“Ezin dugu onartu pentsioei buruzko etsipen diskurtsoa”

“Ezin dugu onartu pentsioei buruzko etsipen diskurtsoa”

Edurne Elizondo

Erretiroa hartzeak ez du erran nahi bazter gelditzea. Gizartearekin engaiatuta jarraitzen dutela argi utzi dute Krisiaren Aurkako Adinduen Koordinakundeko kide Patxi Erdozainek (Agoitz, 1938) eta Manolo Burguetek (Irunberri, 1948).

Zein da osteguneko protestaren helburua?

PATXI ERDOZAIN: Espainiako Gobernuak %0,25 igo ditu pentsioak. Berez, behera egin dute: erosteko ahalmena galtzen ari gara. Gobernuaren erabaki horrek erretiratuak mobilizatu ditu. Hainbat elkarretaratze izan dira azken egunotan, eta horrek erakusten du, gure ustez, erretiratuen arteko sektore bat altxatzen ari dela inposizioaren aurka.

Zergatik mobilizatu dira orain?

MANOLO BURGUETE: Hainbat urte dira jada aurtengoaren gisako igoerak ditugula. Duela hainbat urte, inflazioa ez zen handia, eta noizbait negatiboa ere izan da. Baina iaz eta aurten positiboa izan da. Horrek ekarri du pentsioak apaltzea, eta jendea nekatu egin da. Gainera, behin eta berriz ari dira jendaurrean erraten ezinezkoa izanen dela egungo pentsioen sistema publikoari eustea, eta horrek ezinegona sortu du, etorkizunari buruz.

Euro bateko azken igoera horrekin haien lepotik barre egiten ari ote diren sentipena izan dezakete pentsiodunek?

P. E.: Kontua da igoera horren berri emateko bidali diguten gutunaren mezua hagitz positiboa dela; erraten digute ekonomiak hobera egin duela. Baina ondorioa da pentsioen igoera %0,25 izanen dela. Horrek jendea amorratzen du. Ekonomiak hobera egin badu eta lanpostuak sortu badituzte, zergatik igoera txiki hori?

Haserre hori bideratu nahi duzue osteguneko protestaren bidez?

M. B.: Hori da asmo nagusia, bai. Hori salatu nahi dugu, eta bertze hainbat auzi jarri nahi ditugu, gainera, mahai gainean, pentsioen sistema publikoaren etorkizunarekin lotuta.

Zer-nolako auziak?

M. B.: Adin piramidea, adibidez. Gero eta erretiratu gehiago izanen dira. Bertzalde, argi utzi behar da egungo pentsioek ez dutela zerikusirik aspaldikoekin; aspaldi baino handiagoak dira, eta bizi itxaropena ere handiagoa da. Testuinguru horrek pentsioen sistema publikoaren porrotera garamatza, antza. Egungo pentsiodunek lan egin genuen. Hor gureganako betebehar bat du sistemak. Eta gure eskubidea ere bada. Azkenik, bada kontuan hartzeko bertze auzi bat: egungo produktibitateak ez duela zerikusirik bertze garai batekoarekin. Arazoa da sortu diren irabaziak ez direla banatzen. Arazoa ez dira baliabideak, baliabide horiek banatzeko modua baizik. Argi izan behar dugu ezin dugula etsipenaren diskurtsoa onartu, bertzerik gabe, pentsioei buruz.

P. E.: Gure helburua da arazo eta egoera horiei modu kolektibo batean erantzutea. Horregatik jaso nahi ditugu erretiratuen gutunak, hilaren 8an, eta elkarrekin eraman Espainiako Gobernuaren Nafarroako ordezkaritzara, biharamunean. Erretiratu garen guztiok irabazi dugu erretiroa hartzeko eskubidea, baina denen egoera ez da bera. Zenbaitek pentsio on bat dute, baina bertze anitzek, ez. Batez ere emakumeek. Etxean lan egin dutenei ez diete lan hori aitortu, eta orain ari dira horren ondorioa pairatzen. Horregatik uste dugu funtsezkoa dela erantzun kolektibo bat ematea. Elkartasuna agertu nahi diegu, modu horretan, pentsiorik eskasenak jasotzen dituzten horiei.

