“Orkestrak aterabidea eman nahi die hemengo musikariei”

“Orkestrak aterabidea eman nahi die hemengo musikariei”

Kattalin Barber

Nafarroako zein ondoko probintzietako musikari profesionalei irtenbidea emateko, Iruñeko Hiria orkestra sortu berri dute. Azken hilabeteotan lan eta lan ibili ondoren, joan den astean arrakastaz egin zuten debuta, Bilboko Arriaga antzokian, Cuento de Navidad (Gabonetako ipuina) operarekin. Izaskun Ukar biolin jotzailea (Iruñea,1982) da lehendakaria.

Bost funtzio egin dituzue Bilboko Arriagan. Zer moduzkoa izan da esperientzia?

Oso ongi egon dira; antzoki osoa ia beteta egon da, eta oso ongi funtzionatu du orkestrak. Pozik gaude, hilabeteak daramatzagulako entseguekin eta inoiz ez dakizulako benetan nola aterako den. Musikari guztiak oso pozik atera dira funtzioetatik. Hasiera zaila izan da, baina guztion ahaleginari esker ongi atera gara.

Nola jaio da Iruñeko Hiria orkestra?

Iazko maiatzean, hiru musikarik bat egin genuen. Elkarrekin hainbatetan jo dugu beste talde batzuetan, eta zerbait sortu nahi genuen. Forma eman genion, eta erabaki genuen orkestra bat sortzea.

Zer dela-eta orkestra? Nafarroan hutsunea zegoen?

Egia esan, Nafarroa nahiko txikia da, baina eskaintza kultural handia dago. Nafarroako Orkestra Sinfonikoak lan handia egiten du, baina, era berean, beharrezkoa ikusten genuen beste orkestra mota bat, ez hain handia. Gu hemengo musikari profesionalak gara, eta Errioxa [Espainia], Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko jendearekin bat egin dugu. Hemen ikasitakoak dira gehienak, eta harremana dugu, proiektu askotan aritu garelako elkarrekin. Gure helburua gizarteari kalitatezko orkestra bat eskaintzea da. Guztiok gara profesionalak, baina, hainbat arrazoi direla medio, ez gaude orkestra profesional batean. Hemengo musikariei aterabidea eman nahi diegu gure orkestraren bidez.

Zaila da orkestretan ibilbide profesionala egitea?

Oso zaila da. Oposizioak gutxitan ateratzen dira, eta kultura beti dago nahiko ahaztuta. Horregatik, aukera eman nahi dugu musikariek musika egiten jarrai dezaten. Energia, ilusioa eta gogo handia dugu. Hain zuzen ere, uste dut zenbaitetan hori falta dutela orkestra profesionalek.

Publikoa badute orkestrek?

Gure orkestra nahiko gaztea da. 30 eta 40 urte artekoak gara guztiok, eta, hori dela eta, gure publikoa ere gaztea izatea gustatuko litzaiguke. Hortaz, gure helburua publiko berriak sortzea da, eta hemengo musikariak eta abeslariak bultzatzea. Gazteak gu ikustera joatea nahi dugu. Musika klasikoa eta gazteak ez dira bateraezinak. Gainera, gure tamaina dela eta, areto txikiagoetan egon gaitezke, kultur etxeetan, adibidez.

Bilbon izan zarete, baina Nafarroara noiz iritsiko da Iruñeko Hiria orkestra?

Baditugu proiektuak. Korrontzi trikitilariarekin ariko gara udaberri aldean. Hiru funtzio eginen ditugu, horietako bat Nafarroan. Poliki-poliki gehiago ateratzea espero dugu. Zaila da, hutsetik hasi garelako, baina argi dugu zer nahi dugun. Laguntzak badaude orkestretarako, baina gehienetan bi urteko antzinatasuna eskatzen dute, eta, oraingoz, ez dugu betetzen. Saiatuko gara kultur etxeetan jotzen, eta, arriskatu behar badugu, arriskatuko dugu.

Geratzeko sortu da zuen proiektua?

Bai, hala da. Indarra dugu. Goi mailako kontserbatorioa dugu Nafarroan, eta beti egongo dira musikari prestatuak. Beti izanen dugu txokoa ikasketak amaitzen dituzten musikarientzat. Horrela, Nafarroako jarduera kultural musikala ere zabaltzen da. Gero eta gehiago, hobe. Guk kalitatezko musika eskaini nahi dugu, inori lekua kendu gabe. Esaterako, guk inoiz ez dugu errepertorio sinfonikoa joko, horretarako Nafarroako Orkestra Sinfonikoa dugulako, eta oso ongi egiten dutelako. Bakoitzak bere espazioa du. Adibidez, Baluarten Ganbera Aretoa dago, eta uste dugu aprobetxatzen ahal ditugula toki horrek dituen aukerak.

Nolakoak izan dira azken hilabeteak?

Oso gogorra izan da guztia martxan jartzea. Entsegu asko egin ditugu, eta dena lotzea kostatzen da; baina ikusi ditugu dagoeneko aurreneko fruituak. Guztiak oso pozik atera gara Bilboko funtzioetatik, eta gogoa dugu gehiago eskaintzeko. Ganbera musika eskain dezakegu guk. Bilboko funtzioetan 21 pertsona egon gara, baina gure taldea aldakorra da, eta 12 eta 35 musikari artean egon gaitezke kontzertuetan.

Nafarroako Ganbera Operarekin batera egin duzue Gabonetako ipuina opera. Zer moduz elkarrekin?

Oso ongi egon gara, eta zinez eskertu behar diegu eman diguten aukera. Musikari profesionalak gara, eta ezagutzen dugu Nafarroako Ganbera Opera; askotan egin ditugu funtzioak haiekin, baina inoiz ez Iruñeko Hiria orkestraren izenpean. Bilbon estreinaldia izatea oso esperientzia ona izan da. Jende askok entzun gaitu, eta erakusleiho ezin hobea izan da.

Harrera ona izan du orkestrak Nafarroako musika klasikoaren profesionalen artean?

Asko babestu gaituzte, eta ohore bat izan da guretzat. Nafarroako Ganbera Operak eta Pamplonesa musika bandak ikaragarri lagundu gaituzte. Horrela jarraitzea espero dugu; uste dugu guztiok dugula tokia, eta gure onena eskaini nahi diogu gizarteari. Hasiberria da orkestra, eta pauso bakoitza oso garrantzitsua da, eta sendoa izatea nahi dugu. Urtez urte finkatzea eta programazioa izatea da gure helburua.