“Arazoa da adierazpena eta komunikazioa nahastu direla”

“Arazoa da adierazpena eta komunikazioa nahastu direla”

Edurne Elizondo

Astean hirutan eginen ditu Kolore Heziketa Sortzailea egitasmoak bere tailerrak. Arno Sternek zehaztutako bidetik eginen du lan Iñaki Zalbak (Agoitz, 1983), haur eta helduekin. Harreman ereduak jorratzea da asmoa.

Zer da hezkuntza sortzailea?

Arno Sternek eman zion izen hori egiten zuen lanari; 1946. urtean zenbait umezurtzekin lan egitea egokitu zitzaion. Margotzen jarri zituen, baina berak ez zekien ezer horri buruz, ez zekien ezer pedagogiari buruz ere. Ondorioz, haien atzean jarri zen, haien beharrak asetzeko asmoz. Hor sortu zen egoteko modu berezi bat. Metodologia bat ezarri edo bide bat zehaztu beharrean, haurrak hasi ziren beren kabuz lanean, eta beren arau propioak ezartzen. Bide hori lantzen hasi zen Stern, eta bide horretatik sortu dira guk egun eskaintzen ditugun tailerrak.

Nola bat egin duzu zuk hezkuntza sortzailearekin?

Bilbon, Miguel Castro eta Vega Martin hasi ziren Arno Sternek hasitako bidetik margo tailerrak antolatzen. Gero, tailer horietan erabiltzen zituzten eta hezkuntza sortzailearen oinarri diren baldintzak eraman zituzten buztina eta mugimendua lantzeko tailerretara. Haien eskutik trebatu naiz ni.

Zeintzuk dira oinarri horiek?

Lau dira. Lehenengoa da kontuan hartzea denok ezberdinak garela eta nork bere ezaugarriak dituela; horrek esan nahi du baten eta bestearen garapena ezberdina izanen direla. Kontua da ez alderatzea, ez lehiatzea, eta, horretarako, gakoetako bat da askotariko taldeak sortzea. Hau ez da bakarrik haurrentz at; helduentzat ere badira gure tailerrak. Heldu bat 3 urteko haur batekin ari denean, hain zuzen, heldu horrek ez du bere burua umearekin alderatuko; gai izanen da nahi eta behar duena egiteko. Bigarren baldintza da taldeka lan egiten dugula; talde horretan nork bere espazioa du, halere, eta besteak ezin dira hor sartu; nork bere papera du, adibidez. Bestetik, badira taldearenak diren gauzak edo elementuak, partekatu behar direnak; taldeka aritzeak, halaber, harremanak sortzen ditu taldeko kideen artean. Orekari eustea da kontua, ongi egoteko. Hirugarren baldintza da inor ez epaitzea. Hemen egiten dugun lana, adibidez, ez da hemendik ateratzen, inork epai ez dezan. Hemen sortzen dugu zaindutako espazio bat, epairik gabekoa. Azken baldintza da kideen beharrak aseko dituen eta baldintzak betetzen direla ziurtatuko duen laguntzaile bat izatea. Ni naiz hemen pertsona hori. Nik eginen dut lan hori. Nik oinarriak betetzen direla bermatuko dut, eta kideen beharrei erantzunen diet, eroso egon daitezen, beren jokoa egiteko, margotzeko, edo buztina lantzeko.

Ohiko ereduetatik urrun da zuena; horrek erran nahi du badela bide berriak lantzeko beharra?

Nik uste dut arazoa izan dela adierazpena eta komunikazioa nahastu izan direla. Haur bat, adibidez, txikitatik hasten ahal da arkatz batekin marrazkiak egiten, baina inolako intentziorik gabe; plazera ematen dio, eta horregatik errepikatzen du, eta, modu horretan, jokoa sortzen du. Kontua da helduok pentsatu izan dugula hori dela artearen hastapena, eta sartu garela epaitzera, bidea zehaztera. Horrela egiten duguna da, finean, jokoa apurtu. Helduok, azkenean, ereduak finkatzen ditugu margolari ona nor den zehazteko. Artisten lanetan bada intentzio bat; hausnarketa egiten dute kontatu nahi duten horri buruz, eta hori kontatzeko modurik onena bilatzen dute. Baina dena dator burutik. Haurren kasuan ez. Ez dago hausnarketarik. Jokoa da. Eta hori da guk bultzatu nahi duguna, hain zuzen. Jokoa sortzeko baldintzak eman nahi dizkiegu haur eta helduei.

Joko hori sortzea zailagoa da helduengan?

Kontua da gehienok uste dugula ez dugula ongi margotzen, behin eta berriz esan digutelako zer dagoen ongi eta zer ez; zer egin eta zer ez. Haurrak ere irudimena galtzen ari ote diren beldur naiz; egungo sistemak ezartzen dituen muga horien ondorioz.

Hemen elkarrekin ariko dira. Helduentzat zailagoa izaten da umeekin aritzea, edo alderantziz?

Ez dut uste hor arazorik dagoenik. Baina uste dut helduok prozesuarekin bat egiteko erraztasun handiagoa dugula; hau da, behin lotura egin eta gero, erraz sartzen dira. Haurrentzat zailagoa da. Hemen egon eta gero eskolara itzultzen direlako hurrengo egunean, eta han, berriz ere, mugak ezartzen dizkiete. Esaten diete zer dagoen ongi eta zer ez. Atzera eta aurrera ari dira, beraz. Baina haien arteko harremanak erraz ezartzen dira, modu erabat naturalean.

Zaila da zuen lan egiteko modua hezkuntza sistemara eramatea?

Ez da erraza, ez. Ni Taupa Taupa izeneko eskola librean ari naiz. Laugarren urtea dut oraingoa; Bilbon bi urtez prestatu naiz heziketa sortzailearen esparruan oraingo lana egiteko, gainera. Heziketa sortzailearen gakoa, nire ustez, harremanak lantzeko modu bat da. Hori da garrantzitsuena. Eta hori ari gara lantzen Taupa Taupan ere. Hezkuntza sisteman harremanak lantzeko modua bestelakoa da; helduok dakigu zer den ona, eta guk zehazten ditugu bideak. Bada erresistentzia, oraindik ere, aldatzeko. Paradigma aldatu behar baita.