Elkartasunaren izenean

Edurne Elizondo

Besarkada batek laburbildu zuen bi orduko mahai inguruan nabarmendu nahi izan zuten mezua: sistemaren errepresioaren aurrean elkartasuna dela aurrera egiteko bidea. Bel Pozueta eta Elena Ortega izan zituen besarkada horrek protagonista. Gazte Komunistek antolatutako ekinaldian parte hartu zuten, larunbatean, Altsasuko auziko guraso Alfredo Urkijorekin eta Madrilgo 13 Rosas zentro sozialeko Jesus Garcia eta Elena Garciarekin batera.

Altsasuko Adur Ramirez de Alda gaztearen ama da Pozueta. 2016ko azarotik dago Ramirez de Alda espetxean, herriko taberna batean bi guardia zibilekin izandako liskarragatik terrorismoa egotzita. Apirilean eginen diete auziko zortzi gazteei epaiketa. Ortega, berriz, Alfon Fernandezen ama da. 2012an atxilotu zuten, Madrilen, greba orokorraren eguneko piketeetarako bidean. “Ezagutzen ez nituen hitzak ikasi nituen semearen auziarekin: poliziaren azpijokoa, torturak poliziaren etxean, behin-behineko espetxea, FIES erregimena, sakabanaketa…”. Lau urteko espetxe zigorra ezarri zioten Fernandezi, eta kartzelan egin ditu azken 30 hilabeteak. Iruñera etorri zen Ortega larunbatean, eta Bel Pozuetaren besarkada jaso zuen, ekinaldia hasi baino lehen. Bi amen arteko besarkada beroa izan zen emakumeok elkarri eman ziotena. Bakarrik ez direla adierazteko keinua. Babes sareak eraikitzen ari dira, elkartasunaren izenean.

“Madrilgo Vallecas auzoko langileak gara gu. Beti izan dugu helburu gizarte justuago bat. Horren alde lan egiten duzunean, argi dago sistemak ez duela zurekin bat eginen. Hori jakinda ere, ikaragarria da azkenaldiko atzeraldia. 2012an baino okerrago gaude”. Elena Ortegaren egunerokoa erabat aldatu zen semea espetxean sartu zutenean. Baina ez zen Alfon Fernandezen auzia izan Ortegaren kontzientzia piztu zuena. Aurretik bat egin zuen Madrilgo bere auzoko Errepresioaren Aurkako Amak elkartearekin.

Gogoan du talde horretako kideak piztu zituen lehen auzia. “Faxista batek Carlos Palomino hil zuen, auzoko 16 urteko gazte bat. Auzi horren berri zabaltzeko egin genuen lan, gertatu zena ikusgarri bilakatzeko, biktima kriminalizatu nahi izan baitzuen sistemak”. Ez zuen lortu, ordea, eta Palominoren hiltzaileari 25 urteko espetxe zigorra jarri zioten.

Palominoren heriotzak jo zuen Ortega lehendabizi; semearen atxilotzeak gero. “Hain da gogorra halako egoera bat pairatzea… maite duzun hori albotik kentzen dizute, bidegabekeria baten erruz”, aitortu zuen Ortegak, Iruñean. Nabarmendu zuen, halere, esperientziarik txarrenak ere baduela alderdi onik. “Jaso dugun elkartasuna ikaragarria izan da; eta elkartasun horrek ematen digu aurrera egiteko indarra. Funtsezkoa da”.

Indar hori eman nahi izan dio Ortegak Bel Pozuetari; Altsasuko auziko guraso guztiei. “Altsasuko auziak izan behar du denon lehentasuna; beldurgarria da gertatzen ari dena, erabat maltzurra eta neurrigabea. Gelditu behar dugu, denon artean. Errepresioa ez da oraingo kontu, are gutxiago Euskal Herrian. Lanean jarraitu behar dugu”.

