“Iazko suteak klima berri baten esparruan gertatu ziren”

“Iazko suteak klima berri baten esparruan gertatu ziren”

Edurne Elizondo

Jose Manuel Morenok (Espinoso del Rey, Toledo, Espainia, 1952) ontzat jo du Nafarroako Gobernuak klimaren aldaketara egokitzeko proiektua martxan jarri izana. Ekologian katedraduna da Moreno Gaztela-Mantxako Unibertsitatean, eta baita IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernuen Arteko Taldeko kide ere.

Baikor izateko tarterik ba al dago klimaren aldaketari buruz?

Parisko akordioa garatzeko aukerari eutsi behar diogu. Asmo handikoa da, baina behar du herriek baliabide gehiago jar ditzatela mahai gainean, konpromiso handiagoa har dezatela. Helburua da planetaren tenperaturak ez gora egitea bi gradu baino gehiago, baina, herriek hartutako konpromisoei so egiten badiegu, hiru gradutik gertu izanen gara. Beraz, konpromiso handiagoak behar ditugu, klimaren aldaketak ekar ditzakeen ondoriorik larrienei aurre egin ahal izateko.

Datuak kezkagarriak dira?

2017. urtea bigarrena izan da urterik beroenen zerrendan, datuak jasotzen direnetik. Beroena izan da, kontuan hartzen badugu 2016an El Niño-ren fenomenoaren eragina izan genuela, eta 2017an ez. 2017an etengabekoak izan dira berri txarrak: lehorteak, tenperatura inoiz baino altuagoa… Ezohikoz betetako urtea izan da, baina ezohiko gertaera horiek ari dira datorkigun bidea zehazten. 2017an gertatu denak erraten digu, funtsean, ez dugula klimaren aldaketaren zain egon beharrik, hemen dugulako jada.

Urrian Portugalen eta Galizian gertatu ziren suteak klimaren aldaketaren ondorio izan dira?

Sekula izan gabeko tenperatura esparru batean gertatu ziren iazko sute horiek; hau da, klima berri baten esparruan gertatu ziren. Klimaren aldaketa hemen dugu, zalantzarik gabe. Zientzialariak aspaldi hasi ziren gertatzen ahal zenaren berri ematen: 2001. urtean, IPCC Klima Aldaketari Buruzko Gobernu Arteko Taldeak hirugarren txostena onartu zuen, eta agiri hartan ohartarazi zuen gertatzen ahal ziren beroaldiez. 2003an sekulako beroaldia gertatu zen Europan, eta 70.000 pertsona hil zituen. 70.000. Inor ez zen oroitu bi urte lehenago zientzialariek errandakoarekin.

Agintariei ere kosta egin zaie zientzialariek errateko zutena entzutea?

Gertatzen dena da agintariek, herrietako gobernuek, datu zehatzak nahi izaten dituztela. Jakin nahi dute zer gertatuko den, non eta noiz. Baina zientzialariontzat zaila da hain zehatzak izatea klimaren aldaketari buruzko kontuetan. alerta piztu dugu, eta ordua da erabakiak hartzeko, gertatzen ahal denari aurre egiteko prest ote gauden jakiteko.

Klimaren aldaketara egokitzea da orain kontua?

Bai. Prest egon behar dugu gertatzen ahal denari aurre egiteko. Eta hobe dugu egoerarik txarrenari aurre egiteko prestatzen hasten bagara.

Garaiz gara klimaren aldaketaren ondoriorik larrienak hutsean uzteko?

Munduko gobernu guztiek erabakiko balute bihar isurketa bakar bat ere gehiago ez egitea, klimak aldatzen jarraituko luke; izan ere, atmosferan berotegi efektua eragiten duten gas kopuru nahikoa isuri dugu jada, aldaketak denbora batez aurrera egin dezan. Noski, lortuko genuke ondoriorik larrienak hutsean uztea. Baina orain egoera arriskutsu batean gaude; berdin jarraituz gero, baliteke tenperaturak hiru gradu egitea gora mende amaierarako. Hori anitz da. Sekulakoa da. Eta horrek erran nahi du aldaketa nahiko handi bat gertatuko dela ezinbestean. Tenperatura bi gradutik gora ez igotzeko, 2050erako isurketek %50-%70 egin beharko lukete behera. Parisko akordioan jasotakoa da, ordea, isurketen gorakada pixka bat apaltzea. Datu hori nahikoa da, nire ustez, jendea arazoaren dimentsioaz eta dagoen urgentziaz jabetzeko.

Ameriketako Estatu Batuak Parisko akordiotik at gelditu izanak are larriago bilakatzen du egoera?

Gehien kutsatzen dutenetako bat da, eta, aldi berean, klima aldaketaren aurkako borroka oztopatzen du. Horrek anitz zailtzen du mundu osoko politikak garatzea hain boteretsua den herri baten kontra. Uste dut garrantzitsuena hango herritarren erantzuna izanen dela, bai eta estatuek beren kabuz hartzen ahal dituzten erabakiak ere. Adibidez, Kalifornian kezka handia dute auziarekin, eta konpromisoa hartu dute Parisko akordioaren helburuekin bat egiteko.

Nafarroak ere Life proiektu bat aurkeztu du, klimaren aldaketara egokitzeko. Arazoak planeta osoari eragiten diola kontuan hartuta, eraginkorrak dira tokian tokiko martxan jarritako gisako neurriak?

Klimaren ikuspuntutik ez da garrantzitsua nork uzten dion kutsatzeari; atmosferarentzat, isurtzen ez dugun karbono gramoa da onena. Argi dago auziak mundu osoari eragiten diola, eta mundu osoak egin behar diola aurre. Baina edozein txokotan egiten denak laguntzen digu urratsak egiten. Klimaren aldaketa jada gertatu dela kontuan hartuta, garrantzitsua da egokitzen hastea, eta esparru horretan ari da Nafarroako Gobernua. Inportantea da jakitea zeri aurre egiteko gai garen une honetan.

Datuek diote energiaren jatorria fosila dela oraindik ere. Energia berriztagarriak benetako alternatiba al dira gaur egun?

Energia berriztagarri horietako hainbat garatzen joan dira, eta lehiakorrak dira: haize errotena, adibidez. Uste dut bidea hori dela, energia berriztagarrien alde apustu egiten jarraitu behar dugula, ezinbestean. Oztopoak jarri izan zaizkie, baina ezin dugu hori egiten segitu.

Espainiako Gobernuak eguzki energiaren auzian hartutako erabakiez ari zara? Zaila da politikariek entzutea zientzialariek errateko dutena?

Era askotako interesak daude tartean. Kontua da herritarrek dutela, azkenean, nork agintzen duen erabakitzeko ahalmena. Bertzelako ardurarik ere badute herritarrek, noski. Etxean ere gauza anitz egin ditzakegu.

Hainbat herritan, halere, gehiago sumatuko dituzte klimaren aldaketaren ondorioak, ezta?

Bai. Gutxien garatutako herriak dira zaurgarrienak klimaren aldaketaren aurka. Ez dute baliabiderik ondorioei aurre egiteko. Horrek erakusten du mundua ez dela bidezkoa. Egoera dramatikoak gertatzen ahal dira. Pentsa laboreak ekoizten dituen herri nagusietako batek prezioak igotzen dituela, klimarekin lotutako gertaera batengatik. Horrek ekartzen ahal du herririk pobreenetan labore horiek ezin erostea. Urrutiko gertaera batek ere eragiten ahal digu. Ez da bidezkoa.