Aldaketak ez du amaiera ekartzen

Aldaketak ez du amaiera ekartzen

Edurne Elizondo

Sumatzen hasi zen 44 urte zituenean; sumatu zuen hilekoaren ingurukoak aldatzen hasi zitzaizkiola; ordura arteko 28 eguneko zikloak hankaz gora jarri zitzaizkiola. Hamabost egunean behineko kontu bilakatu zitzaion hilekoa, eta inoiz ez bezalako odol galtzeak hasi zen izaten. “Menopausia ote?”, galdetzen zion bere buruari. Gogoan zituen amak hilekoa izateari utzi zionean pasatu zituenak. 50 urterekin hasi zen beroaldiak izaten. “Egunean hogeitik gora”. Eta halaxe egon zen 65 urte bete arte. Denbora tarte batean partxeak jarri zituen, baina ginekologoak gehiago ez erabiltzeko erran zion, minbizia izateko arriskua areagotzen zutelako. Ama baino gazteagoa zuen izeba, baina anitzez ere lehenago jakin zuen hark hilekoa desagertzea zer zen. 40 urte ere ez zituen menopausia goiztiarra zuela erran ziotenean. Osteoporosiari aurrea hartzeko botikak hartu behar izan zituen denbora luzez.

Adibide bat da. Menopausiaren inguruko esperientzia bat. Bizipen bat. Halakoak jorratuko dituzte, aurrerantzean, Nafarroako Ospitale Gunean, Nafarroako Gobernuak espazio bat atonduko baitu bularra ematea, erdiondokoak eta menopausia lantzeko. Asmoa da hilaren amaierarako martxan izatea.

“Nork bere prozesua pasatu behar du; eta denak izan daitezke ezberdinak”, erran du Ana Ansak. Ontzat jo du gobernuaren ekinaldia. Medikua da Ansa, eta, Alaiz kolektiboaren eskutik, menopausiaren ingurukoak landu ditu emakume taldeekin, urte luzez. NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoan aritzen da orain, sendagile.

Argitu du hilekorik gabe urtebete pasatu denean hitz egin daitekeela menopausiaz. Obuluen jarduera eteteak ekartzen du hilekoa desagertzea, hain zuzen ere. Prozesu hori ez da egun batetik bertzerakoa, halere, eta klimaterio erraten zaio. “Gehienetan, 48-52 urte ditugunean hasten da prozesu hori. Klimaterioa hasten denean, obarioek obuluak sortzeari uzten diote. Berez dugun obulu kopurua agortzen denean, estrogenoek behera egiten dute, eta horrek hainbat aldaketa ekartzen ditu”, azaldu du. Izan ere, gorputza estrogenoen beherakadari aurre egiten saiatzen da, eta FSH hormona erruz ekoizten hasten da, obarioek estrogenoa sor dezaten. “Baina, obozitorik gabe, alferrikako lana dute hori. FSH hormonaren eta estrogenoen arteko desoreka horrek eragiten ditu klimaterioan sufritzen ditugun sintoma gehienak”.

Aldaketa biologiko horrek, halere, bertze hainbat esparrutan izaten ohi du isla, eta, horren ondorioz, klimaterioaren eta menopausiaren ingurukoak “ezkutuan” gelditzen dira. “Isilpean”. “Zerbait zikintzat hartu izan da, hilekoa bera bezala”, erran du Begoña Arrieta soziologoak. Alaiz kolektiboko eta bertze hainbat emakume taldetako kide ere bada, tartean Urbanas eta Miran elkarteak. Genero rolei buruzko estereotipoek emakumea umeak izateko gaitasunarekin lotu izana ekarri dutela erantsi du, eta, ondorioz, gaitasun hori galduta, modu negatiboan bizi dutela menopausia anitzek. “Duten balioa galduko balute bezala”. Alaiz kolektiboko kideekin egindako lanari esker, estereotipo horien eraginari aspaldi ihes egin ziola nabarmendu du Arrietak, baina aitortu du haren zama sumatu zutela denbora luzez klimaterioaz eta menopausiaz hitz egiteko antolatutako tailer haietan.

Errealitate hori aldatzen ari dela uste du Ansak. “Egungo emakumeek, oro har, ez dute aspaldikoek bezala sentitzen gutxiago balio dutela menopausiaren ordua ailegatzen zaienean”. Azaldu du, halere, sumatu duela adinarekin lotutako hainbat elementuk badutela eraginik menopausiari aurre egiteko moduan. “Menopausia 50 urte inguru betetzen ditugunean ailegatzen zaigu; eta erraten digu, argi eta garbi, gure bizitzaren zatirik handiena atzean utzi dugula jada”.

