Zientziaren sokarekin lotuta

Zientziaren sokarekin lotuta

Edurne Elizondo

Hipatia Alexandriakoa, Maria Sibylla Merian, Sofia Kovalevskaia, Ada Byron, Marie Sklodowska-Curie, Emmy Noether, Edith Clarke, Klara Von Neumann, eta Hedy Lammar. Bederatzi emakume, bederatzi zientzialari. Astronomiaren, matematikaren, informatikaren, ingeniaritzaren, kimikaren, fisikaren edota entomologiaren arloan ekarpen garrantzitsuak egin dituzten emakume zientzialariak. Eta, halere, ezezagunak gehienak; ezezagunak gehienentzat.

Orain arte. Egoera hori aldatu nahi baitute NUP Nafarroako Unibertsitate Publikoko bederatzi irakaslek. Belaunaldi ezberdinetako emakumeak dira, bai eta zientzialariak ere, eta antzezlan bat prestatzen ari dira zientziaren historiak emandako izen horiek etorkizunarekin lotzeko. “Emakume gazteak erakarri nahi ditugu zientziara, emakume zientzialarion lanaz, bai eta guk egiten dugunaz hitz eginez ere”, laburbildu du Gurutze Perez industria ingeniariak Zientzialaria naiz lanaren asmo nagusia.

Sevillako Unibertsitateko bost irakaslek prestatutako eta NUPen aurkeztutako lana ikusi eta gero hasi zen Gurutze Perez antzeko proiektu bat martxan jartzeko ideia lantzen. Leire Catalanekin batera ikusi zuen Perezek espainiarren antzezlana, eta berehala jaso zuen haren babesa, bai eta bertze irakasle anitzena ere. Kezka nagusi bera dute denek: NUPeko ikasgeletan haiek ikasle izan zirenean baino emakume gutxiago dagoela orain zientzia ikasketetan. “Informatika ingeniaria naiz; ikasketak egin nituenean, ia erdiak emakumeak ginen. Orain, eskolak ematera joaten naizenean, lauzpabost emakume baino ez ditut gelan. Emakumeak Medikuntzako ikasketetan daude, zaintzen esparruan. Baina ez daude ingeniaritzetan. Zerbait egin dugu gaizki atzera egin izateko”, nabarmendu du Edurne Barrenetxea irakasleak.

Perez, Catalan eta Barrenetxearekin batera, Idoia San Martinek, Aranzazu Juriok, Silvia Diazek, Patricia Arangurenek, Marisol Gomezek eta Alicia Martinezek osatzen dute Zientzialaria naiz obra prestatzen ari den taldea. Ekainean estreinatu nahi dute NUPen, eta herrialdeko ikastetxeetan eskaini gero. “8-12 urte bitarteko haurren aurrean aurkeztu nahi dugu, adin horretan hasten direlako emakumeak zientzien esparrua baztertzen”, azaldu du Perezek.

Erreferenterik ezak eta zientziaren esparruan aritu diren eta ari diren emakumeen ikusgarritasunik ezak ez du laguntzen emakumeak zientziara lotzen. Unibertsitatearen esparruan ere, NUP sortu zenetik urratsak egin direla onartu duten arren, zer hobetu badela argi dute antzezlana prestatzen ari diren irakasleek. Batetik, zientzietako ikasleen artean bezala, irakasleen artean ere gutxiengoa direla azaldu dute. “Hainbat emakume badira orain errektoreorde lana egiten, baina ikerketa taldeetako zuzendari gisa, adibidez, emakume bakarra dago”, zehaztu du Silvia Diaz telekomunikazio ingeniariak.

Bertzetik, ikerketa lana egiterakoan zeregin hori amatasunarekin uztartzeko dituzten zailtasunak utzi dituzte irakasleek agerian, bertzeak bertze. “Gizonek osatutako ikerketa talde batean ari zarenean eta nagusiari erraten diozunean haurdun zaudela eta amatasun baimena hartuko duzula, gertatzen ahal da gizon horiek zure erabakia gaizki hartzea edo ez ulertzea”, erran du Diazek.