Eskertu zituen Pozuetak, larunbatean, Ortegaren hitzak. Eta hark errandakoa berretsi zuen, inolako zalantza izpirik gabe: “Epaiketa gertu dugu, eta denen babesa eta laguntza beharko dugu; karrikara atera behar dugu denok, eta Nafarroa piztu”. Pozuetak argi erran zuen “epaiketaren beldur” direla. “Beldurra” diotela Espainiako Auzitegi Nazionalean gertatzen ahal denari. “Hasieratik, Guardia Zibilaren kontakizuna nagusitu da. Ez dugu gurea mahai gainean jartzeko aukera izan. Gure froga gehienak atzera bota dituzte. Beldur handia dugu”.

Auziaren asmoak zeintzuk diren ere garbi du Pozuetak: “Batetik, herritarrak desmobilizatu nahi dituzte; ikus dezala jendeak, mugituz gero, zer gertatzen ahal zaien; bertzetik, mendekua nahi dute”.

Coviteren rola

Bel Pozuetak Covitek auzian bete duen rola nabarmendu zuen, mahai inguruan, bereziki. “Altsasuko liskarra gertatu eta gero, Covite izan zen han gertatu zena terrorismoa zela erran zuena”. Ramirez de Aldaren amak gogoratu zuen, 2016. urtetik, poliziak tartean izan dituzten 9.571 liskar izan direla, baina haietako kasu bakar batean egotzi diete terrorismoa parte hartzaileei: Altsasukoan, alegia.

“Hori izan da asmoa, hasieratik; eta gure herrian gertatu zenari terrorismoaren etiketa jartzeko nahiak ekarri gaitu egungo egoerara”. Pozuetaren semeari 50 urteko espetxe zigorra eskatzen diote. Larunbateko ekinaldian mahaian lagun izan zuen Alfredo Urkijoren alaba Ainara Urkijori, berriz, 12. Alfredo Urkijok Pozuetarekin bat egin zuen, eta herritarren babesa eskatu zuen datozen hilabeteetarako: “Manifestazioa eginen dugu apirilaren 14an. Garrantzitsua da denok bat egitea eta karrikara ateratzea”.

Mezu bera zabaldu nahi izan zuen Oihan Arnanzen aita Koldo Arnanzek ere, larunbatean. Entzule aritu zen ekinaldian, baina hitza hartu zuen semearen berri emateko. Adur Ramirez de Alda eta Jokin Unamuno bezala, espetxean da Arnanz, 2016ko azarotik. “Gorabeherak ditu, baina indartsu dago”, erran zuen haren aitak.

Semearen indarra nabarmendu nahi izan zuen Pozuetak ere. “Ikasten ari da, eta horrek on egin dio. Amorrua ere badu, noski”, azaldu zuen Altsasuko amak. Senideen eta lagunen babesa ere nabarmendu eta eskertu zuen, eta etxetik 400 kilometrora egon arren astebururo bisita dutela azaldu zuen. “Ikaragarria da jendearen erantzuna”.

Altsasun herriko zortzi gazteen aurkako auziak izan duen eragina jarri zuen Pozuetak mahai gainean, hain zuzen ere. “Gure seme-alaben auziaren aitzakiarekin herri osoa iraindu dute; herri osoari egin diote eraso, eta Altsasu indarkeriarekin lotu nahi izan dute, indarra erabiltzen duen herria dela nabarmendu. Baina ez da hori errealitatea. Altsasu inoiz baino batuago dagoen herria da gaur, ideologia ezberdinen gainetik, jasaten dugun bidegabekeriak batu gaituelako”.

Larunbatean, hain zuzen ere, Santa Ageda ospatu zuten altsasuarrek. Zortziko bat dantzatu zuten epaituko dituzten gazteen alde. “Gogorra da gainean dugun egoera, baina, gauza txar guztien gainetik, ezin izan digute ospatzeko gogoa kendu; ezin izan digute poztasuna kendu”, erran zuen, harro, Pozuetak.