Pentsio horiekin, gainera, familia osoa bizi da, anitzetan, krisiaren ondorioz langabeziak gora egin eta gero.

M. B.: Hala da. Hori da familia anitzen errealitatea, eta pentsiodunen diru iturri horrek lortu du, anitzetan, krisiaren ondorioak are larriagoak ez izatea.

Nafarroan gobernuak neurriak hartu ditu pentsiorik apalenak lanbide arteko gutxieneko soldatarekin parekatzeko. Zer deritzozue?

M. B.: Neurri horiek lortu dira alargunak hasi zirelako pentsio duinak jasotzeko eskubidea aldarrikatzen. Ondorioz, alargunen pentsioak berdindu ziren lanbide arteko gutxieneko soldatarekin. Iaz, gutxieneko soldata hori igo zen, eta aldarrikapen berari eutsi zioten alargunek. Egungo gobernuak bat egin zuen eskaerarekin. Gainera, konpromisoa hartu zuen hiru urtean gutxieneko soldata horren azpitik ziren pentsio guztiak igotzeko.

P. E.: Nafarroan, ondorioz, gutxieneko soldataren azpiko pentsiorik ez da izanen. Hori garrantzitsua da. Ez da nahikoa, baina neurri positiboa da. Jarrera hartzeko modu bat. 22.000 pertsonari eraginen die neurriak.

Krisiari modu kolektibo batean aurre egiteko sortu zenuten koordinakundea, 2012an. Nolakoa izan da orain arte egindako bidea?

M. B.: Krisia piztu eta gero, argi ikusi genuen hemen zeuden erretiratuen elkarteek bazutela batzeko beharra. Era askotako hainbat elkartek egin dugu bat, eta gai izan gara komunean ditugun helburuen alde borroka egiteko.

Zuen helburua da adinduak aldarrikatzea subjektu politiko gisa?

M. B.: Bai. Hagitz garrantzitsua da hori. Kontuan hartuta gero eta gehiago bizi garela, are gehiago. Gurearen gisako belaunaldikoek anitz egin dute lan. Orain, atseden hartzeko eskubidea dugu, bai eta bertzelako gauzak egitekoa ere. Gizartearekin engaiatuta jarraitzeko eskubidea dugu.

Zeintzuk dira zuen lan ildo nagusiak?

P. E.: Gure helburu nagusia da pentsio duinak lortzea, eta hori lortzeko lana lau arlotan banatu dugu: bat pentsioa da; bertzea, etxebizitza; hirugarrena mendekotasun legea da. Sortu zenean anitz poztu ginen denak, baina dirurik gabe, baliabiderik gabe, hutsean gelditzen da. Laugarrena ordezkaritza da.

M. B.: Ordezkaritzaren arlo horri buruz, egia da Adinduen Kontseilua existitzen dela, baina kontsultarako erakunde bat bertzerik ez da. Guk hori aldatu nahi dugu, erakunde autonomo bat lortu adinduon ordezkari gisa. Hori lantzen ari gara, adinduok ikusgarri bilakatzeko erakundeen eta gizartearen aurrean.

Zahartzaro aktiboaren aldeko neurriak ari da hartzen gobernua. Gizarteak ere zuen aldarrikapenak onartzen dituela sentitzen duzue?

M. B.: Ez dugu nahi bazter gelditzen diren horiek izan. Parte hartzen jarraitu nahi dugu; badugu gure rola gizartean, badugu zer erran arlo guztietan. Eta ez dugu ahaztu behar, pentsioez ari garenean, egun lanean ari direnen arazoez ere ari garela. Denok pairatzen dugu egungo sistema.