Beste kartzela politika baten alde

Beste kartzela politika baten alde

Kattalin Barber

Nafarroak espetxe eskumenak osorik hartzeko eskatu du Salhaketak, parlamentuan. Ez da lehen aldia. Elkarteak aspaldikoa du aldarrikapen hori. Orain, beste urrats bat egin du: gobernuak espetxeko eskumenak osorik bereganatzeko txosten bat landu du, eta parlamentuko taldeen aurrean aurkeztu. Bide “luze eta gogorra” dute aurrean, Salhaketako ordezkari Libertad Francesen hitzetan, baina, eskumenak osorik hartu bitartean, uste du Nafarroak ahalegina egin dezakeela kartzelako osasun, hezkuntza edo gizarte zerbitzuetako eskumenak bereganatzeko. Eskumenak osorik lortuta, gainera, Iruñeko kartzelan espetxe politika propioa ezartzea posible litzatekeela erantsi du.

1982. urteko Foru Hobekuntzak berak jasotzen du Nafarroak eskumenak osorik hartzeko eskubidea duela, Francesek azaldu duenez. “Ahalegin gehiago egon dira, baina, azkenean, aldarrikapen horiek indarra galduz joan dira”. 2012an kartzela berria ireki zutenean, alderdi guztiek nabarmendu zuten garrantzitsua zela espetxe arloko eskumenak hartzea, baina ezer gutxi egin da geroztik, Francesen arabera.

Kartzelaren eskumenak eskatzeko arrazoi politiko eta legalez gain, arrazoi sozialak nabarmendu ditu Francesek. “Espetxearen funtzionamendua hobetzen lagunduko luke, eta preso direnen baldintzek ere hobera eginen lukete. Aukera, behintzat, bada. Eztabaidatu ahalko genuke zer espetxe mota nahi dugun”.

Joan den astean, Nafarroako Parlamentuan egon ziren Salhaketako kideak, beren txostena aurkezten: “Taldeek eskumena hartzearen aldeko jarrera agertu dute, nork bere ñabardurak izan arren. Egia esan, kontrakoa gertatu izan balitz, ez genukeen normaltzat hartuko”. Osasunaren aginpidea, gainontzeko biak ez bezala, oraindik ez dago Nafarroaren esku, eta, alde horretatik, eskuratzearen aldeko jarrera azaldu zuten parlamentuko talde guztiek. “Hezkuntzan eta gizarte zerbitzuetan, Nafarroak eskumenak ditu libre diren pertsonentzat. Eskatzen duguna da preso daudenentzat ere izatea”.

Salhaketak dituen datuen arabera, Nafarroako 200 pertsona inguru Iruñekoa ez den beste kartzelaren batean daude zigorra betetzen. “Nafarroak eskumenak lortzean, nahi dutenek aukera lukete Iruñeko kartzelara lekualdatzeko”.

2012. urtean ireki zuten Iruñeko kartzela berria, protesta artean. Espetxe berriaren aurka azaldu da Salhaketa elkartea ere, hasieratik, “makrokartzela delako, eta foru erkidegoaren beharretarako gehiegizkoa delako”. Santa Luzia muinoan dago, eta bi eraikin ditu: batetik, kartzela bera, eta, bestetik, gizarteratzeko gunea. Iruñeko espetxe zaharra 1901ean egin zuten, eta 100 ziega zituen. Euskal Herriko kartzelarik zaharrena zen. Gaur egungoak, berriz, 504 ziega dauzka —bi lagunentzako tokia du bakoitzak—, eta beste zentroak, 51 gela bikoitz. Horrez gain, formakuntzarako, tailerretarako, kirola egiteko eta ikus-entzunetarako guneak ditu. Ehun milioi euroren kostua izan zuen obrak.

Kartzelaren gabeziak

Kartzela berriaren gabeziak asko dira: “Baliabide ekonomikoen eta giza baliabideen falta handia dago. Ondorioz, ikastaro gutxi egiten dira, lanposturik ez da sortzen presoentzat, eta ikasteko aukera zailtzen zaie. Kexa asko daude”. Espainiako Espetxe erakundearen azken datuen arabera, 294 preso daude Iruñeko kartzelan: 270 gizonezko eta 24 emakume.

Espetxe zaharrarekin alderatuta, %30 egin du gora presoen kopuruak azken urteotan, Francesek azaldu duenez. “Ez dute langile gehiago kontratatu. Hamar modulu daude, baina hiru bakarrik daude irekita”. Francesek salatu du, gainera, lehenago Nafarroak bazuela aukera espetxeko zuzendaria edo barruko beste hainbat profesional izendatzeko. “Hori ere berreskuratu beharko genuke”. Gainera, 2014tik, Nafarroako Gobernuak ez du inolako ekarpen ekonomikorik egiten.

“Elikadura, hotza, beroa, megafoniaren soinua…. Kartzela oso hotza da. Kartzela egin zutenean, segurtasuna baino ez zuten buruan”. Eskumenak lortuz gero, gobernuak aukera izanen luke espetxe politika propioa ezartzeko: “Eskumenekin Nafarroak kartzela arautuko du. Arau horiek gaur egungoak bezain murriztaileak izan daitezke, baina aukera badago bestelakoak egiteko eta onuragarriagoak izateko. Eztabaidarako aukera sortu daiteke, eta egoera aldatu”.

Apirilean, Nafarroako Unibertsitate Publikokoarekin batera, espetxe ikasketei buruzko XII. jardunaldia antolatu zuen Salhaketak, Espetxea, osasuna bermatzen ez duen erakundea izenburupean. “Iruñeko espetxean —eta gainerako espetxeetan— ez da pazienteen legea bermatzen, eta ezin dute haien historia klinikoa ikusi. Mediku espezialistarengana joateko arazoak daude, zaintzeko pertsonak falta direlako. Emakumeen moduluan ez dago erizaindegirik, ez da menu osasuntsu bat ematen, eta ez dituzte errespetatzen barazki jaleak ezta diabetikoak ere, adibidez”.

Eztabaidari “bultzada” eman nahi diote Salhaketakoek, eta lanean jarraitzeko asmoa berretsi du elkarteak.