Norabide berrian aurrera

Norabide berrian aurrera

Iker Tubia

Bestondo goxoa utzi du 10. urteurreneko bestak. Ondorioak begi-bistakoak dira. Uharten, artilez egindako koloretako bufandak zintzilik ageri dira nonahi. Joan den larunbatean, Uharteko arte garaikideko zentroak besta antolatu zuen bere urtemuga ospatzeko eta jendearekin biltzeko. Polemika, ezjakintasuna eta noraeza agerikoak izan dira ibilbidearen hainbat unetan. Hori hautsi, eta proiektu berria sendoa dela erakutsi du Uharteko zentroak.

2007. urtean inauguratu zuten arte garaikideko zentroa. Bi ekitalditan egin zuten. Lehenbizikoa inaugurazio hutsa izan zen, adiera guzietan. Inaugurazio bat baizik ez zen izan, oraindik hutsik zegoen zentro baten aurkezpena. Apirilean izan zen hori, kalean uhartear batzuek, pankarta eskuan, protesta egiten zuten bitartean. Bigarrena, berriz, urte bereko azaroan izan zen. Orduan bai, orduan zentroak bazuen zer eskaini.

Inaugurazio horretan izan ziren gaur egun zuzendaritzan dauden lau emakumeak. Oskia Ugarte zentroko kudeatzaile eta koordinatzaileak gogoan du anekdota esanguratsu bat. Eskailerak jaisten ari zen, aurrean gizon eta emakume zaharrak zituela. Behean bi emakume zeuden, performance bat egiten. Bata lurrean etzanda, bestea lurrera so. Gizona larritu zen, zerbait gertatzen zitzaiola uste zuen, eta aldamenekoari esan zion lagundu behar ziotela. Nafarrak ez zeuden arte garaikidea ikustera ohituta.

Hamar urte igaro dira ordutik. Ibilbide horretan bi osagai nabarmen izan dira: polemika eta ezjakintasuna. Hasieran, uhartearrak proiektuaren aurka agertu ziren. Zentroa udalak eraiki zuen, bederatzi milioi euro gastatuta. Gerora, Nafarroako Gobernuaren ekarpena milioi batekoa baizik ez zen izan. Urtean 1,2 milioi euroko aurrekontua behar zuen zentroak, udalaren aurrekontuaren %20. Egoerak ez zuen luze iraunen.

Uhartekoa 6.500 metro koadroko eraikina da. Haietatik 2.300 erakusketa aretoetarako diseinatu zituzten. “Eraikin erraldoi eta hotza zen; Uharte bezalako inguru batean ez zuen tokirik. Sentsazio hori gogoan dut, baina aldatuz joan da urteek aurrera egin ahala eta eraikin honekin izan dudan harremanarekin”, azaldu du Nerea San Millan zentroko hezkuntza arduradunak. Garai hartan bi pentsamendu kontrajarri izan zituen Ugartek: “Zer egiten du honek Uharten?” eta “Tira, hau aukera”. Nerea de Diego zentroko arte bisualen arduradunak ere gogoan du une hura: “Jakitun ginen kontainerrak eraikitzeko garaia zela, eta arazoa gerora etorriko zela, hori edukiz bete behar zenean”.

Herri guzietan kultur etxe handiak eraikitzeko urteak ziren, baina helburu zehatzik gabe. Edukirik gabeko edukiontziak ziren. Uhartekoa ere bai. “Edukian ez duzunean pentsatzen, ondorioa da ez duzula etorkizuneko begiradarik, eta proiektuak aldatuz joan behar du ahal duen bezala aurrera egiteko. Hori da gertatu dena”, zehaztu du San Millanek.

Proiektua berehala hustu zen. Lehenbiziko urtean 1,6 milioi euroko aurrekontua izan zuen, hurrengoan 1,2 milioikoa, eta beheranzko joerari jarraitu zion 300.000 eurora ailegatu arte. Gaur egun, egoera ekonomikoa hobetu egin da: 400.000 euro dituzte jardueretarako, 90.000 euro artistak laguntzeko programarako, eta 40.000 euro baliabideetan inbertitzeko.

Hasierako aurrekontuak kontuan izanda, Uharteko Udalak nekez euts ziezaiokeen egoera horri. 2010. urtean Nafarroako Gobernuak zentroaren ardura hartu zuen. “Erabateko erreskatea izan zen. Erreskatatu edo itxiko zuten”, dio Ugartek. “Kontua da ez zuela zentzurik Nafarroak ez izateak arte garaikideko zentro bat eta Uharte bezalako herri batek bai”, gehitu du De Diegok. Beharren arabera jokatu izan balitz, bestelako proiektu bat sortuko zuketen, seguruenik.

Orain arte, noraezean

Arazo nagusia kultura plan estrategiko baten falta izan zela nabarmendu dute zentroko zuzendaritzako kideek. “Ez dakit utzikeria den, edo ezjakintasuna. Ez dut uste fede txarrez jokatu denik, baina ez da helburuen arabera aritu”, dio Ugartek. Baziren bestelako aferak ere. Ziudadela arte garaikideko zentro bihurtu behar zuten, eta bertan Joxefa Uharteren bildumak behar zuen. Oraindik ere Ziudadelakoa birpentsatzen ari dira, eta bilduma hori Opusek du bere museoan.

Dena den, zuzendaritzako kideak itxaropentsu agertu dira, egungo gobernua plan estrategikoa prestatzen ari baita sektoreko eragileekin batera. Ugartek haien sentsazioa azaldu du: “Kultura kontseilua oso aktibo dago, eta hori berme bat da fundamentuzko plan bat izateko. Uste dut sakontasunez egiten ari direla epe luzerako plan bat”.

