Hazten jarraitzeko arnasa

Hazten jarraitzeko arnasa

Kattalin Barber

Batzuek lantoki dute Jazar; beste batzuek, berriz, aisialdirako toki. Guztiak sortzaileak dira, eta guztiak proiektu kolektibo baten kide dira. Sorkuntza eta kultura zentro autogestionatua da Jazar, eta Iruñeko Etxabakoitz auzoan dago, garai batean Jaso ikastolak hartzen zuen eraikinean. Gaur, Jazarrek ateak zabalduko ditu, bazkide berriak erakartzeko, eta proiektua bizilagunen artean ezagutzera emateko.

Orain dela lau urte jarri zen martxan Jazar. Espazio horretan bat egin zuen sortzaile talde batek, eta han jarraitzen du, etxea alokatuta. Itxaso Iturrioz Jazar espazioko kidea da: “Gutxika-gutxika nabaritu dugu hasieratik egon garen bazkideon energiak behera egin duela, eta horrelako proiektu batek bizirik eusteko beharrezkoa du aire berria izatea, biziberritzea”. Horregatik, bazkide berrien bila ari dira.

70 bazkide inguru daude egun Jazar zentro autogestionatuan, askotariko proiektuetan. Besteak beste, inprimatze eta brikolaje tailerra, argazkilaritza plato eta laborategia, informatika gela, arte eszenikoetarako espazioa eta ehungintzarako tailerra biltzen ditu eraikinak.

Lana eta aisialdia

Dozenaka sortzailek bat egiten dute han. Iturrioz, beste bi kiderekin batera, Orekari arkitektura estudioan aritzen da. Jazar da haien lantokia: “Gu egunero etortzen gara hona lanera, baina Jazar erabiltzeko hamaika modu daude”. Iruñeko espazio autogestionatuak eman zien elkarrekin lan egiteko aukera Orekariko kideei. Beraiek bezala, hainbat informatikari, txalapartari eta diseinatzaile grafikok dute Jazar lantoki. Beste askok, ordea, aisialdirako eta zaletasunetarako erabiltzen dute Etxabakoizko sormen espazioa. “Sortzaileak gara hemen gaudenak, eta egiten duguna partekatzeko nahia dugu; proiektu kolektiboen zale sutsuak gara, gainera”, esan du Iturriozek.

Finean, kulturarekin eta sormenarekin dute lotura han elkartu diren guztiek: margolariak, arkitektoak, musikariak, altzari zaharberritzaileak, zinemagintzan arituak, diseinatzaileak, dantzariak, antzerkilariak eta abar.

“Proiektua martxan jarri genuenetik aritu gara barrura begira, Jazar ongi kudeatzen ikasi behar izan dugulako, eta, nolabait, esan daiteke ez dugula gure jarduera garatu kanpora begira”. Gogoan ditu Iturriozek sormen espazioaren lehendabiziko urteak. “Hasiberriak ginen, eta egin beharrekoaz gauza asko ez genekien, proiektu sozialetan eta kolektibotan esperientzia izan arren. Oso zaila izan da, eta, era berean, oso polita. Gauza askorekin egin ditugu saiakerak, eta funtzionatu ez duena aldatu dugu. Orain, jendeak gurekin bat egitea nahi dugu”.

Ez da bide erraza izan, baina era autogestionatuan oinarritutako egitasmoek funtzionatzen dutela erakusten ari dira. “Izan ditugun arazo eta oztopo guztiekin, aurrera egin du Jazarrek; hemen gaude, eta ez da gutxi”, nabarmendu du.

Hainbat jarduera egiten dituzte Jazarren. Astero, kontakt eskolak, zeramika tailer irekia, txalaparta ikastaroa eta aireko yoga eskaintzen dute zentroan. Joan den asteburuan, adibidez, Kokoro catering begano eta ekologikoak udazkeneko sukaldaritzari buruzko tailer bat egin zuen. Hitzaldiak, zine foroak, kontzertuak eta azokak ere antolatu izan dituzte.

Pumpk autoedizio topaketa, halaber, urteroko hitzordua da Jazar espazioko kideentzat: sortzaile eta editore txikien arteko topagunea. “Aipatu beharrekoa da gutxitan ikusten dugula Jazar bezalako erabateko proiektu autogestionatua. Normalean, erakundeen laguntzak izaten dituzte, baina ez da hori gure kasua”. Erakundeen esku hartzerik gabe, autogestioa eta batzarrean hartutako erabakiak dituzte oinarri Jazar espazioan.

Kuotak eta lan taldeak

Urte hauetan guztietan Jazarrek bere txokoa egin du Iruñean, eta ezaguna da hainbat girotan. “Ezaguna da, baina ez dakit erabat ireki den. Ez dakit jendea libreki hona etortzen den edo badakiten bazkide egin daitezkeela eta haien proiektua hemen gara dezaketela”, dio Iturriozek. Izan ere, edonori eta edozein proiekturi ongietorria eman nahi diote.

Bazkide guztiek erabili ahal dituzten espazio komunak daude egoitzan, baina badago, halaber, txoko propio bat alokatu eta proiektua han garatzeko aukera. Erabiltzaile bakoitzak kuota bat ordaintzen du hilero, eta, horri lotuta, betebehar batzuk ditu. Lantalde batean parte hartu behar du, adibidez. Egun, komunikazio, administrazio, mantentze eta garbiketa lantaldeak daude. “Erabaki guztiak astero egiten dugun batzarrean hartzen ditugu, baina edozein proiektu jasotzeko prest gara. Proiektua aurrera eramateko Jazarrek ez du oztoporik jarriko, baina proposatzen duenak izan behar du bultzatzailea”.

Sormena eta autogestioa dira Jazarreko kideen oinarria. Proiektuarekin bat egin nahi duten pertsona gehiagoren bila ari dira espazioko kideak. Indarberritu nahi dute, zabaldu, garatzen jarraitu ahal izateko. Bidean urratsak egiten segitu ahal izateko. Gaur izanen dute nahi dutenek Jazar barrutik eta gertutik ezagutzeko aukera.