Iritzia: Edo halako zerbait

Lur Albizu Etxetxipia

Ez nintzen gogoratzen aurrekoan idatzi nuenaz; eta konturatu naiz antzekoaren inguruan idaztea nuela pentsatua.

Behin baino gehiagotan pentsatu izan dut agian noizbait gure zilborra begiratzeari utzi beharko geniokeela; asko gustatzen zaigu gutaz, gureaz, geure ingurukoaz hitz egitea. Bueltak ematen dizkiogu gureari, eta askotan ahaztu egiten zaigu ondoak baduela zer kontatua, interesatzen zaigula eta akaso erabilgarria ere izan litekeela. Gaurkoan kontrakoa esanen dut: hasiko gara gure zilborrera begiratzen, pixka bat bada ere?

Dagoeneko ez dakit denborarik zenbatzen. Egunak eta asteak daramatzagu Kataluniara begira eta hangoak ezagutu nahian, handik ikasi nahian. Asko joan gara azken hilabetean harantz; ez bakarrik lagundu nahi genuelako edo zer gertatuko zen ez genekielako, baizik eta gu ere garaipen gosez gaudelako. Guk ere nahi dugulako eta inbidia pixka bat ere (ona eta txarra) badiegulako katalanei. Ezin sinetsiaren, miresmenaren, zalantzaren, pozaren, harriduraren eta itxaropenaren artean mugitu dira gure sentimendu nahasiak, bipolaritate dosiak jota. Ez dut gaur haiei buruz hitz eginen, hau irakurtzen duzuenerako aurreikusi ahal izan gabeko mila gauza gertatzea posible delako.

Eta berriz galdetzen diot neure buruari: hasiko gara hemen zerbaitetan? Zein aukera izanen dugu hau baino hoberik datozen urteetan? Horrelako beste agertokirik egonen da? Posible izanen ote da zerbait martxan jartzea?

Kataluniako prozesua hemen jar liteke martxan? Ez. Ez, nire ustez, eta ez behintzat modu eta erritmo berdinetan. Euskal Herria is different, eta Nafarroa, bereziki, ere bai. Baina ez dezagun ahatz Nafarroan bertan zer-nolako sentsibilizazioa dagoen foruekiko eta nafar burujabetzarekiko —ez dugu gaur hitz eginen benetan zein burujabetza maila dugun eta benetan ez ote diren foruak paper bustia—. Eta ez dezagun ahatz inor gutxik amestuko zuen aldaketa instituzionala izan zela duela bi urte Nafarroan. Azken hori ezinezkoa litzateke eta ezin da ulertu herri mobilizazio eta kale aktibaziorik gabe.

Burujabetzaz ari garela, dagoeneko hemezortzi dira Espainiak atzera bota dituen foru legeak. Burujabetzaz ari garela, kaleak martxan jarraitzen du, eta eragileak ere aurrera doaz proiektu eta mugarri berriekin; adibidez, heldu den urteko ekainaren 2an Iruñean eginen den Alternatiben Herria.

Egun horretarako jadanik badira hainbat kolektibo, eragile eta norbanako horretan lanean: badakigu sistemaren kontra joan nahi dugula, baina zer eraiki nahi dugu? Nolako Nafarroa? Nola eraikiko dugu burujabetza gure bizitzako alor guztietan? Nola planteatu alternatibak parte-hartze ereduetan, lanean, energian, garraioan, elikadura burujabetzan, gure harremanak izateko moduetan, hezkuntza sistema propioan, geure gorputzak bizitzeko moduetan, gure bizitzetan? Zein paper jokatu du honek guztiak Katalunian? Hasiko gara mintzatzen? Jarriko d(it)ugu erdigunean burujabetza prozesua(k)?