Iritzia: Euskarafobia

Jon Barberena

Mingarria zait gurasoengandik jaso nuen hizkuntzaren kontra nola solastatzen diren aditzea. Maitemindu berrien gisa, hasi dira alderdi politikoen arteko txolinkeriak nabarmentzen gurean. Hasmentan altxapeka eta agerian dagoeneko, gero eta hurbilago dauden hauteskundeetarat eskutik hartuta joan daitezen. Horren adibide, PSNko Maria Txibitek berriki emandako gosari informatibo batean errandakoa. UPNren argudio berberak erabili zituen alderdiaren oinarri “sozialista” defendatzeko. To! Gosarirat gonbidatua zen Javier Esparzari keinu ttipi bat egin eta euskal abertzaletasunaren kontra gogorki solastatu zen, haien izaera nafarra eta espainiarra defendatuz. Ongi iduritzen zait bere proiektua plazaratzea eta defendatzea. Baina Pedro Sanchez ondoan zuela, argudioen besta horretan… atx! belarrietan adina samin, bihotzean sentitu nuen. Hitz batek belarriak eta bihotza zulatu zizkidan: “Euskara… Euskara… Euskara”.

Euskara hitza behin eta berriz erabili zuen gazteleraz ari zen mingainak. Bere idurikoz, Euskara Nafarroan gainbaloratua omen dago, eta euskalduna ez dena lanpostu publikoetatik kanpo gelditzen hasia omen da gobernu berri honekin. Argudio beretsua erabili zuen UPNko Iñaki Iriartek ere, idatzi batean: “Euskara ikasi dutenek ezin dute hezkuntzan,lanbide publikoan edo diru publikoaren banaketan lehentasunik izan”.

Ez dakit nola biziraunen duen gure hizkuntza ttipi honek leku publikoetan tokirik ez badu, edo etxerat irratiaren edo telebistaren bidez sartzerik ez baldin badu. Oroitarazi nahi dizuet, murrizketak aitzakia hartuta, sosik gabe utzi zenituztela euskaraz mintzo diren komunikabideak eta haietako bat, Euskalerria irratia, urte luzez lizentziarik gabe. Berriki artio, Nafarroako Unibertsitate Publikoaren kredituen %20 egin zitekeela bakarrik euskaraz. Ia ingelesaren pareko proportzioan; kredituen %18 eskaintzen baitzuen ingelesez NUPek.

Igual-iguala pasatzen da oraindik ere administrazio publikoan; gazteleraz gure beharrak asetzeko ez dugu inongo problemarik izaten, baina euskaraz aritzeko ezintasuna agerikoa da egunerokotasunean. Paper administratibo bat betetzerakoan, medikuarenerat joaterakoan… Ezin gara euskaraz aritu eta beraz, ezin gara normaltasunez euskaraz bizi. Iduritzen zait, euskara bigarren mailako hizkuntza bihurtu nahian zabiltzatela. Etxeko hizkuntza edo menditarren hizkuntza bihurtu nahian, edo makurragoa dena oraindik, folklore hila bihurtu nahian. Kristalezko kutxa batean izandakoaren azken aztarnak sartu eta museo batean zokoratu nahian. Gorroto duzuena, maita dezakezue? Nola idurikatzen duzue zuena ere badela diozuen euskararen etorkizuna, kalean eta administrazio publikoan lekua ukatuz? Harrigarria bezain mingarria zait nola zabiltzaten azken aldian euskararen kontrako argudioetan tematuak zuen identitatea defendatzeko.

Guk ez dugu deus inposatu nahi; euskaraz bizi nahi dugu, bertzerik ez. Beraz, ez zaitezte arrangura eta saiatu zuen asmoa bertze argudio batzuekin defendatzen. Zuen mingainetan ez ezik, zuen xilkorat begira egoten diren begi gorrituetan gorrotoa nabarmentzen da. Kezkatzeko moduko gorrotoa. Ana Beltranen sindromea hedatzen ari ote da? Espero dut ezetz.