“Heriotzak ez dio existitzeari utziko ez begiratzeagatik”

“Heriotzak ez dio existitzeari utziko ez begiratzeagatik”

Kattalin Barber

Orain dela bi urte ezagutu zuen Sara Perez psikologoak (Iruñea, 1989) Goizargi elkartea. Dolu prozesuan lagun izan zituen hango kideak; boluntario aritu zen gero; eta, orain, berriz, elkarteko psikologoa da.

Hamabosgarren urteurrena ospatu berri du elkarteak; zer moduz?

Kultur astea egin dugu. Helburua izan da gizarteari erakustea heriotza bizitzarekin batera existitzen dela. Desdramatizatu nahi dugu heriotza, bai eta dolua eta haren prozesua ere. Adin guztietarako jarduerak egin ditugu. Izan ere, askotan lotzen dugu heriotza hirugarren adinekoekin, baina ez da horrela.

Nola sortu zen elkartea, eta zer funtzio betetzen du orain?

Orain dela hamabost urte, Rakel Mateo [elkarteko lehendakaria] zegoen bakarrik. Harena da ideia. Rakelek 21 urte zituen, eta dolua pasatzen ari ziren pertsonentzat espazio bat sortu nahi zuen. Hemen ez zegoen ezer. Gutxika-gutxika, eta oztopoak oztopo, hazi zen elkartea, gaur egun arte. Orain, 90 bazkide ditugu, 30 boluntario baino gehiago, eta bost psikologok osatutako talde terapeutikoa. Egia esan, eskaera handia dugu orain, gero eta gehiago ezagutzen gaituzte, eta gure zerbitzuak gehiago eskatzen dituzte herritarrek. Goizargi elkarteak bi alderdi ditu: batetik, terapiaren bidez dolua pasatzen dutenei laguntza eskaintzen diegu; eta, bestetik, formakuntza eskaintzen diegu psikologoei, irakasleei, bai eta hezitzaileei ere. Askotan, profesionalok ez dakigu heriotza nola kudeatu eta zer egin.

Zer da dolua eta dolu prozesua?

Dolua mina da, heriotza batek eragindako mina. Modu batean, heriotza horrek zer-nolako eragina izan duen nigan. Dolu prozesua, berriz, nik barnean bizi dudana da. Zer da niretzat pertsona hori hiltzea? Nola aldatu da nire bizitza? Heriotzak, kanpo aldaketekin batera, barne aldaketak ere eragiten ditu. Rolak, berriro kokatzea bizitzan, balioak, mundua ulertzeko era… horiek guztiak aldatzen dira. Eraldaketa prozesu gogorra da dolu prozesua; pertsonala da, gainera, eta besterenezina.

Zenbat fase daude dolu prozesuan?

Prozesuan lau une daude: lehena errealitatea onartzea da. Pertsona hori hil da, eta bai buruan eta bai bihotzean, barneratu behar duzu. Oso une zailak dira. Bigarren unean heriotza horrek eragin dituen emozioak landu behar ditugu. Amorrua, errua, tristura… Doluan askotan hitz egiten da tristurari buruz, baina amorrua eta errua ere azaltzen dira maiz, eta landu behar dira. Ez gaude hain sentsibilizatuta emozio horiek jorratzeko. Hirugarren unea bizitzan emozionalki berriro kokatzea da, pertsona hori gabe. Azkenik, hil denak utzitako hutsune horrekin bizitzen ikastea da dolu prozesua.

Boluntario hasi zinen Goizargin, eta, orain, bertan egiten duzu lan. Zein da zure esperientzia elkartean?

Oso estua izan da nire harremana. 2014an ezagutu nuen nik Goizargi. Nire aitak bere burua hil zuen, eta nire egoera ez zen batere erraza. Nire dolua egin nuen Rakelekin. Bi urte egon nintzen. Momentu horretan, hain justu, psikologia ikasketak amaitzen ari nintzen. Sentitu nuen Goizargik emandako guztia modu batean itzuli nahi niola, eta unibertsitateko praktikak egin nituen hemen. Bukatzean, boluntario gisa sartu nintzen, eta orain lanean ari naiz. Prozesua oso garrantzitsua izan da niretzat, eta lan pertsonal handia eskatu dit. Beldurra nuen ez ote nintzen jendearen istorioekin gehiegi mimetizatuko, baina ongi ari naizela uste dut.

Askotan esaten da denborak laguntzen duela. Baina denbora horretan ez baduzu ezer egiten, ez da egoera aldatuko, ezta?

Askotan espero dugu kanpotik etortzea sendabidea, baina ez da horrela. Doluan pertsonak rol aktiboa du. Kontua ez da bakarrik denborak aurrera egitea; denbora horretan gauzak landu behar ditugu sendatzeko eta dolua burutzeko. Gutxika-gutxika lortzen ari da ikuspegi hau gizartean zabaltzen. Bidea hori da.

Gizartean oraindik kostatzen da heriotzari buruz hitz egitea?

Kostatzen da, baina gero eta gutxiago. Heriotza gai tabua da oraindik, baina nik badut itxaropena. Gainera, uste dut gero eta behar handiagoa dugula gauza hauetaz hitz egiteko. Benedettik esaten zuen heriotza dela bizi izan garen sintoma bat. Min egiten du heriotzak, eta ez dakigu nola kudeatu, ez digutelako erakutsi. Irakasle asko etorri dira gugana, ez dakitelako nola jorratu. Ez begiratze hutsagatik heriotzak ez dio existitzeari utziko. Heriotzari era naturalean aurre egiten diogunean, aurre egiteko baliabideak martxan jartzen dira.

Txikien kasuetan, nola jorratu behar da heriotza?

Errealitateari egiarekin aurre egiten dioten umeak gai dira prozesua igarotzeko eta ulertzeko. Egoera naturalizatzen eta normalizatzen saiatu behar dugu. Heriotza bizitzaren beste etapa bat da, eta arazorik gabe hitz egiten dugu haiekin. Jokoa erabiltzen dugu: ipuinak, materialak… Oso ongi ulertzen dute; helduei askotan gehiago kostatzen zaigu ulertzea. Haiengandik asko ikas dezakegu.

Joan den asteko jardunaldian terapeuten ikuspuntua jorratu zenuten. Askotan oharkabean pasatzen da zuen lana?

Askotan pentsatzen da terapeutak harrizkoak garela, baina ez da horrela; guk ere sentitzen dugu dolu prozesu batean. Ondorio gisa, esan daiteke egin ditugun jardunaldietan terapeutaren figura humanizatu egin dugula. Oso interesgarria izan da.