Iritzia: Euskaldunon estilo-baliabideak

Jon Barberena

Leteren azken liburuak bezala, Elurra ikusi dut nik ere, egun hotz hauetan. Gripeak gorputz andanetan hartu du ostatu, eta haragi eta hezurrekin batera hitzak eritu zaizkigula sentitu dut. Poetikotasun gutiko gizartea da gurea. Estilo-baliabideei erreparatuz gero, estilo (moda) handikoa eta baliabide gutikoa. Itxurak egiten gaitu nor. Azala dugu neurgarri bakarra. Halere, begietako sismografoa martxan paratuko bagenu, ikusiko genuke pertsonon egiazko indarra eta hipozentroa barnean daudela. Bigarren mailan paratu eta gutiesten ditugu hitzak, literatura eta sentimenduak. Mundu bat sar daiteke poema ttipi baten lerroetan, baina mundu osoan ez da lekurik poema ñimiño batendako.

Beti doinu eta neurri berdinean kantari. Betikoei, beti bezala. Zenbait estilo-baliabide higatu ditugu etengabe erabiliz eta gehienak betiko zokoratu. Testu pobreak dira gureak! Metaforek ez dute baliorik, konparazioek hartzen dute protagonismoa. Ondokoaren gabeziek gure harrotasuna hauspotzen dute, nia elikatu eta zoriontasunera hurbildu. Bekaizkeriak bideratutako (sasi)zoriontasunera. Ondokoarena baino auto handiagoa nahi dugu, barrideak baino diru gehiago desio sakelan eta lagunarena baino gerri estuagoan kabitu. -Ago-ak ahoa eta egoa handitzen ditu.

Aho kontuak aipatu eta ahoz aho dabiltzan hiperboleak etorri zaizkit burura. Maialen Lujanbiok Irunen kantatutako gin-tonic barneko hormak ez baitira ahorik aho dantzan dabiltzan bakarrak. Ez dakit txantxarrik sor dezaketen, baina tamainaz handiak izanagatik ere, ahoan kabitu eta gustura darabilzkigu. Esajerazioz apaintzen ditugu eguneroko ekintza xumeak. Enfasi berezia paratzen diogu eguneroko errutinari, eta irudi poetikoa sortzeko ezintasunean, modu digitalean izozten ditugu irudiak. Sare sozialetan zintzilikatzen ditugu mendi irteerak, lagunarteko afariak edo hondartza galduetako harea pikorrak. Bertzeen begiradek eta onespenek gure ekitzen dimentsioa handitzen dute.

Bertzalde, etengabeko sinestesia sufritzen dugu. Medikuaren koloreetako pilulek ezin dute deus egin gaitz honen kontra! Apokalipsia ote? Galdua dago XXI. mendeko gizakia. Irudia jainkotzen dugu, eta begiekin aditzen, usaintzen, ukitzen eta dastatzen dugu den-dena. Zentzumen bakarra nahikoa da sare sozialen oihanean bizirik irauteko.

Modu berean, aski trebeak gara hiperbatonak erabiltzen. Hitzen ordena aldatzea ikaragarri gustatzen zaigu. “Dago Amaia?”, “Daude goxo-goxoak!”. Hainbertze menperatzen dugu gure hizkuntza, non jostatzerat atrebitzen garen eta hitzen ordena logikoa aldatzen dugun. Aberastasun eta maila handiko hiztunak gara! Euskara salbu dago! Hobe genuke mugarik eta etenik gabeko elipsi batean bizi. Isilik. Ezinezkoa. Pako Aristik idatzi zuen bezala: “Hitzak behar ditugu isiltasuna maite dugula errateko ere”.

Ama hil zaigu poemaren egilea hil zaigu. Joxan Artze joan zitzaigun egunean, lainoak ezkutatzen zituen Gure bazterrak ordu ttipietan. Kasualitatea? Ez dut uste. Zaude lasai, Joxan, segur naiz Baztan zarela gorputzetik alde egin duzunetik. Zoritxarrez, inguruko anitzek ez dute jakinen kantatzen dituzten Txoria txori eta Gure bazterrak zuk idatziak direla. Hori bai, barridearen autoak zenbat zaldi dituen edo lagunaren lurrunak zenbat sos balio duen ikasia izanen dute.