Iritzia: Karpanta doktorea M-8an

Tania Arriaga Azkarate

Lana besterik ez dudala egiten iruditzen zait; halere, sakeletan inoiz baino diru gutxiago dut. Lana besterik ez dut egiten, baina esanen nuke ikasleek ez dutela sentitzen irakasleon esfortzua. Lana besterik ez dut egiten, baina lankideak, lankide baino, lantokikideak zaizkit. Nirvana talde grunge zaharrunoaren eta medikatuaren kanta bat izan zitekeen, baina egoera hau pertzepzio pertsonaletik harago doa. Gaurko zutabean, auto-laguntza marxistari ekinen diot, konstelazio Molotov-ari, klase mind-fullnessari.

Euskal Herriko Unibertsitatearekin sei orduko kontratua (hilabeteko 24 ordu) sinatu dudan arren, 40 lanordu baino gehiago ematen ditut klaseak prestatzen, irakasten, tutoretza orduak atenditzen, 160 ikasleen lanak zuzentzen eta, gauari lapurtutako tartetan, ikerketatxoren bat burutzen, noizbait zortzi orduko kontratu finkoa izateko esperantzarekin. Horregatik guztiagatik, EHUk 771 euro ordaintzen dizkit. Lagunek “pozik egon behar duzu” esaten didate, estatuko gainerako unibertsitate publikoetan, NUPen barne, gu baino okerrago daudelako.

Ez dut hemen nire curriculumaren ingurukoak plazaratzeko asmorik, baina lortutakoarekin aski harro nagoela esan dezaket; besteak beste, lanari, jakin-minari, ausardiari eta nire ingurukoen laguntzari esker eraikia izan delako. Hortaz, pentsatzekoa da, orain arte bildutako prestakuntza eta esperientzia transmititzeko gai izan beharko nukeela, 771 euro miserableengatik bada ere. Susmoa dut, tamalez, informazio hori guztia airean gelditzen dela. Gazteei XX. mendeko irakaspenak ez zaizkie interesatzen, edo akaso gu gara, botoxik gabeko sasi-pertsonak, interesgarriak ez garenok. Esanen nuke ikasle asko klasera etortzen direla bizitzaren inguruan hitz egiten duen youtuber gazte, arin eta dinamiko, oso dinamikoen bila. Unibertsitatean, aldiz, 80 lagunen klaseak, testuak, esaldi luzeak eta irakasle grisak topatzen dituzte, (“putas viejas” eta “putos cerdos”, autobusean entzundakoa). Azken buruan, ekintzaile arrakastatsuen unibertsoan, eskola-emaileok aspergarriak, motelak eta batere glamour-ik gabeko galtzaile porrokatuak gara. Eta arrazoia dute, besteak beste sistema akademikoak irakaskuntzari oso balio txikia ematen baitio.

Egoera ezegonkor, behin-behineko, larri eta eskas honetan, unibertsitateko irakasleon arteko elkartasunak inoiz baino indartsuagoa izan beharko luke. Nik ez dut horrelakorik ikusi; irakasle berrien arteko lehia itogarria da. Marka pertsonalak solidaritatea zapaltzen du, eta katedra/kontratu-grinak ahizpatasuna. Seniorrek tristuraz eta harriduraz ikusten gaituzte, eta sindikatuak… atx sindikatuak… behin-behinekotasunari barkatzen dizkiete zorrak, guc, gure çordune barkhatcen dioztegun beçala.

Ezagutzaren Ekonomiak (esamoldea trufatzeko aukeratu dut), prekaritate ekonomikoa globalizatzeaz gain, denbora lapurtu digu eta, deskuidatzen bagara, gelditzen zaigun duintasun gramoa laster sudurretik sartuko du; hipotekei buruzko bideo dinamikoa oso dinamikoa igotzen duen bitartean. Errealitate distopiko hau olio orban baten gisa zabaltzen ari zaigu. Horregatik, 2018ko martxoaren 8a egun handia izan da Karpanta doktorearentzat. Feminismoaren eskutik, XXI. mendeko “lurrean kondenatu garen langile tristeok” bildu eta troll-ei aurre egin diegulako. Zapalkuntza berriek neurriko erantzuna jaso dute: mundu osokoa, anitza, askatzailea, eskuzabala!

Martxoaren 8a XXI. mendeko Maiatzaren Lehena izan da.