Iritzia: Planto

Lur Albizu Etxetxipia

Duela hilabete gutxi batzuk hasi zen dena, eta dagoeneko aste gutxi batzuk besterik ez da falta. Urteroko borroka-egunaren forma aldatu eginen da aurten. Dena gelditzera goaz. Martxoaren 8an greba feminista eginen dugu Euskal Herrian, lelo argi batekin: Emakumeok* planto, nosotras paramos!.

Mugimendua gara, eta mugimenduan gaude: Nafarroan lehenengo asanblada egin zenetik beste txoko askotan hasi dira haien elkargune propioak osatzen, Iruñerriko auzo eta herrietan, Tuteran, Tafallan, Sakanan… Ez bakarrik hori, ikasleak ere ari dira haien espazioetan saretzen, lau ardatzen inguruko lantalde eta lanketak egiten ari gara, batzordeak eratu dira… Bi hilabetean horrelako lanketa eta zabalpena izatea, emakumeen* saretzean sakontzeko elkarguneak sortzea, aniztasuna oinarri lanean aritzea ez da gauza makala. Zenbat aldiz parte hartu dugu 80 pertsonako batzarretan?

Kalera ateratzeko arrazoiak asko dira: gure gorputzen gaineko indarkeria motak, egunero egiten ditugun ezkutuko (eta doako) lan guztiak, doan egiten ditugun zaintza-lanak, ezkutuan jarraitzen duten emakume erreferenteen desagerpena, soldata baxuagoak, kontsumismoa eta geure gorputzen merkantilizazioa… esaldi bakarrean laburtu beharko banu, esanen nuke ez dugula bigarren mailako izan nahi, ezkutukoak izateari utzi nahi diogula. Ez dugu menpeko izan nahi. Bagara nor.

Ez da greba feminista bat egiten den lehen aldia, guretzat berria bada ere. 1975ean, Islandian, emakumeak (%90!) ez ziren lanera joan, ez zuten bazkaria prestatu, ez zituzten haurrak zaindu. Atzerago egiten badugu, Bartzelonan ere topa dezakegu; duela 100 urte, emakume langileek piztu zuten greba bat, oinarrizko produktuen garestitzea zela eta. 2015ean, Vaga de totes deitutakoa izan zen hiri horretan. Iaz… Iaz deialdi internazionala egon zen. Ehunka mila emakume* atera ziren gure aldarriak kalera ateratzera. Hemen keinuak egin ziren iaz. Aurten… Planto egitera goaz.

Eta nolakoa izanen da greba feminista? Nola imajinatzen dugu greba feminista? Nolakoa izanen da? Zergatik aterako gara? Galdera berdinak egin zizkieten duela pare bat aste Iruñerriko emakume* batzuei. Pertsona adina erantzun: borrokarako tresna delako, emakumeen* boterea ikusarazteko, beharra delako, indarkeriez nazkatuta gaudelako, ez gaituztelako kontuan hartzen, sistemaren kontra joateko, mundua geldiarazteko, emakume anitzekin eraiki eta ikasiko dugulako, beste sistema bat posible dela erakusteko aukera delako… Gure eskubideak defendatzera aterako gara, indarkeriei aurre egitera, sistema iraultzera, munduko emakumeen borrokekin bat egitera, kapitalismo patriarkalari aurre egitera.

Egitera goazena berria eta berritzailea da. Herri eta auzoak, Nafarroa, Euskal Herria, mundua eraikitzeko modu bat. Sistemari aurre egin eta batera borroka egiteko eguna. Agian ez da handiena izanen, baina jarraituko dugu, mundua gelditu eta geldiarazi arte. Gu gelditzen bagara mundua gelditzeko (eta eraldatzeko, iraultzeko) gai garelako.