Bestelako tren bat nahiago dute

Bestelako tren bat nahiago dute

Iker Tubia

Trenaren alde daude, baina ez dute edonolako trenik nahi. Ez behinik behin orain arte diseinatu den abiadura handiko tren hori. Hala, ezetz esateari utzi, eta baiezkoarekin aterako dira kalera bihar, Iruñean, tren soziala aldarrikatzera. 17:00etan abiatuko da manifestazioa, Gaztelu plazatik. Trenaren Aldeko Ekinbideak deitu du protestara, eta hainbat sindikatu, herri eragile eta alderdi politiko batu zaizkio.

Ekinbideak herritarren parte hartzearen beharra azpimarratu du, eta, bide horretan, kanpaina bat abiatu du, galdera zuzen batekin: “Nolako trena nahi duzu?”. Interneten jarritako bideoen bitartez, hainbat lagunek duten iritzia jaso dute. Herritarren artean ezinegona badago Espainiako Sustapen Ministerioak AHTaren nafar korridorea eraikitzeko lanen kudeaketa bere gain hartzeko asmoa agertu duenetik.

Marivi Erdozainek ez du begi onez ikusten abiadura handiko trena. 70 urte ditu, erretiraturik dago, eta Sasoia taldeko kidea da. “Ez dut abiadura handiko trenik nahi, tren dezentea baizik, oraingo Altaria bezalakoa. Baina, noski, salgaiak ere eramanen dituena”, esan du. Kezka agertu du, AHTa erabiltzeko zailtasunak izanen lituzkeelakoan baitago. “AHT hori soilik bidaiarientzat da, eta, gainera, aparteko bidaiarientzat. Erretiratua izanda, seguruenik, nik ezinen nuke bidaia ordaindu”, zehaztu du. Erdozainek ez du trena askorik erabiltzen. Azkenengoz, joan den urtean, Gironara (Herrialde Katalanak) joateko. Ez zuen abiadura handirik behar: “Egia esan, dagoena zoragarria dela uste dut”.

Mari Carmen Izkok ere bestelako tren bat nahiago du. 44 urte ditu, eta Osasunbidean egiten du lan. Bere esku balego, argi du zer-nolako trena diseinatuko lukeen: “Nik nahiko nuke prezio baxuagoa duen tren bat, toki guztietara doana”. Izan ere, Madrilera joan-etorria egiten duen trena oso garestia dela uste du, eta, horrelakoetan, autobusa hartzea errazagoa dela, merkeagoa baita. Madrilera ez ezik, beste toki batzuetara ere ailegatu beharko litzateke trena, haren aburuz. Gaur-gaurkoz, abiadura handiaren beharrik ez du ikusten Izkok: “Gaur egun, gure trenek abiadura nahikoa daukate; uste dut ez dugula gehiagorik behar”.

Manifestazioa iragartzeko bideoetako batean ikus liteke Xabier Maeztu solasean. 32 urte ditu, eta sukaldaria da. Argi du berak gertutasunezko trena nahiko lukeela. Izan ere, urte osoan askoz bidaia gehiago egiten ditu gertu diren lekuetara 400 kilometrotara daudenetara baino. “Niretzat gakoa hori da, gertukoa bultzatzea”. Eta, hain zuzen ere, horren aurkakoa da AHTak ekarriko duena, haren aburuz: “Argi daukat abiadura handiko tren hau, edo orain prestazio handiko tren deitzen duten hau, ez dela beharrezkoa. Tren honek egingo duena da hurbildu oso urrun dauden tokiak, eta oso hurbil dauden tokiak urrundu”.

Bestelako interesak

Baina arazoa ez da soilik txartelen prezioa edo nondik norakoa den. Maeztuk beste afera bat ere aipatu du: “Ematen du obsesio bat dela, eta hasten zara pentsatzen horren atzean ez ote dauden beste interes batzuk, ez direnak gehiengoarenak”. Maeztuk dioenez, nahi baino gutxiago erabiltzen du trena. Hain zuzen ere, horregatik nahiko luke bestelako tren eredu bat. Zaragozara joateko hartzen du, baina gogorarazi du Bilbo edo Donostiara joateko trenik ez dela Iruñetik. Berari, gainera, erosoago zaio trena autobusa baino, bizikletan ibili ohi baita, eta bizikleta hobeki sartzen da trenean autobusean baino.

Trenaren Aldeko Ekinbideak salatu duenez, AHTa dagoeneko abian da, Alesbestik Erriberrira bitarteko lurren nahitaezko desjabetza abiatu duelako Espainiako Sustapen Ministerioak. Horren aurrean, eztabaida publikoa sustatzea eta alternatibak aztertzea eskatu dute. “Europar zabalerako hirugarren erraila jarrita, Castejon-Altsasu trenbidea bikoiztuko litzateke, eta txikizioa eta gastua gutxituko litzateke”. Bihar, herritarrek hartuko dute ahotsa, zer-nolako trena nahi duten esateko.