Hasi dira bidea egiten

Hasi dira bidea egiten

Edurne Elizondo

Hutsunea betetzen hasi dira. Nafarroako Gobernuak burmuinean kalte hartutako haurrak artatzeko taldea osatu du Nafarroako Ospitale Gunean. Diziplina anitzeko profesionalak batu ditu zerbitzuak; Osasunbideko kideekin batera, gainera, Hezkuntza Departamentuak ere esku hartuko du proiektuan, haurroi eskoletan arreta egokia eskaini ahal izateko. “Hori da guk beti eskatu duguna”, erran du Hiru Hamabi elkarteko buru Yolanda Fonsecak. Kontent da gobernuak egindako urratsarekin.

Burmuinean kalte hartutako haurren gurasoek osatzen dute Hiru Hamabi, eta, azken urteotan, beren seme-alabak sare publikoan arta ditzaten aritu dira lanean. Azkenean, lortu dute. “Adi egotea dagokigu orain, zerbitzuak ongi funtzionatzen duela ziurtatzeko”.

Hiru Hamabi elkarteko kideak duela bi urte egon ziren Nafarroako Parlamentuan, lehendabizikoz. Salatu zuten Osasunbideak 16 urte bete arte ez zituela burmuinean kalte hartutako haurrak artatzen. Halaxe izan da, orain arte. Arreta goiztiarrak 0 eta 3 urte bitartekoak hartzen zituen, baina, gero, deus ere ez 16 urte bete arte. “Sare pribatura joan behar dugu”, gogoratu zuten Hiru Hamabi elkarteko kideek duela urtebete, berriz ere, parlamentuan izan zirenean. 16 urtetik aurrera, Ubarmingo neuroerrehabilitaziorako unitatean artatzen ditu Osasunbideak burmuinean kalte hartutakoak.

Nafarroako Gobernuak haurrak artatzeko protokoloa onartu zuen iaz, eta, haren eskutik, adituen batzorde bat osatu zuten. “Batzorde horrekin aritu gara lanean; lan zaila izan da, gisako zerbitzurik ez baitago bertze inongo erkidegotan. Nafarroa izan da aitzindari, eta bertzeentzat pizgarri ere izanen dela espero dugu”, azaldu du Fonsecak. Enzefalitisak eragindako kalteak ditu burmuinean haren semeak. Amak nabarmendu duenez, Osasunbideko talde berritik dei egin diote jada, neuropsikologoak arta dezan.

Hori izan da, hasieratik, Hiru Hamabi elkarteko kideen eskaera nagusietako bat: neuropsikologoek artatzea beren seme-alabak, haien egoeraren balorazio egokia egin ahal izateko. Bertze bat, diziplina anitzeko ikuspuntu batetik jorratzea burmuinean kalte hartutako haurren auzia. “Bide horren alde egin du gobernuak, eta kontent gara”. Osasunbideak, gainera, asmoa agertu du Hezkuntza Departamentuarekin elkarlanean aritzeko. Hori ere giltzarri nagusietako bat izan da gurasoentzat. “Duela hiru aste, bilera egin genuen Hezkuntza Departamentuko kideekin, eta gure iritzia eta proposamenak kontuan hartzeko prest zirela erran ziguten”, erantsi du Fonsecak.

Neuropediatria, errehabilitazioa, psikologia, fisioterapia eta gizarte lana jorratu nahi ditu Osasunbideak osatutako talde berriak. Zehaztu dute artatu beharreko haurrak izanen direla jaio ondorengo 28. egunetik 16 urte bitartean burmuinean kalte hartu duten adingabeak. 28. eguneko muga ezarri izanarekin ez dira ados Hiru Hamabi elkarteko kideak. “Guk argi dugu jaiotzetik aurrera kalte hartutako haurrak artatu beharko lituzketela zerbitzuan”, erran du Fonsecak.

Hirurogei haur urtean

Nafarroako Gobernuak azaldu du 60 haur inguru artatuko dituela talde berriak, urtean. Istripu baten edo eroriko baten ondorioz buruan hartutako kolpeek eragiten dituzte burmuineko kalteak, batez ere, haurren artean; iktusek, tumoreek, anoxiak edo meningitisaren eta enzefalitisaren gisako eritasunek ere bai. Kalteok, hitz gutxitan erranda, haurren garapenari eragiten diote. Helduen kasuarekin ezberdintasun nagusi bat dute: haurren burmuina, oraindik ere, ikasten ari dela, garatzen. Horrek alde on bat du, gaitasun handiagoa duelako osatzeko eta egokitzeko; alde txarra da, haurren burmuinak gauza berriak ikasi behar dituenez, prozesu horri eragiten diola kalteak.

Garrantzitsua da haurrok ahalik eta azkarren artatzea. Eta hori egiteko bidean urrats garrantzitsua da Osasunbideak prestatutako zerbitzua, Fonsecak nabarmendu duenez. Martxan jarri eta gero, haurrek jasotzen duten arreta baloratzea izanen da Hiru Hamabi elkarteko kideen xedeetako bat. “Guri dagokigu familien iritziak jasotzea, eta administrazioari helaraztea”. Bizkaian, Araban eta Gipuzkoan ere haurrek gisako zerbitzua izan dezaten ari dira Hiru Hamabiko kideak lanean.