Bere esperientziaren berri eman du Marisol Gomez matematikariak. “Kontua da amatasun baimena hartzen duzunean lana bazter uzten duzula, baina, itzultzen zarenean, ez zara puntu berera itzultzen. Urtebete egon bazara unibertsitatetik at, benetan urtebete baino gehiago galdu duzu, denbora behar duzulako zure lana eguneratzeko. Behin azalpenak eskatu zizkidaten ohartu zirelako nire ibilbidean halako hutsune bat zegoela. Kontua zen ama izan nintzela denbora horretan. Okerrena da zigortzen zaituztela”.

Bakarrizketak

“Ez gara inoiz agertoki batera igo!”, erran du Leire Catalan industria ingeniariak. Iaz amaitu zituen ikasketak, eta tesia prestatzen ari da orain. Ezagutzen ez duten esparru batean sartu direla argi du, baina “gogoz” direla nabarmendu du. NUPeko antzerki taldeko zuzendari Iñaki Orzaizen laguntza ere badute. Jantziak, berriz, Creanavarra diseinu eskolako ikasleek eginen dizkiete.

Aukeratu dituzten zientzialarien lanaren berri emateko, hainbat minutuko bakarrizketak prestatu dituzte irakasleek. Catalanek beteko du Alexandriako Hipatiaren rola. “Historiako lehendabiziko emakume zientzialaria da. Mundu osoko ikasleak hartzen zituen. Ez zen ohikoa, baina aita liburutegiko zuzendaria zuen, eta horrek eman zion aukera zientzian aritzeko”. Matematikaria, astronomoa eta filosofoa ere izan zen Hipatia.

Perezek Maria Sibylla Merian hautatu du, 1647an Alemanian jaiotako entomologoa. “Pinpilinpauxak ikertu zituen, bertzeak bertze. Liburuak argitaratu zituen, eta berak egindako ilustrazioekin osatu zituen. Orduko zientzia gizonek, ordea, ez zioten zuen balioa aitortu hark egindako lanari”.

Barrenetxeak Ada Byronen lana ekarriko du gogora Zientzialaria naiz obran. 1815. urtean sortu zen. “Ordenagailurik ez zegoen garai hartan, Ada Byron izan zen lehendabiziko emakume informatikaria. Bikaina zen. Bertze emakume anitzek izan ez zituzten aukerak izan zituen, gainera”, azaldu du. Argi utzi nahi izan du, halere, zientzia ez dela bakarrik “buru apartak” dituztenentzako toki. “Lana eta irmotasuna dira gako nagusiak”.

Buru bikaineko zientzialaria izan zen, halaber, Emmy Noe-ther, Gomezek hautatutako zientzialaria. “Nire esparrua aljebra abstraktuarena da, eta Noether da arlo horretan zientzialaririk garrantzitsuena”. Patricia Arangurenek, berriz, guztien artean akaso ezagunena hautatu du: Marie Sklodowska-Curie kimikari eta fisikaria, bai eta bi Nobel sariren irabazlea ere. Gogor egin behar izan zuen lan Parisen ikasi ahal izateko. “Irabazi zuen diru guztia erabili zuen ikertzen jarraitu ahal izateko”.

Idoia San Martin industria ingeniariak 2014an amaitu zuen tesia, eta iaztik ari da irakasle lanetan NUPen. Energia berriztagarriena da haren esparrua. Hasieratik bat egin du antzezlanaren proiektuarekin, eta Edith Clarke hautatu du obrarako. “1883an jaio zen, AEBetan, eta erreferente bat da ingeniaritza elektrikoaren esparruan”.

Bitxiagoa izan zen Hedy Lamarren ibilbidea —Austrian jaio zen, 1914an—, telekomunikazio ingeniaritzaren esparruan lan egiteaz gain aktore ere izan baitzen Hollywooden. Silvia Diazek hautatu du Lamarr antzezlanerako. “Komunikazio sistema sekretu bat asmatu zuen, nazien aurka erabiltzeko, baina, aktorea ere bazenez, eta emakume, ez zuten serio hartu”. Zientzialaria izan zela gogoratuko dute NUPeko irakasleek. Haiek ere badirela. Emakumeek badutela tokia zientzian.

Irudia: Iñigo Uriz / Argazki Press