Autokontsumoa du Izabak helburu

Autokontsumoa du Izabak helburu

Edurne Elizondo

Hamaika bilera eta paper. Hamaika agiri honat eta harat eraman beharra. Baina osatu dute, azkenean, Ezka Ibaia izeneko udal enpresa. “Ditugun baliabideak erabili nahi ditugu, herriaren alde”, azaldu du Izabako alkate Jesus Barazek. Bera da udalak sortutako enpresako presidente, eta hitz gutxitan laburtu du zein duten asmo nagusia: “Energiaren esparruan, autokontsumoa lortzeko bidean urratsak egin nahi ditugu; autonomo izan”.

1960ko hamarkadakoa da Izabako zentral hidroelektrikoa. Herriko udala da haren jabe, eta, ondorioz, argindar ekoizle da Izaba. Ez hori bakarrik. Argindar banatzaile ere bada. “Herriko linea elektrikoaren jabe da udala, eta horrek ematen digu argindarra banatzeko aukera. 600 kontagailu ditugu herrian”, azaldu du alkateak. Orain, azpiegitura hori bere esku duela aprobetxatuz, bertze urrats bat egin du Izabak, eta argindar saltzaile bilakatu da. Zikloa osatu du.

Horrek ez du erran nahi, hala ere, Izabak ekoizten duen argindarra denik herria hornitzen duena. Hainbat kontuk eragiten dute auzian. “Ez da gai erraza”, aitortu du Barazek. Batetik, alkateak zehaztu du herrian dituzten 600 kontagailuen jabe diren erabiltzaileetatik erdiei saltzen diela udalak argindarra. “Bertze 300 horiek gurekin bat egitea da gure helburua, noski. Informazioa zabaltzen ari gara hori lortzeko asmoz”. Bertzetik, legeak ezartzen dituen mugak nabarmendu ditu Izabako alkateak. Izan ere, argindarraren esparruko liberalizazioak ekarri zuen prozesuko hiru etapak bereiztea: ekoiztea, banatzea eta saltzea. “Aurreko udalak enpresa pribatu baten esku utzi zuen argindarraren banaketa. Guk gure esku hartu dugu, berriz ere, eta horregatik erabaki dugu saltzaile bilakatzeko urratsa egitea. Udal bat gara, irabazi asmorik gabeko erakunde bat, alegia”, azaldu du alkateak.

Lanpostuak sortu

Lortutako irabaziak herriaren alde erabiltzea da Izabako Udalaren asmoa. “Lanpostu bat sortu dugu jada, eta bertze bat edo bi sortu nahi ditugu”. Izan ere, hainbat proiektu ditu udalak zentralaren jarduerari lotuta. Batetik, Izabak lortu nahi du zentrala martxan egotea urteko hilabete guztietan. Uraren menpe dago azpiegitura horren jarduera. “Egun, urritik aurrera eta lau hilabete inguruz ekoizten du. Urte osoan martxan izateko, zirkuitu itxi bat sortzen duen sistema behar dugu, presatik behera erortzen den ura berriz ere erabili ahal izateko. Horretarako, noski, gobernuaren laguntza beharko genuke. Ez da berehala martxan jartzeko proiektu bat, epe luzerako asmo bat baizik”, erran du Barazek.

Alkateak erantsi du udalak “kezka berezia” duela ingurumenarekin, eta argi utzi du erakunde horrek “lehentasuntzat” hartu duela ibaiaren gisako natur baliabideak zaintzea edozein proiektu garatzeko orduan.

Bertzetik, autokontsumoaren eta energia autonomiaren bidetik aurrera egin nahi du udalak, eta arlo horri buruzko kontzientzia pizteko eta lantzeko, hain zuzen ere, zentro bat sortu nahi du zentrala dagoen tokian, energia berriztagarrien inguruan. “Eski kanpainari esker, urtean 5.500 haur inguru etortzen dira Izabara. Haiekin jorratu nahi dugu gaia”, azaldu du Izabako alkateak.

Zentro hori martxan jartzeko ideia Nafarroako Gobernuarena izan dela erran du Barazek. “Haiek egin ziguten proposamena, eta hainbat bilera egin dugu jada. Hagitz egokia iruditzen zaigu. Gobernuaren laguntza beharko genuke, halere, abian jartzeko”.

Mahai gainean dituzten asmoak gauzatzeko urratsak zehazten dituzten bitartean, egun martxan dituzten azpiegiturak hobetzea du helburu Izabako Udalak. Azken urteotan, hain zuzen ere, lanak egin dituzte ibaiko ura zentralera garraiatzeko hodiak aldatzeko. “Izabatik kilometro eta erdira hartzen du zentralak behar duen ura; bidearen erdian hodiak berritu ditugu jada”.

Laster diru sarrera berri bat izanen dutela azaldu du Izabako alkateak, argindarraren prezioaren inguruko sententzia bati esker. “Duela hamar urte inguru, gurearen gisako zentral hidroelektriko txikiek ekoizten zuten argindarraren prezioa jaitsi zuten; helegitea aurkeztu, eta epaileek zentral txikiok kudeatzen ditugunon alde egin dute. Ondorioz, kalte-ordaina jasoko dugu”.

Diru hori eta argindarra salduz lortuko dutena azpiegitura hobetzeko eta lanpostuak sortzeko erabiliko dutela berretsi du Barazek; herriari egin nahi diotela mesede, alegia. Udalak sortu, banatu eta saldu nahi du herriak behar duen argindarra.