Taldeen laguntza

“Nik sumatu nuen gorputza puzten ari zitzaidala; eta onartu behar dut nire kezkak estetikarekin bazuela zer ikustekorik, osasunarekin bainoago”. Tere Saezek erran ditu hitzok, menopausiaren inguruko bere esperientziari buruz. Ahal Dugu-ko parlamentaria da Nafarroako Parlamentuan, eta Andrea eta Astelehen Lilak taldeetako kide, bertzeak bertze. Parlamentura ailegatu baino lehen, Lizarrako Udaleko berdintasun teknikari aritu zen urte luzez Saez, eta, han, Alaiz kolektiboko kideek bezala, menopausia lantzeko tailerrak egin zituzten. Saezek, hain zuzen ere, elkarri babesa eta laguntza emateko talde horien beharra nabarmendu du. “Behera egin dute halakoek gure artean; feminismoak protestaren bidetik urrats anitz egin ditu azken urteotan, baina talde horien lana, oraindik ere, beharrezkoa dugu. Are gehiago menopausiaren gisako auzi batean, gorputzetik bizi den zerbait baita. Nork bere gorputzetik bizi izandako hori partekatzea biziki aberasgarria da denontzat”.

Txalotu du gobernuak, bertzeak bertze, menopausia lantzeko gunea martxan jartzeko urratsa egin izana. Gune horrek gobernuak sexu eta ugalketa osasunari buruzko dekretuan jasotakoekin bat egiten duela nabarmendu du Saezek, eta parlamentuan “adi” egonen direla erantsi du. “Bete behar baita, eta ongi, gainera”.

Saezek uste du menopausiaren inguruko eta, oro har, emakumeen gorputzen inguruko “presio sozialak”, oraindik ere, prozesu hori, neurri batean, baldintzatu egiten duela. Eta presio sozial horrek bilakatzen duela prozesua berez den baino latzago. “Auziari geure buruaren ezagutzatik eta ahalduntzetik aurre egiten badiogu, presio hori bazter uztea lortzen badugu, konturatzen gara menopausiarekin ez dela deus berezirik gertatzen”.

Saezek menopausia eta bularreko minbizia ia batera bizi izan zituen. “Minbizia 2000. urtean izan nuen; urtebete lehenago utzi nion hilekoa izateari, 43 urte ingururekin”. Eritasun horren kasuan ere, gizartearen presioak berez astuna den zama are astunago bilakatzen duela erran du Ahal Dugu-ko kideak. “Gizarteak erraten digu emakumeok ezin garela burusoil izan: estereotipo horrekin bat egin behar izateak sufriarazten gaitu”.

Estereotipo guztiak bazter uzteko garaia dela nabarmendu du Saezek. Menopausiari buruzkoak ere bai. Auzi hori osasunarekin lotu du, eta horren atzean dauden interesak salatu ditu, gainera: “Anitzetan, osasun kontu gisa saltzen dizkigute estereotipo horiekin lotutakoak; eta hor hasten da, bertzeak bertze, botika enpresen negozioa”.

“Menopausiaren auzian agerian gelditzen da, argi eta garbi, medikuntzarentzat eta, beraz, gizartearentzat emakumeak bertzeak direla, ezberdinak direnak, zaurgarri direnak”, erran izan du Mari Luz Esteban antropologoak. Menopausiaren “patologizazioa” salatu izan du Estebanek, halaber, eta ideia horrekin bat egin du Saezek ere. “Emakumeon osasunaren inguruan gertatu da, batetik, guri eragiten diguten hainbat gaitz ez dituztela ongi landu; eta, bertzetik, gure ezinegon guztientzat botikak eman dizkigutela”.

Menopausiaren auzian, Ansa medikuak uste du botiken aldeko apustu hori ez dela lehen bezain nabarmena, bertzeak bertze, agerian gelditu zelako garai batean estrogenoen beherakadari aurre egiteko erabiltzen zituzten partxeek osasunari kalte egiten ahal diotela.

Sexualitatea

60 urte ditu Ansak, eta duela hamar izan zuen menopausia. “Kuriositatez bizi izan nuen prozesua; nire kezka nagusia zen nire aldartea eta nire umorea ez aldatzea. Okerrena, azkenean, beroaldiak izan ziren; gauez nituen, batez ere”. Ansak azaldu du beroaldiak direla estrogenoen beherakadak epe moztera eragiten dituen sintometako bat. “Epe ertainera, baginako lehortasuna eragiten du estrogenoen beherakadak. Epe luzera, berriz, osteoporosiarekin eta gaixotasun kardiobaskularrekin lotutako ondorioak agertzen ahal dira. Osteoporosiari aurre egiteko, halere, ongi jatea, ez erretzea eta kirola egitea dira tresnarik eraginkorrenak”.

