Heriotzako orduan ere bada zer erabaki

Heriotzako orduan ere bada zer erabaki

Edurne Elizondo

Etxean. Herritar gehienek hor hil nahi dute. Errealitatea, ordea, bertzelakoa da, datuek erakusten dutenez: erdiek baino gehiagok ospitalean ematen dute azken hatsa. Datu horien atzean dauden egoerak aztertu nahi ditu Nafarroako Gobernuak: nafarrak nola hiltzen diren jakin nahi du. Datuak eta informazioa jasotzeko, hain zuzen, Heriotza Duinaren Behatokia jarri du martxan Osasun Departamentuak.

2011. urtekoa da Nafarroako osasunaren arloko eskubide eta betebeharren legea, eta hiltzeko prozesuan pertsonaren duintasunaren berme eta eskubideak zehazten ditu. Lege horrek eskaintzen dituen aukerekin lotu du behatokia Duintasunez Hiltzeko Eskubidea taldeak. “Formazioa eta informazioa behar dugu, eta behatokia tresna baliagarria izanen da horretarako”, erran du elkarteko kide Camino Oslek.

Medikuak, erizainak eta osasunaren arloko gainerako profesionalak trebatzea eta gaixoei heriotzako orduan har ditzaketen erabakien inguruko informazioa ematea “ezinbertzekotzat” jo du Oslek, heriotza duinaren aldeko bidean aurrera egiteko. Nafarroako 2011ko legearekin batera, Espainiako Osasunaren Lege Orokorra eta gaixoen autonomiari eta eskubide eta betebeharrei buruzkoa daude herritarren esku. Araudi horiek tratamendu bati uko egiteko eskubidea ematen diote gaixoari, bertzeak bertze.

“Hil behar badugu, hil gaitezen ongi”, erran du Oslek. Hau da, sufrimendurik gabe. “Horixe da helburu nagusietako bat. Horretarako, funtsezkoa da gaixoak bere eskubideen berri izatea, eta funtsezkoa da, halaber, osasun sistemak zaintza aringarri on bat eskaintzea”, nabarmendu du Oslek. Babes sare baten beharra agerian utzi du, halaber. “Etxean hil nahi dugu gehienok, baina, hori lortzeko, inportantea da ondoan babes sare bat izatea, eta gaixo guztiek ez dute”.

Herritarren nahiak zeintzuk diren eta administrazioak nahi horiei zein neurritan erantzuten dien jakin nahi du gobernuak behatokiaren bidez. “Teknologiak eskaintzen dizkigun aukerak baliatu behar ditugu lehentasun gisa hartzeko sufrimendua bazter uztea; osasunaren arloko esku hartzeak gaixoaren askatasuna eta autonomia errespetatu behar ditu”, erran du Osasun Departamentuko zuzendari nagusi Luis Gabilondok.

Batzorde teknikoa

Informazioa jasotzeko, inkestak eginen dizkie Heriotza Duinaren Behatokiak gaixoei, zaintzaileei eta profesionalei. Webgune bat jarriko du martxan, gainera, proposamenak jasotzeko, eta ikerketak eginen ditu, zer hobetu identifikatu ahal izateko.

Behatokiak batzorde tekniko baten laguntza izanen duela nabarmendu du gobernuak, bertzalde. Batzorde horretan izanen dira Nafarroako osasun guneetako batzorde etikoetako ordezkariak, esku hartze sozialaren esparruko batzorde etikoetakoak, bai eta Duintasunez Hiltzeko Eskubidea taldeko ordezkari bat ere.

Behatokian egoteko aukera hori eskertu du Oslek, hain zuzen ere. Duintasunez Hiltzeko Eskubidea taldeko kidearen hitzetan, garrantzitsuena izanen da heriotzaren inguruko prozesuei buruzko gogoeta bultzatzea. “Behatokiak jasoko dituen datuei esker, benetako heriotza duinaren aldeko politikak gehiago zehaztu ahal izanen ditugu. Non eta nola eragin jakinen dugu datuei esker”.

Bizi testamentuaren garrantzia nabarmendu nahi izan du Oslek, halaber. 2003tik dute nafarrek bizi testamentuan nola hil nahi duten zehazteko aukera. Egun, osasun etxeetan egin daiteke tramitea. “Anitz erraztu da prozesua, eta horrek ekarri du kopuruak gora egitea”, erran du Oslek. 2016an ia 4.000 herritarrek bazuten bizi testamentua egina; egun, 6.000 baino gehiago dira.

Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuak bertze hainbat datu jarri ditu mahai gainean: 2016an, 5.727 pertsona zendu ziren herrialdean. Heriotzako orduan, 84,5 urtekoa da emakumeen batez bertzeko adina; 78,3koa, berriz, gizonena. 2016an zendu ziren herritarren %51 ospitaleetan hil ziren. %55koa izan zen kopurua gizonen artean, eta %46koa, berriz, emakumeen artean. Herritar gehienek azaldu zuten etxean hiltzeko nahia, baina gutxik bete ahal izan zuten: %28k gizonen artean, eta %32k emakumeen artean.

Trebatutako profesionalak, zaintza aringarria eta babes sarea. Elementu horiek nabarmendu ditu Oslek heriotza duin bat lortzeko. Auziaren inguruko gogoetaren beharra nabarmendu du, eta argi du behatokia tresna ona izanen dela hori lortzeko.