Iritzia: Tratu ankerrak

Lohizune Amatria

Ez dago torturaren argazkirik, ez dago torturaren aktarik, tortura, definizioz, denik eta jarduerarik gordeena baita. Gizarteak erabaki behar du torturatuari edo torturatzaileari sinesten ote dion”. Era labur eta zuzenean laburbildu du Giza Eskubideen Aldeko Argentinako Ligako idazkari nazional Jose Schulmanek Euskal Herriko gizartean bizi dugun egoera. Ikusezina den errealitateari hitzak eta irudia jartzea zaila bakarrik ez, askotan nekeza ere egiten delako hainbeste sufritu duenarentzat.

Berriz ere egunkarietako lehendabiziko lerroetaraino heldu da torturaren gaia, azken egunotan. Igor Portu eta Mattin Sarasolaren auzian Estrasburgoko auzitegiak ebatzitakoa albiste pozgarria izan da, inolako zalantzarik gabe. Historikotzat jo dute erabaki hori askok, eta justizia espero dezakegula esaten dute. Hala izango ote den ezjakina da, baina indarrak oraindik horretan ditugu tortura gertutik bizi izan dugunok.

Ukapena eta isiltasuna jaso dugu gehienetan erakundeetatik, eta azkenaldian ematen ari diren aurrerapausoek esperantza berpiztu dute nire inguruan. EHU Euskal Herriko Unibertsitateko Kriminologia Institutuko kideak Nafarroako tortura kasuak ikertzen hasi dira Nafarroan ere; eta joan den astean, esaterako, Nafarroako Parlamentuak egindako osoko bilkuran bozkatzeko mozioa aurkeztu zuten Geroa Baik, EH Bilduk, Ahal Dugu-k eta Ezkerrak. Alderdi horretatik, behintzat, torturatuari entzuten ari direla ematen du. Espainiak sistematikoki torturatu duela esaten dugunak gehiago gara orain.

Espainiak egin duena, egiten duena, aitor dezan, lehenik eta behin gizarteak berak sinetsi beharko du ezkutuan sufritu behar izan dutenen torturaren egia. Ez dago guztien argazkirik, baina ehunka pertsona torturatu dituzte Nafarroan.

Kolpatuak izan direnen eta izan ez direnen mina ulertu behar du herriak; jarraitzen ziotela sentitu duenaren beldurra bere egin behar du; edo hitz egin duenaren edota ahoa irekitzeko aukerarik izan ez duenaren mina egiazkotzat hartu behar du herriak. Torturatua herria bera izan delako. Herria torturatu dutelako.

Beste alde batetik, ordea, terminologian oinarrituta, ezetzean temati, tortura existitu ez dela entzuten jarraitu behar dugu. “Tratu ankerra” omen da Espainiako polizia indarrek egiten dutena, eta ez, ordea, tortura. Baina benetan ote du garrantzirik estatuaren indarkeria izendatzeko erabiltzen duten kontzeptuak? Aldatzen ote ditu horrek emandako kolpeak, eta egindako mehatxuak, bortxaketak edo irainak?

Egoera horren aurrean Espainiak beste behin erakutsi duen jarrerak agerian utzi du estatuaren eta Euskal Herria zigortzeko sortutako sistemaren zigorgabetasuna, berriz ere. Egindako guztia ongi gordetzea besterik ez dute helburu; hori nahi dute, beste edozein gauzaren gainetik. Argazkirik ez dugu izango, baina oroimendun herria gara gu; memoria badugu; eta horrek azaleratuko du, azkenean, gure historiaren egia.