“Herri mugimendua izan da beti gure helburu eta ardatz”

“Herri mugimendua izan da beti gure helburu eta ardatz”

Kattalin Barber

Iruñeko irrati libreak ederki ezagutzen ditu Jorge Riberak (Iruñea, 1971); Eguzki irratiko kide da 1990. urtetik. Herri mugimenduaren bozgorailu izatea, eta ahotsik ez dutenei ahotsa ematea izan da, eta bada, irratiaren helburu nagusia.

1982ko abenduaren 15ean egin zuten Eguzki irratiaren lehen saioa. Gogoan duzu?

Ni ez nengoen oraindik irratian. Irrati libreetan 1986. urtean hasi nintzen, eta Eguzkin, berriz, 1990ean. Jarautan zuen orduan egoitza irratiak, eta arratsaldeko zortzietan izan zen lehen emisioa.

Nola egin zenuen bat irratiarekin?

80ko hamarkadan irrati libre asko zegoen Iruñean. Eguzki irratia, Eate irratia Sanduzelain, Zarata Donibanen, Paraiso irratia…. Iruñeko irrati libreen koordinakundea osatu zen guztion artean koordinatzeko eta kontrainformazioa lantzeko. Errepresioa oso presente zegoen, eta hainbat irrati itxi zuten garai horretan ere. Iruñeko hiru irrati libreen artean albistegi bateratuak egiten ziren, eta proposamena zegoen hiru irratiek bat egiteko. Azkenean ez zen gauzatu iritzi ezberdinak zeudelako. Bakoitzak bere bidea egin zuen, eta ni Eguzki irratian hasi nintzen.

Bakarra da irratia egiteko bere moduan?

Gure ikuspuntutik, irrati libre eta komunitario bakarra da. Lizentziarik gabe badaude irrati gehiago, eta badaude haien burua komunitariotzat jotzen duten beste irratiak ere. Gure ustez, hala ere, ez dira. Eguzki irratia librea eta komunitarioa da edozein botere politiko, ekonomiko eta erlijiosotik independentea delako, eta helburua ez delako irabaziak lortzea. Gurean ez dugu publizitaterik. Ezaugarri horiek egiten gaituzte libre eta komunitario.

Esparru zehatz batetik sortu zen, ezta?

Iruñeko talde ekologista eta antinuklearrak sortu zuen. Eguzki izeneko aldizkari bat argitaratzen zuten, eta hortik hartu zuten izena. Euskal Herrian zeuden beste esperientzia batzuei jarraiki, irrati bat sortzea zuten helburu, hutsune bat zegoelako. Ahotsik ez zutenei ahotsa ematea beharrezkoa zen.

Lau aldiz itxi dute irratia. Maldan gora egin duzue bidea?

Bai. 1983an eta 1984an itxi zuten irratia, Hego Euskal Herriko beste irrati libre asko bezala. Existitzeagatik itxi zituzten. 1988an berriro isilarazi nahi izan gintuzten. Espainiako erregeak bisita egin zuen. Errepresio handia egon zen egun mugitu haietan, eta dozenaka pertsona atxilo hartu zituzten. Protesta egiteko bide bakarra irratia zen, eta gertatzen ari zenari buruzko programa bat egin zuen irratiak, Polizia egoitzara joan, irratia itxi eta esataria atxilotu zuen arte. 1992an, berriro itxi zuten. Irratia isilarazteko ahaleginak asko izan dira.

Herri mugimenduaren bozgorailua izatea da irratiaren xede nagusia?

Herri mugimendua izan da beti helburua eta proiektuaren ardatza. Urte hauetan guztietan aldatu dena forma da, hau da, nola eman ahotsa ahotsik ez dutenei eta herri mugimenduari. Aurrera egin dugu, garatu dugu proiektua; gurean beti izan dugu komunikazio ereduaren inguruko eztabaida. Krisiak krisi, hasieratik argi izan dugu ez genuela nahi entzuten ez den irrati bat, edo guretzat bakarrik den irratia. Hortaz, zerbaitek ez badu funtzionatzen, aldatzen dugu.

Zein da orain egoera?

Iruñeko herri mugimenduaren isla da irratia. Ez gaude 80etan, ezta 90etan ere. Krisia egon da militantzian eta herri mugimenduan, faktore askok eraginda. Egun ez da erraza norbaitek bere bizitzako tarte handi bat eskaintzea militantziari. Komunikazio moduak ere aldatu dira teknologia berriak direla eta. Hortaz, ez dago jende asko irratian, baina kalitatean eta seriotasunean irabazi dugu. Oso pozik gaude dozenaka lagun etortzen direlako irratira hitz egitera.

Heldu den ostiralean irrati-maratoia eginen duzue urteurrena ospatzeko eta bazkideak lortzeko.

2002. urtera arte, gure diru-sarrerak barraka politikoak ziren. Debekatu zituztenean, pentsatu genuen bazkideen bidez finantzatzea. Momentu horretan uste genuen 500 eguzkide behar genituela proiektuak behar bezala funtzionatzeko. Orain 430 bazkide ditugu; 70 faltan ditugu arazorik gabe eta lasaitasunez funtzionatzeko. Maratoiarekin, gure urteurrena ospatzeaz gain, bazkideak lortzea da helburua. Etenik gabeko 24 orduko maratoia izanen da, ostiralean hasita. Larunbatean afaria eginen dugu. Aurtengo leloa 35 urte independentziaz da. Urte hauetan guztietan, proiektu komunikatibo asko itxi eta desagertu dira. Gureak zutik jarraitzea garrantzitsua da.

Nafarroako Gobernuko irrati frekuentzien lehiaketara aurkeztu zineten. Zer fasetan dago prozesua?

Behin baino gehiagotan eskatu diogu gobernuari irrati komunitarioentzat lizentziak ematea. UPNrekin saiatu ginen, eta aldaketaren gobernuarekin ere bai. Uda honetan, gobernuak jakinarazi zuen aurreneko aldiz lizentzia bat gordeko zuela irabazi asmorik gabeko zerbitzu komunitarioa eskaintzen duten irratientzat, eta aurkeztea erabaki genuen. Eskerrak eman genizkion Nafarroako Gobernuari, urratsa egiteko ausardia izan duelako. Kontua da Eusko Mediak errekurtso bat jarri duela, eta lehiaketa bertan behera gelditu da. Ez dakigu gehiago, eta komunikazio ofizial bat izan arte, ez dugu baloraziorik eginen.