Hitza hartu eta erabaki nahi dute

Hitza hartu eta erabaki nahi dute

Kattalin Barber

Hitza hartu nahi dute Zangozako herritarrek, Geoalcali enpresak han zabaldu nahi duelako Muga meatze proiektua. Herrian uste dute jendeak ez duela “informazio nahikorik”; horregatik, gisa horretako proiektuetan kontsulta bat egitea ezinbestekotzat jo du herrian sortutako Zangozak Erabaki ekimenak. “Potasa mineralaren erauzketarekin loturiko proiektu horrek eragin handia izanen du; horregatik, uste dugu bizilagun guztiok informazioa jasotzeko aukera izan behar dugula, eta gure iritzia adierazi behar dugula herri kontsulta baten bidez”. Halaxe adierazi du Txema Acedo Zangozak Erabaki ekimeneko kideak. Alde eta kontrako ahotsak daude bertan. “Argi esan behar dugu gu ez gaudela ez meatzearen alde ez eta kontra ere; sentsibilitate desberdineko pertsonek osatzen dugu ekimena”. Hortaz, herritarrek auzi horren inguruan erabakitzea da haien xedea.

Horretarako, sinadura bilketa bat abiatu dute, herri kontsulten foru legeari jarraituz, eta Zangozako Udalari eskatu nahi diote proiektuari buruzko herri kontsulta bat egiteko. “Azken finean, badira herrien eta pertsonen etorkizunak aldatzen dituzten proiektuak, eta oso garrantzitsua da guztiok proiektu horien parte izatea eta informazioa izatea”, jarraitu du Acedok.

Muga egitasmoak bi erkidegori eragiten die: Aragoiri (Espainia) eta Nafarroari. Meategia Undues de Lerdan (Aragoi) egitea da asmoa; urmaelak, bulegoak, tailerrak eta gisako azpiegiturak, berriz, Zangozan kokatu nahi dituzte. Geoalcali enpresak urtean 6.300 milioi tona potasa atera nahi ditu bertatik. Mineral hori guztia garraiatzeko, kamioiek urtean 102.500 bidaia egingo lituzkete. Hau da, egunean 512 kamioi ibiliko lirateke.

Proiektua ez da batere berria. Geoalcali enpresa 2011. urtean hasi zen potasa meatzeak egiteko ikerketa baimenak eskatzen. 2013ko maiatzean, Geoalcali enpresa Zangozako Udalarekin harremanetan jarri zen, eta, ordutik, aldeko eta kontrako ahotsak agertu dira. Egun, ingurumenean izango lukeen eraginaren azterketa egiten ari da Espainia. Aurretik, proiektuari hamar alegazio aurkeztu zizkion Nafarroako Gobernuak. Acedok salatu du herritarrek proiektuari buruzko informazio falta dutela. “Herriko egoera ekonomikoa hobetzen badu, niri neuri ez zait gaizki iruditzen proiektua. Baina nola eginen dute? Zalantza gehiegi daude pentsatzeko ona edo txarra den. Jendeak proiektuaren inguruan hausnar dezan nahi dugu”.

Erroldaren %10

Enpresak jakinarazi zuen 800 lanpostu sortuko dituztela, baina Acedok bota du galdera: “Nolakoak izanen dira lanpostu horiek? Ez dakigu proiektuak zer ekarriko duen”. Abenduan hasi ziren sinadurak biltzen, eta heldu den otsailaren 21ean amaituko da kontsulta epea. 150 pertsona inguruk sinatu dute jada, baina erroldaren %10 behar dute, hau da, 500 pertsona inguru.

Astelehenetik ostiralera Zangozako udal bulegoetan sina dezakete Zangoza, Gabarderal eta Rocaforte herrietan erroldatuta dauden pertsonek, goizeko bederatzietatik ordu bietara bitartean. “Herrian ezin izan ditugu sinadura mahaiak paratu, dena legez egin nahi dugulako, eta udaleko langile batek ikuskatu behar du sinatzen den bakoitzean”.

Hori dela eta, Acedok uste du jende gutxiago joan dela sinatzera, baina azken aste hauetan eskuorriak banatu dituzte, eta parte hartzea igotzea espero duela adierazi du. “Guri berdin zaigu emaitza, berdin zaigu alde edo kontra egotea, baina herriak erabakitzea nahi dugu; horregatik, zangozarrei eskatzen diegu bertara joatea sinatzera”.

Erroldaren %10ak sinatzea lortzen badute, Zangozako Udalak udalbatza egin beharko luke, eta bilera horretan erabaki herri kontsulta egin ala ez. “Udalak orain arte eman du informazioa, baina uste dugu gehiago egin behar duela. Esaten dute dena legez ari direla egiten, baina Zangozako herriari zer gertatuko zaio? Handiago eginen da? Dirua bakarrik ekarriko du?”. Horrez gain, “kezka” adierazi du, potasa meategia Esako urtegiaren aldamenean egin nahi dutelako.

Ingurumenaren ikuspuntutik, hainbat elkartek ere zalantzan jarri dute egitasmoa. Meatzea egiteko lanetan akuiferoetara egin litezkeen isuri toxikoak, hondakinak, elektrizitate sareak inguruko faunari eragin diezaiokeen kaltea, lurraren higatzea, airearen kutsadura eta paisaiaren gaineko eragina aipatu dituzte, esate baterako. “Ingurumen arriskuak izan ditzake proiektuak, baina ziur naiz, egiten bada, gobernuak enpresari eskatuko diola segurtasunaren eta ingurumenaren alorretan baldintza guztiak betetzea”.