Salaketa saritua

Salaketa saritua

Edurne Elizondo

Saria jaso du bere lanak; eta saria jaso du lan horien bidez egin nahi duen salaketak ere. Horixe nabarmendu du Tras Los Muros ekintzaile antiespezistak, Picture of The Year International nazioarteko sari ospetsua irabazi eta gero. 2014. urtean sinatu zuen Tras Los Murosek bertze animalien zapalkuntza eta erabilera agerian uzten zuen bere lehendabiziko argazki erreportajea: Iruñeko sanferminetan egin zuen. Orain, lau urte joan eta gero, Hiltegi izenburuko irudi sortaren bidez jaso du kazetaritza grafikoaren arloko sari garrantzitsuenetako bat. “Lana saritu dute, bai eta lan horrek egin nahi duen salaketa ere”, berretsi du argazki kazetariak.

Animalien askapenaren aldeko ekintzailea da Tras Los Muros proiektua mamitu duen pertsona. Iruñeko sanferminetan ez ezik, Euskal Herriko bertze hamaika txokotan ere atera du kamera, bertze animalien zapalkuntza eta erabilera salatzeko. Picture Of The Year International sariak nabarmendu duen irudi sorta, berriz, Mexikon egin du Tras Los Murosek. Saritutako argazkiekin batera, Hiltegi izenburuko dokumentala ere osatu du ekintzaileak, bai eta hiltegien inguruko ikerketa lan zabala ere. 50 hiltegi ingurutan sartu da.

Hiltegietan egindako ikerketa horrek, hain zuzen ere, munduko edozein txokotan gertatzen den errealitate bat islatzen duela erran du, argi eta garbi, Tras Los Murosek: “Hainbat kontu zehatz bazter utzita, ikerketak erakusten du edozein hiltegitan gertatzen dena. Animaliak hiltzen dituzte espazio horietan. Denok dakigu hori, baina gizarte gisa ez dugu egin, oraindik ere, horri buruzko gogoeta sakon bat”.

Gogoeta hori abiatzea da Tras Los Murosek egindako argazkien helburua, hain zuzen ere: “Heriotzaren fabrikak dira hiltegiak, eta fabrika horietan sartzeko atea ireki nahi dut, irudien bidez. Heriotzaren fabrika horiek zilegizko espaziotzat hartu ditugu, bai eta beharrezkotzat ere”, erantsi du.

Berri gutxi, tarte txikia

Duela lau urte martxan jarri zenetik, behin baino gehiagotan erran du Tras Los Murosek kazetariek egin beharreko lana egiten dutela bera bezalako ekintzaileek; oro har, bertze animaliek sufritzen duten zapalkuntzak tokirik ez duela hedabideetan. Horregatik, hiltegien egunerokoa islatzen duen argazki sorta saritu izana “pizgarritzat” hartu du. “Etsigarria da, anitzetan, bertze animalien zapalkuntza hedabideetara ailegatzeko zenbat lan behar den konturatzea; ederki dakite esparru horretan lanean ari diren erakundeek”.

Oraindik ere hedabideetara bertze animalien zapalkuntzari buruz ailegatzen diren berriak “gutxi” direla eta eskaintzen zaien tartea “txikia” dela erran du Tras Los Murosek. Onartu du, halere, azken lau urteotan berak egin duen lanak izan duela oihartzuna, bertzeak bertze, sare sozialetan, eta jende anitzek jo duela beregana ahalegina eskertzeko. “Sortu den eztabaida eta bertze animaliengan dagoen kezka, halere, ahalegin kolektibo baten emaitza da, argi eta garbi. Kezka hori, gainera, gero eta handiagoa da. Ezin dugu ahaztu milaka pertsona aritu direla eta ari direla, hamarkadaz hamarkada, animalien askapenaren alde lanean”, nabarmendu nahi izan du.

Euskal Herrian ere, sortzen ari dira bertze animalien erabilera salatzeko taldeak. Nafarroan, bertzeak bertze, LiberAbere ari da. Tras Los Murosek, halaber, Donostiako Askekintza taldeko kideekin lan egin du, zenbaitetan. Talde horrek Gurean izenburuko dokumentala aurkeztuko du datorren astean, Euskal Herriko bestetan gertatzen den animalien zapalkuntza eta erabilera agerian uzteko; Iruñeko sanferminetan gertatzen dena ere bai. Dokumentalarekin batera, Tras Los Murosek egindako argazki sorta zabaldu du taldeak.

Lanean jarraituko du ekintzaileak. Kide batek animatu zuen Picture of The Year sarira aurkezten. Sariaren bultzada jaso du orain. Lanean, salatzen segitzeko.

Irudiak: Tras Los Muros