Iritzia: Gaurkotasun testak

Tania Arriaga Azkarate

Gizarte eta Komunikazio Zientzien fakultatean, lau-hilabete berria hasi da aste honetan, eta niri Informazio Generoak ikasgaia ematea egokitu zait. Lehendabiziko mailako gaia izanik, laurogei ikasle inguru izanen ditut klasean: energiaz beteriko ia ehun gazte, 2000. urtean jaiotako xamalko bizkorrak. Aspaldidanik, Informazio Generoen atal garrantzitsua, astero astero, ikasleek egin beharreko gaurkotasun testa da. Munduan eta hemen inguruan gertatutakoen gainean galderak egiten dizkiegu baina oso erantzun zuzen gutxi jasotzen ditugu. Egoera irudika dezazuen, ondoren irakurriko dituzuen moduko galderak prestatzen ditugu: “Zein herrialdek bonbardatu ditu Siriako kurduak, azken astetan?”; “Zer gertatu zen urriaren 1ean?”; “Nafarroako gobernuko zein alderdik ditu barne arazoak?”; “Iruñeko oinezkoentzako bideak berrikusiko dira, egia ala gezurra?”.

30 urte gorakoentzat erantzutea aski erraza izan daiteke. Gure gazteei, ordea, galdera hauei ihardespen zuzenak topatzea oso zaila egiten zaie eta, gutxi gora behera, soilik %20k asmatuko lukete ongi erantzuten. Bai ikasle eta baita irakasleentzat ere, okerrena da hilabeteak pasatu ahala ez dugula lortzen ehunekoa igotzen. Aldiz, manga film, National Geographic-en azken zenbaki edo norberaren youtuber gogokoenen azken emanaldiaren inguruan galdetuko bagenie ederki erantzunen lukete; eta ez naiz balio judiziorik egiten ari.

Azterketa horien emaitza kaskarrek hamaika konturen berri ematen digute. Lehendabizikoa: irakasleon abilidade eskasa gaurkotasunaren inguruan interesa pizteko. Bigarrena: hori lortzeko erabiltzen ditugun baliabideen berrikuspenaren beharra. Hirugarrena: 80 ikasle kudeatu behar ditugunez, eskolak diseinatzeko dugun maniobragarritasun eskasa. Hala ere, mea culpa horiei beste zenbait faktore gehitu behar dieguela iruditzen zait. Esate baterako, gaur egungo informazio iturrien atomizazio basatia eta hortaz agendaren poliedrikotasuna eta horren berritze/aldatze erritmo azkarra. Horregatik guztiagatik, ikasleen gaurkotasuna eta helduona bi unibertso paralelo bezain ezberdinak dira.

Gainera, berriak kontsumitzeko euskarri tradizionalen krisialdia bizi dugu. Hori dela eta, kazetaritza edo ikus-entzunezko ikasle batek komunikabideen formatuen inguruko oinarrizko jakintza etxetik zekarren lehen; adibidez, irakasleak egunkariaren nazioarteko atala irakurtzeko esanez gero, gazteak jakinen luke zer egin. Orain, hori bera galdetuta ez dut uste zertaz ari garen ulertuko luketen, paperezko prentsarik ez baitute erabiltzen; berriak sare sozialen bitartez iristen zaizkie, testuingururik gabe.

Saileko irakasleok horren inguruan maiz hitz egten dugu. Batzuek, gaurkotasun gutxiengoa lantzen ez duenarentzat gutxiegi koertzitiboak defendatzen dituzte: jakintsu da astua, makilla du maixua. Beste batzuk, ikasle bakoitzak nahi duen gaurkotasun albisteak lantzea proposatzen dute, espezializatze aldera. Gaiak gizarte osoaren hausnarketa mereziko luke, nongo, nolako, zein ikuspuntuko berriak nahi ditugun zehazteko. Bitartean, aukeren arteko nahas-mahasarekin aurrera jarraituko dugu. Gaurkotasun gutxiengoa jasotzen ikasi, agenda orokorra jarraitzen saiatu eta, gisa horretan, norberaren berezko interesa aurkitu, sakondu eta lantzeko asmoz.

P.D. Ikasleren batek hau irakurri eta gelara ekartzen badu, puntu bat emanen diot.