Uharteko zentroaren historian hiru zuzendaritza aritu dira lanean. Enrique Ordoñez 2009ra arte aritu zen, eta garai horretan erakusketa handiak ekarri zituzten, aurrekontu handiak zirela aprobetxatuta. Ordura arte Nafarroan ez zen horrelako erakusketarik antolatu, eta hori baliagarria izan zitzaien artistei. “Aukera bat izan zen, ez soilik aurrekontu eta gastu handiak. Hemengo artistendako leiho bat izan zen”, onartu du Ugartek.

Aurrekontuak beherakada izugarria izan zuen, baina, eta Uharteko Udala ez zen gastuari aurre egiteko gai. Egoera horretan Ordoñezek kargua utzi zuen, eta denboraldi batez zuzendaririk gabe aritu zen zentroa. Ez zen itxi, baina jarduera asko apaldu zen. 2011tik aurrera, Javier Manzanosek gidatu zuen arte garaikideko zentroa. Izendapena polemika iturri izan zen, patronatuko kide izan zelako —dimisioa eman zuen zuzendari kargua lortu aurretik—, eta zentroaren lan ildoak eta filosofia zehazteko dokumentua idaztean jokatu zuen rol nagusiarengatik.

Manzanosen garaian ez zen aurrekontu handirik izan; beraz, baliabide gutxirekin aurrera egitea tokatu zitzaion. Sasoi horretan herrira gehiago ireki zen zentroa De Diegoren aburuz. “Aurrekoa herriari bizkar emanez zegoen erabat, eta Javierrekin parte garrantzitsu hori lortu zen”. Herritar asko aurka izanik, zentroa haiengana gerturatzea onuragarria zen.

Hirugarren zuzendaritza lau lagunek osatzen dute 2015. urtetik. Ugarte, De Diego eta San Millanekin batera ari da Elisa Arteta jarduera eszenikoen arduraduna. Garai berri honetan erabateko itzulia eman diote proiektuari. Hiru zuzendaritza izan diren arren, zentroaren historian bi fase bereizten dituzte zuzendariek. Lehenbiziko bi zuzendarien proiektua arte garaikideko erakusketa zentroarena izan zen. Orain, erakusketa zentro izatetik, arte ekoizpenerako gune izatera pasatu da. Egoera guziz aldatu da, nahiz eta hamar urteko ibilbidea ez duten baztertu. “Aurrekoen gauza asko hartu ditugu, noski”, aitortu du San Millanek.

Aldaketak hainbat alorretan egin dituzte. Hasteko, zentroa zuzentzeko moduan, lau lagunen artean egiten dutelako. “Aldebakartasunarekin haustea askoz ere errazagoa da horrela. Lau izanda, laurehun izan gaitezke. Norberak ez du iritzi bakar bat”, dio De Diegok. “Arte garaikidean praktika artistiko kolaboratiboak asko izaten dira, geroz eta gehiago. Zergatik ez eraman hori kudeaketara?”, gehitu du San Millanek.

Horretaz gainera, zentroak komunitate artistikoan eta ingurunean du arreta jarria. Ekoizpenerako gune izanda, sormena bultzatzeko aukera eskaintzen du Uhartek. “Soilik erakustaldian jartzen bada arreta eta ez ekoizpenean, azkenean artea inportatu behar da”, dio San Millanek. “Makurra da Madrilen bizi diren nafarren obrak inportatu behar izatea”, gehitu du Ugartek. Azken finean, Nafarroa ekoizpenerako, ikerketarako eta partekatzeko gune izan daitekeela demostratu nahi dute. Alde horretatik, artistekin harreman sendoagoa dute. “Orain, artistak zentroaren parte dira; hemen bizi dira. Egunero ditugu hemen; batzuk erresidentzian, beste batzuk estudioan lanean edo gela bat publikoaren begiradapean sortzen”, dio De Diegok. Gainera, gogora ekarri dute kanpoko artistak izan dituztela, atzerritik Txilekoak eta Alemaniakoak, besteak beste, eta bueltatzeko gogoa azaldu dietela.

Publikotik gertu

Zenbakiek agerian uzten zuten erakustoki gisa ez zuela etorkizun handirik Uharteko zentroak. Publiko zabala ez da haraino mugitzekoa erakusketa bat ikusteko. Bestela izan liteke esperientzia bat bizitzeko bada. Betiere, ikuste hutsari interesa kendu gabe. Baina ez da zuzendaritzak bilatzen duena. “Publikoa oso aldendurik dago arte garaikidearengandik. Guk uste dugu artearen prozesuak gertuago jarraitu eta ezagutzeak gerturatzea bultza dezakeela”, dio De Diegok. Gainera, arte garaikideko proiektuak komunitatearendako oso aberasgarriak izan daitezkeela sinetsita dago.

Arte garaikidea jendeari eta zentroa herriari gerturatzea, biak dituzte helburu. Herritarrekin duten harremana hobetu dela nabarmendu dute. “Bi noranzkoetako proiektuak sortu nahi ditugu. Elkarrekin sortu nahi dugu, hori baita gune hau herriarena izateko modu bakarra”, azaldu du De Diegok. Horretarako, osagai bat funtsezkoa da: denbora. Ez dago presarik. Hamar urte igaro dira, eta zuzendaritza berriarekin ailegatu da metamorfosia.