Sexuaren auzia nabarmendu nahi izan du Ansak, anitzetan zabaldu baita menopausiarekin amaitzen dela sexualitatea. Argi utzi nahi izan du ez dela zertan horrela izan. Harekin bat egin dute Saezek eta Arrietak ere. Azken horrek 70 urte ditu, eta 50 urte zituenean erran zion agur hilekoari. Ansak bezala, beroaldiek eragin zioten ezinegon nagusia. “Izerditan ernatzen nintzen gauez”. Menopausiaren auzia “partekatzeko” beharra nabarmendu du. “Hitz egin behar da, azaldu zer gertatzen ari zaizun, inolako beldurrik edo lotsarik gabe”.

Sexuari buruz ere bai. Horixe erantsi du Arrietak, eta gogora ekarri du Anna Freixasek 2013. urtean emakume helduen inguruan idatzitako Tan frescas liburua. “Lan horrek dioen bezala, emakumeon sexualitatea ez da menopausiarekin amaitzen; ez da zahartzaroarekin amaitzen”.

Psikologian katedradun da Freixas, eta bere hainbat lanetan jorratu du klimaterioaren eta menopausiaren auzia. “Bizi duenarentzat garrantzitsua da, ez hainbertze eragiten dituen ezinegonengatik, baizik eta ekartzen ahal dituen mehatxu kultural eta sozialengatik”, idatzi du Freixasek.

Estrogenoen galerak eragiten duen baginako lehorteari aurre egiteko neurriak har daitezkeela erran du Ansak. “Lubrikatzaileak ezinbertzeko bilakatzen ahal dira”. Erabiltzen dituela azaldu du Arrietak, eta sexualitateaz gozatzen jarraitzen duela, aparteko arazorik gabe. “Gakoa da bikotekidearekin komunikazio ona izatea. Penetrazioak min egiten badizu, edo atsegina ez bada, bertzelako bideak bilatzea da kontua”.

Hitzok erran eta gero, amarekin oroitu da Arrieta. “70 urterekin hil zen. Inoiz ez zigun hitz bakar bat ere erran menopausiari buruz”. Arrietarentzat, hain zuzen ere, familian jaso duzun ereduak garrantzi handia du, eta, gaur egun, oraindik ere, emakume gazte anitzek hartzen dutena “erabat patriarkala” dela nabarmendu du.

Auzi horri heldu dio Saezek ere, eta ezinbertzekotzat jo du menopausiaren auzian “mezu heteropatriarkalari ihes” egitea. Prozesu horretan murgiltzen den pertsonak autoestimua eta ahalduntzea lantzea “funtsezkoa” dela erantsi du Ahal Dugu-ko parlamentariak. “Gizarte heteropatriarkal honetan, emakumea sexu objektu bat da; menopausiarekin, berriz, bazter uzten du gizarte horrek berak. Presio hori hor dago, eta aurre egin behar diogu”. Horregatik uste du elkarri babes emateko taldeen beharra dagoela.

Saezek gogoratu du sexu eta ugalketa osasunari buruzko dekretuak jaso duela pertsonek jaiotzen direnetik hil arte bizi dutela sexualitatea. Hori dela eta, sexu heziketarekin lotutakoak hezkuntzan jorratzeko beharra nabarmendu du. “Hori egiteko tresnak badira. Sexualitateaz hitz egin behar dugu. Menopausiari buruz ere bai, ondorioz”. Parlamentariarentzat, hala ere, ez da nahikoa gobernuak erran izana gaia transbertsala dela. “Dena da transbertsala, gaur egun. Benetan erraten duguna egia dela erakutsi behar dugu”.

Hitz egin behar dela erantsi du Saezek. Eta hitz egin behar dela argi dute Ansak eta Arrietak ere. Klimaterioaz eta menopausiaz hitz egin behar dela. Mahai gainean jarri gaia. Estereotipoak eta heteropatriarkatuari lotutako presioak bazter utzita. “Gorputzetik hitz egin behar dugu”, berretsi du Saezek. Menopausiarekin ate bat itxi, baina bertze anitz irekitzen ahal direlako. Etapa baten amaiera ez delako, ezinbertzean, bidearen helmuga.