Iritzia: Espainia jainkoa da

Tania Arriaga Azkarate

Espainia jainko monoteista da. Oraindik, zalantza izpiren bat gelditzen bazitzaidan, urriaren 1eko irudi bortitzak ikusi eta gero, argia ikusi dut. Espainia, benetako jainkoekin gertatzen den bezala, bat eta bakarra da, eta horrela izaten jarraitzeko guk guztiok onartu beharreko oinarrizko araua ezartzen du: Espainia Egia (letra larriz) dela sinistea.

Espainiaz beste edozein aukera irudikatzea heresia da, Egiaren esanahia zalantzan jartzen baitu. Normala da, beraz, sinestun sutsuez inguratuak egotea, beldurrak hutsezinezko eragina duelako dogmak sendotzen. Azken bostehun urteotan ideia hauek haragian iltzatu dizkigute, eta bestelako sinismenak, identitateak bizi dituztenen kontra, botika bera erabili dute: sua.

Adibidez, estatu horren izaera inperialaren adierazpena Iruñeko karriketan ikusi dugu, azken mendeetan, gure hiria haien plaza militarra izan baita. Inbadituontzat Espainia irenstea biziraupen kontua izan zaigu, bizitzaren eta heriotzaren arteko trantzea, Anjel Berruetaren ereduak irakasten digun moduan. Halere, dogmak ere konbentzioak dira. Adostutako egiak, Enperadorearen jantzi berria ipuinean kontatzen digutena bezalakoak. Erregea biluzik egonik ere, mendekoek oso soineko polita zeramala sinetsarazten zioten. Gezurra denboran mantentzeko bi arrazoi zegoen, pribilegioak mantendu ala heriotza ekidin.

Konbentziok aintzat hartzen ez ditugun momentuan, aldiz, sinesgarritasuna berehala galtzen dute, zeren haien indarra gure irudimen komun horretan baitatza. Esanahi adostua desegin ezkero, jainko oro-ahalduna izatetik anekdota zaharkitua izatera pasa daiteke Espainia. Hori da yo-soy-español monoteisten beldurra, sakrosainduak izatetik txantxa tristea izatera pasatzea.

Instituto Cervantesek, inperioak bizirik dirau! aldarrikatuz, urtero Latinoamerikan eta Ameriketako Estatu Batuetan dirutzak uzten ditu Kristobal Kolon konkistatzailearen eguna ospatzen segitzeko. Real Academia Espa-ñolak ere haien hizkuntzaren nahi eta nahi ezko izaera unibertsala azpimarratzen du. Azken egunotan, RAEk “sezesionismoaren” kontra bizarrak altxatu ditu, Espainia inperialaren Egia elikatu beharra dagoelako hiztegiaren A hizkitik hasita.

Yo-soy-españolek ez dituzte jainkoaren seme-alabak izatearen pribilegioak galdu nahi, soldata mamitsuak, telebista programak, katedra distiratsuak, gizon-alfentzako akuilu-makuiluak, gihar historikoak, herri-lanen dirua, kondairazko errelato belikoak… Orain, hau dena ez da ez debaldekoa. Kolonizatzailearen aura jainkotiarra janztearen truke, losintxariek arima saldu behar dute. Irudimena da haien pribilegioen ordaina, Espainia haur eta helduen sormenaz elikatzen delako eta ezin dute jainkoaz beste ezer ikusi edo imajinatu. Espainia desagertuko balitz gizaki periferiko normalak izatera pasatuko lirateke, gainerakoak garen modukoak, urre eta estandarterik gabekoak.

La Pinta, La Niña eta La Santa Maria irekitzen ez diren historia liburuetan geldirik dira. El pequeño Cid, 1980ko hamarkadan ez bezala, gaur ez da politikoki zuzena. Monarkia, meme-ak bide, hildako elefanteekin alderatzen dute. Enperadorearen jantzi berria gutxi batzuek besterik ez dute ikusten, jada. Espainiar Egiaren jarraitzaileak beldurrak jota bizi dira, leinu inperialistaren azkenak direlako. Horregatik jipoitzen gaituzte, gu garelako haien doktrina istorio bilakatuko dugun kantari eleaniztunak.