Instrukzio fasean

Ortegak eta Pozuetak errandako guztia adi entzun zuten Jesus Garciak eta Elena Garciak. “Izugarri ikasi dugu; indarra eman digu esperientzia honek”, nabarmendu zuten, ekinaldia amaitu eta gero. Madrilgo bi gazteok zuzenean sufritu dute errepresioa: 2014. urteko otsailaren 14an atxilotu zituzten Alcala de Henares hiriko 13 Rosas zentro sozialean, eta agintearen aurkako atentatua, erresistentzia eta desobedientzia egotzi zieten. Prozesu judiziala instrukzioaren fasean dago, oraindik ere. “Espero dugu laster amaitzea, eta epaiketa aurten edo, beranduenez, hurrengo urtean egitea. Lau urte bitarteko espetxe zigorra eskatzen ahal digute”, azaldu zuen Jesus Garciak, Iruñean.

Atxilotu zituzten egunean, errepresioaren aurkako hitzaldia egin zuten 13 Rosas zentroan. Espazio hori, bertzeak bertze, Alcala de Henaresko Alderdi Komunistaren egoitza ere bada. “Gauez, lauzpabost pertsona baino ez ginen zentroan. Udaltzainak etorri ziren, zarata egiten ari ginela erratera. Berehala, Espainiako Polizia agertu zen, La Sexta telebista kateko Policías en acción saioko kamerekin. Erran genien agindurik gabe ezin zirela sartu, baina sartu ziren, modu txarrean. Ni atxilotu ninduten lehendabizi, eta gero, berriz, Elena”.

Hamabost egunean behin joan behar dute epaitegira sinatzera. Plataforma sortu dute hirian beren kontrako errepresioa salatzeko. Alcala de Henaresko testuingurua jarri dute mahai gainean auzipetuek, hiri horretan faxismoak “indar handia” duelako. “Poliziaren errepresioari egin behar diogu aurre, batetik; eta, bertzetik, faxisten errepresioari. Egia da faxistek zilegitasun gutxiago dutela, baina haiek, ordea, Poliziak gainditzen ez dituen mugak gainditzen ahal dituzte”.

Alfon Fernandezen auziak anitz eragin ziela onartu zuten 13 Rosas zentroko kideek, eta argi dutela Fernandezen edo haien kontrako auzien helburu nagusia izan zela orduko herri mugimenduaren goraldia zapuztea. “Isilik eta geldirik nahi gaituzte; errepresioari aurre egiteko modu bakarra, ordea, babes sare zabalak sortzea da. Errepresioa sufritzen duena ezin da bakarrik egon”.

Bakardade hori sentitu dute, ordea, Jesus Garciak eta Elena Garciak, mahai inguruan aitortu zutenez. Elena Garciak, gainera, generoaren ikuspuntutik egindako azterketa erantsi zion bere kontakizunari, eta bi kideen esperientzian egon den aldea nabarmendu zuen. “Denok hazi gaituzte sistema patriarkalaren barruan; lan egiten duzu ikasitako hori deseraikitzeko, baina, hainbat kontuk ihes egiten digute, oraindik ere”.

13 Rosas zentroko kasuan bi dira auzipetuak, baina Elena Garciak salatu zuen anitzetan “ikusezin” izan dela prozesuan. Beren auzia salatzeko sortutako plataforman, halaber, zaintzak “huts” egin duela erantsi zuen. “Neure burua zaindu behar izan dut, eta zaintza lanen ardura nire esku hartu. Jesusek kudeatu behar izan ez dituen egoera anitzi egin behar izan diet nik aurre, emakume izateagatik”. Zaintza lanaren ardura, gehienetan, emakumeen esku gelditzen dela erran zuen Elena Garciak. Horren adibide da Errepresioaren Aurkako Amak elkartea. Bel Pozuetak ere zaintzaren garrantzia aipatu zuen, baina nabarmendu nahi izan zuen, batez ere, prozesuan nola ahaldundu diren. Indarrez dira, aurrera jarraitzeko prest.