaitera erakusketa bat ikustera. Gogoa paratzen dute. Indar handiagoa. Bat egin dute, eta horretan egin dute indar handia.

Etorkizuna ziurtatua da, beraz?

Bai, nik uste dut baietz. Badela jendea, eta prestatzen ari dela ongi.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude