“Nahitaez daude lotuta ekologismoa eta feminismoa”

“Nahitaez daude lotuta ekologismoa eta feminismoa”

Kattalin Barber

Betaurreko moreak ez ezik, berdeak ere jantzi ditu Ana Maria Dominguezek (Plasencia, Espainia, 1981). Iruñeko Udaleko ingurumen heziketako teknikaria da, esperientzia handikoa kolektibo ekologista eta feministetan. Asteazkenean hitzaldia eskainiko du, CGTk antolatuta, Iruñean.

Zein da ekologismoaren eta feminismoaren arteko lotura?

Nahitaezko lotura da ekologismoaren eta feminismoaren artekoa. Ekologismoak ingurumenaren babesa du oinarri, baina ingurumena zentzu zabalean ulertuta, eta faktore sozialak kontuan hartuta. Horrela ulertzen dut nik, behintzat. Ekologismoan betaurreko berdeak jantzi nituen, eta feminismoan, berriz, betaurreko moreak. Orain, bi koloredun betaurrekoekin ikusten dut mundua. Ingurumen arazoez jabetzeaz gain, lurra interes ekonomikoen, politikoen eta pribilegiatutako klaseen mesedetan dagoela konturatu nintzen. Hau da, kapitalismoaren mesedetan. Eta feminismoak emakumeen mendekotasuna erakusten du sistema patriarkal batean. Orduan konturatu nintzen lotura handia dutela, bi menpekotasun mota direla. Gainera, ezinezkoa da sistema kapitalista bat existitzea sistema patriarkalik gabe.

Hortaz, nola definituko zenuke ekofeminismoa?

Bizitzaren iraunkortasunerako a priori desberdinak diruditen bi korronteen arteko nahitaezko elkarrizketa gisa ulertzen dut ekofeminismoa. Ekologismoa eta feminismoa ez dira hain desberdinak, badituzte ezaugarri komun asko. Borroka feminista eta ekologisten arteko elkarrizketak kontuan hartuz, modu osatuago batean ikus dezakegu nola joan gaitezkeen beste eredu desberdin baterantz. Ekologismoak ingurumenari eta bizitzari eutsi nahi dio, baina, ez badu begirada feminista txertatzen, asko utziko du kanpoan. Horregatik diot ekofeminismoaren begirada osatuagoa dela. Ekologismoak eta feminismoak bat egiten dute ekoizpenari egindako kritikan, hazkunde ekonomikoari egindakoan eta garapenari egindakoan, eta bat egiten dute eguneroko bizitza erdigunean jarriko duen gizarte eta ekonomiaren aldeko apustuan. Azken finean, feminismoa eta ekologia lotzea da ekofeminismoa. Hau da, mundua aldatzeko bi teoria eta praktika horiek elkarrengana gerturatzea.

Ekologismoak elikatzen du feminismoa eta alderantziz?

Bai, ekofeminismoak bietatik edaten du, bi menpeko harremanetatik. Kezka asko berdinak dira, eta jatorriak ere bai, hortaz. Egia esan, gero eta aurrerapauso gehiago ematen ari dira, askotan ekofeminismo hitza agertu gabe. Adibidez, orain dela gutxi irakurri nuen Klima Aldaketaren Bide Orria dela-eta emakume talde bat kexu agertu zela, genero ikuspegia falta zitzaiolako. Izan ere, pobrezia energetikoa handiagoa da emakumeen artean. Begirada hori kontuan hartzen ez badugu, ez dugu begirada osoa izanen, ez ditugu osagai guztiak izanen zapalketa ulertzeko.

Feminismoan ere kontuan hartzen da begirada ekologista?

Feminismoan ez da zertan egon begirada ekologista bat. Era berean, ekologismoa ez da zertan feminista izan. Bat egin dezaketen bi kontzientzia mota dira. Hala ere, feminismoan sakontzen badugu, eta, adibidez, heldu den asteko greba kontuan hartzen badugu, konturatuko gara diskurtso hau gero eta gehiago hartzen dela kontuan. Lan greba, zaintza greba eta kontsumo greba izanen da. Greba honetan badago begirada hori, eta azken bi urtetik hona hasi naiz horrelako begirada ikusten feminismoan. Aurreko urteko Martxoaren 8ko manifestazioaren bukaeran irakurri zena oso ekofeminista izan zen. Gero eta gehiagok hartzen dute bere gain diskurtso antikapitalista eta antikontsumista.

Nola eraman daiteke praktikara ekofeminismoa?

Hain zuzen ere, nik uste dut ekofeminismoaren erronka handienetarikoa dela praktikara eramatea. Oso teorikoa da, eta saiatu behar dugu praktikara eramaten, baina diskurtsoa ekintzetara eramatea zaila da, eta esfortzu handia egin behar dugu. Adibidez, jabetzea emaitza ez dela prozesua baino garrantzitsuagoa. Nire lanean, asteleheneroko bileran “zer moduz?”batekin hasten gara beti. Bakoitzak bere bizitza du, baina guztia kontuan hartzen saiatzen gara. Kostatu zaigu giro hau eraikitzea gure artean, baina lortu dugu. Ez gara makinak, eta bakoitzari gertatzen zaionak inporta du.

Nolakoa da ekofeminismoaren mugimendua Euskal Herrian?

Mugimendu handia dago, kontua da askok ez dutela euren burua ekofeministatzat jotzen. Hala ere, haien ekintzen bidez har ditzakegu borroka horiek ekofeministatzat. Adibidez, niri iruditzen zait Bilgune Feministak dituen lan ildo askok ekofeminismoaren begirada dutela. Ekofeminismoaren etiketa jarria ez duten arren, pentsamenduarekin bat egiten dute. Horrez gain, gero eta topaketa eta jardunaldi gehiago daude ekofeminismoaren inguruan, bizitzaren jasangarritasunarekin lotuta.

Zer-nolako erronkak ditu mugimenduak?

Diskurtsoa praktikara eramatea izanen litzateke erronka handi bat. Ongi legoke, halaber, talde batek teoriatik praktikarako bidea hartzea eta modu horretan gure egunerokotasunera, gure kolektiboetara eramatea mugimendua. Transgenero begirada ere behar du ekofeminismoak. Lan egin behar dugu, gizonen eta emakumeen arteko dikotomia gainditzeko.